Enekuriko okupatzaileek «mehatxuak» salatu dituzte

Jabeak salaketa jarri du. Bilboko Okupazio Bulegoa: «Interes politiko eta ekonomikoak daude okupazioaren kontrako kanpainaren atzean»

Bilboko Okupazio Bulegoko kideak, atzoko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Egunotan zeresan handia eman du duela aste batzuk gazte batzuek Enekurin (Erandio, Bizkaia) okupatutako etxebizitzaren auziak. Joan den astean, gazteek ohartarazi zuten ustez jabeak bidalitako pertsona batzuk ari zirela etxebizitzaren inguruan okupatzaileak kikildu nahian; bestalde, zenbait hedabidek oihartzun handia eman diote okupazioari, eta, okupatzaileen ustez, baita zuzenak ez diren zenbait datu plazaratu ere. Hori dela eta, Bilboko Okupazio Bulegoak agerraldia egin zuen atzo etxearen aurrean, eta berretsi zuen «mehatxuak eta hertsatze saioak» izan dituztela.

Okupazio Bulegoak nabarmendu du mehatxuak eta indarkeria erabiltzea ez direla bide egokiak horrelako arazoak konpontzeko: «Orain, jabeak salaketa jarri du; hasiera-hasieratik auzitara jo izan balu jazartzeari ekin beharrean, orain berdin-berdin egongo litzateke, baina diru gehiago eta arazo gutxiago izango lituzke».

Bulegoko abokatuak gogorarazi du inori jazartzea eta mehatxu egitea okupatzea baino delitu larriagoa dela, eta hizpidera ekarri du desokupatze zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen jarduna: «Horrek ez du funtzionatzen; ez da egia bide hori azkarra eta segurua dela».

«Asmatutako errealitatea»

Bilboko Okupazio Bulegoaren aburuz, aspaldi honetan bolo-bolo dabiltza hedabideetan okupazioaren inguruko albisteak, eta «asmatutako errealitatea» zabaltzen ari dira horien bidez: «Okupazioen %95 banku, inbertsio funts eta jabe handien etxebizitza hutsenak izaten dira. Ez dago norberaren etxea okupatua izateko benetako arriskurik».

Bulegoaren ustez, okupazioaren kontrako kanpaina horren atzean «interes ekonomikoak eta politikoak» daude: alde batetik, segurtasun arloko enpresek «beldurra» hedatu nahi dute, eta, beste alde batetik, «elite ekonomikoek» aldaketak sartu nahi dituzte legerian, «COVID-19aren krisiaren ondorioz etxegabetzeen igoera aurreikusten dutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.