Euskarabideak 7,8 milioi izango ditu aurten, iaz baino %6 gehiago

Euskara sustatzeko laguntza nagusiak bere horretan geratuko dira. Genero indarkeriari aurre egiteko neurri batzuetan diru saila jaitsi dute

Iragan astean bildu zen Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseilua. GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Abenduaren 18an Nafarroako Gobernuak aurtengo aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu zien komunikabideei. Bi hilabeteko bide luzea geratzen zaio, baina lehen proposamen horrek letra txiki ugari du. Duela bi aste, departamendu bakoitzaren zifra nagusiak aurkeztu zituen, bainadepartamendu bakoitzaren diru sailak banaka aztertuz gero, ñabardura ugari ditu lehen bertsioak. Adibidez, Euskarabideak 7,8 milioiko aurrekontua izango du, iazkoa baino 442.000 euro (%6) gehiago. Hala ere, euskararen sustapenerako laguntza nagusiak bere horretan geratuko dira: komunikabideen laguntzak 680.000 euro, pertsona helduen alfabetatzeak 900.000 edo udal arloko laguntzak 750.000 euro.

Berdintasunaren arloan ere aldaketa txiki adierazgarri batzuk daude. Nafarroako Berdintasunaren Institutuak 4,25 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino %7 gutxiago. Administrazio arloko aurrekontua %47 handituko da, baina genero berdintasunerako jarduerak eta genero indarkeriari aurre egiteko neurriak %9 eta %23 murriztea proposatu dute, hurrenez hurren. Adibidez, baliteke genero indarkeriaren arreta osorako taldeen aurrekontua 300.000 euro jaistea.

Zorraren zama, leuntzen

Urtetik urtera finantza gastuen zama leunduz badoa ere, oraindik handia da. Adibidez, zor publikoaren interesetan eta epe luzeko maileguen interesetan 63,5 milioi ordainduko ditu Nafarroak, aurten baino 2,2 milioi gutxiago. 289 milioi euro amortizatzeko asmoa du. Estatuari, berriz, 585 milioi euro pagatzea du aurreikusita, hurrengo bost urteetarako ekarpenaren kalkulua hitzartzeko zain. Itzalpeko bidesariek ere lorratz handia dute oraindik orain: Nafarroako Ubidearen kanona 28,9 milioi kostatuko da; Bideko Autobidea 50,6 milioi eta Pirinioetakoak 19,6 milioi.

Gobernuaren erronken artean lurralde kohesioa badago ere, udal administrazioei inbertsioetarako kapital transferentzia murriztea proposatu du: 22,4 milioi gutxiago. Dena den, gastu arrunterako transferentzia 7 milioi euro pasa hobetuko da.

Beste departamendu batzuetan esfortzua handitu egin dute. Adibidez, Hezkuntzan 11 milioi handituko da (%1,6), eta hortik kanpo utzi behar da unibertsitateen saila, legealdi honetan departamendu berri batean egituratuta baitago —NUPek, kasurako, 66,1 milioi izango ditu, iaz baino 6,3 milioi gehiago—. Hezkuntzan, lanbide heziketaren finantzaketa bikoiztu egingo da (3,8 milioi denera), eta departamenduko langileen ordainsarietan 44 milioi gehiago jarriko dira. Bekek, aldiz, bi milioiko murrizketa izango dute,eta itunpeko ikastetxeei 5,4 milioi gehiago ordainduko zaie. Ia 20 milioi euroren inbertsioak daude aurreikusita.

Osasun sailak 75,6 milioi euro gehiago izango ditu: Nafarroako Ospitale Guneak 26,7 milioi euro gehiago izango ditu, Tuterako osasun guneak 9,7 milioi gehiago, eta Lizarrakoak 4,1 milioi gehiago. Erietxe pribatuekin 75,8 milioi euroko hitzarmenak daude jasota, iaz baino 9,3 milioi gehiago.

Garapen Ekonomiko sailak 83 milioi euroko aurrekontua du, horietatik ia erdia (38,9 milioi) industria politikak, enpresen nazioarteratzea edo espezializazio adimentsuko lurralde estrategia garatzeko. Gainera, lehen aldiz, eraldatze digitalak eta ikerketa eta garapenak sail propioa dute: lehenak 35 milioiko aurrekontua du eta bigarrenak, 20 milioikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.