Torturak ikertzeko konpromisoa eskatu diote parlamentuari

Nafarroako Legebiltzarreko presidentearekin batzartu da Nafarroako Torturatuen Sarea. Ikerketari bidea emateko prest azaldu da Hualde

Ataun, Gorostiaga eta Araguas, atzo, parlamentuaren atarian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Zurian beltz jarri nahi dituzte Nafarroako tortura kasuak. Ikerketa «zientifiko, profesional eta independente bat», urteetako opakutasunari aurre egiteko. Nafarroako Torturatuen Sareak eskaera zuzena egin die herrialdeko erakundeetako agintariei: iragan otsailaren 13an, bilera ofiziala eskatu zion Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteari eta Maria Txibite lehendakariari. Lehenak baiezkoa eman du; bigarrenak ez du erantzun, oraingoz.

Hualderekin batzartu ziren atzo, parlamentuan. Oihan Ataun, Marilo Gorostiaga eta Iker Araguasek hartu zuten hitza, Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean. Parlamentuko buruari esan diote erakundeek «zor handi bat» dutela tortura sufritu duten milatik gora nafarrekin eta haien senide nahiz lagunekin. «Egia, aitortza eta ordaina behar ditugu; gertatu dena argitzea zor diegu hurrengo belaunaldiei».

Zehazki, 1960. eta 1978. urteen arteko tortura eta tratu txarrei buruz Kriminologiaren Euskal Institutuak eginiko ikerketa proiektuan azaltzen diren ondorio eta gomendioak aintzat hartzea galdegin dute Ataunek, Gorostiagak eta Araguasek. Are: ikerketa hori osatu eta 2014. urte arteko kasu guztiak aintzat hartzeko eskatu diote Hualderi.

Bitartekaritza eta lan saioa

Nafarroako Torturatuen Sareko kideak «pozik» atera dira bileratik, eta nabarmendu dute parlamentuko presidenteak bere egin dituela «hainbat konpromiso»; besteak beste, «1960. eta 2014. urteen arteko tortura kasuak argitzeko ikerketa proiektuari bultzada ematea» eta «bitartekari lana» egitea Maria Txibite lehendakariarekin, torturatuen sareak otsailean eginiko bilera eskaerari erantzun bat eman diezaion.

Bi neurri jakin ere hartuko ditu parlamentuak, datozen hilabeteetan: batetik, lan saio bat eginen dute Nafarroako Torturatuen Sarearekin ekainean; bestalde, adierazpen instituzionala aurkeztu eta eztabaidatuko dute, «tortura kasu guztiak argitzeko beharra» azpimarratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.