Espainiako Kongresuak onetsi du gobernuak sarea kontrolatzea

PPk eta C's-ek PSOEren dekretua babestu dute, eta abstenitu egin da Unidas Podemos. Kataluniako «errepublika digitala etetea» da asmoa

Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorraren bilkura, atzo. EMILIO NARANJO / EFE.
jon olano
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak edozein jarduera edo komunikazio elektroniko bere gain hartu edo itxi dezake, urgentziaz, webgune edo zerbitzu digital hori ordena publikoaren aurka egiteko erabil daitekeela edota kalte ekonomikoak eragiten dituela argudiatuta. Horretarako, gobernuak ez du beharrezkoa izango epaile baten baimena; orain arte, behar zuen. 14/2019 lege dekretua Pedro Sanchezen gobernuak onartu zuen, urriaren 31n, baina, dekretua izanik, 30 eguneko epea zuen Espainiako Kongresuaren oniritzia jasotzeko.

Atzo, Kongresuko Diputazio Iraunkorrak eman zion baiezkoa testuari, PSOEren, PPren eta Ciudadanosen babesarekin. Ana Vazquez PPko diputatuak azaldu zuen «errepublika katalan digitala geldiarazteko» asmoarekin bat datorrela, baina ez zaio «duina» iruditzen PPk PSOEren dekretua babestu behar izatea sozialistek «independentistekin» gobernu akordioa egiten duten bitartean.

Unidas Podemosek abstentziora jo zuen, eta ez ezezkora, jarduneko gobernua prest agertu zelako koalizioak dekretuarentzat proposatutako aldaketa batzuk egiteko. Halere, abstentzioak haserrea piztu zuen Podemosen ildo antikapitalistan, eta, sare sozialetan, «lotsagarritzat» jo zuen Unidas Podemosen abstentzioa.

EAJk, EH Bilduk eta Kataluniako alderdi independentistek, berriz, ezezko botoa eman zioten arauari. Mikel Legarda EAJko diputatuaren ustez, dekretua erkidegoen administrazioekiko «esku hartze bat» da, eta egoera «zuzentzeko» eskatu zion Pedro Sanchezen gobernuari. Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak, ordea, eskatu zuen gauzei «beren izenez» deitzeko: «Mozal legea teknologia berrietara zabaltzea da hau». Aizpuruak uste du «edozer gauza mehatxutzat jo» daitekeela aurrerantzean. Ildo horretan, Kataluniako Generalitateko Politika Digital eta Administrazio Publikorako kontseilariak salatu zuen dekretuak «salbuespen egoera digital» bat ezartzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.