Austriako kantziler berriak Kurzekin «estuki» lan egiteko asmoa du

Asteburuko dimisioaren ostean, Schallenbergek gobernuburu kargua hartu du. Oposizioak dio haren aurrekoaren «txotxongilo bat» dela

Alexander Schallenberg Austriako kantzilerra, atzoko agerraldiaren aurretik, Vienan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
ander perez zala
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Austriako kantziler kargua hartu eta berehala emandako diskurtsoan, atzo, Alexander Schallenbergek argi utzi zuen ez duela asmorik gobernuaren orain arteko bidetik aldentzeko, eta «estuki» lan egingo duela haren aurrekoarekin, Sebastian Kurzekindimisioa eman du ikerketa bat dela eta. Hala, gobernuburu berriak helburu bat lehenetsi du datozen asteetarako: ahalik eta azkarren amaitzea egunotako krisi politikoa.

Iragan asteazkenean, ustelkeriaren kontrako Vienako fiskaltzak ohar baten bidez jakinarazi zuen Kurz eta beste bederatzi lagun ikerketapean daudela, eta horrek desegonkortasun politiko handia sortu zuen berriz ere Europa erdialdeko herrialdean. Gerora, Poliziak hainbat miaketa egin zituen, besteak beste, OVP Austriako Alderdi Popularraren egoitzan.

Fiskaltzaren susmoen arabera, 2016tik 2018ra bitartean Finantza Ministerioak dirua eman zion egunkari bati, iragan larunbatera arte kantziler zenaren eta OVPren aldeko inkestak kalera zitzan. Zehazki, fiskaltzak ustelkeria, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta eroskeria leporatuta abiatu ditu ikerketak, eta horrek OVPren koaliziokide Berdeen haserrea eragin zuen; Kurzek errugabea dela dioen arren, ekologistek kantziler zenaren dimisioa eskatu zuten, eta oposizioko alderdiek zentsura mozio bat iragarri zuten gaurko.

Azkenean, alderdiko barne presioen ondorioz eta bozketa hori eragozteko helburuarekin, Kurzek dimisioa eman zuen iragan larunbatean. Hori bai,OVPren buruzagi izango da oraindik ere, baita Kontseilu Nazionaleko —behe ganberako— diputatu eta talde parlamentarioko presidente ere.

Akusazio «faltsuak»

Gertakari horiez, orain arte Atzerri ministro zen Schallenbergek adierazi zuen akusazioak «faltsuak» direla, eta «konbentzituta» dagoela «edukirik gabe» geratuko direla. Bien bitartean, «erantzukizuna eta egonkortasuna ekarriko ditu» gobernura, azaldu zuenez.

Austriako gobernuburuaren adierazpenek, ordea, ez dute arrazoirik eman oposizioko alderdiak pozteko, Kurzen «txotxongiloa» izatea leporatu baitiote Schallenbergi, haren aurrekoaren «itzaleko kantziler» gisa arituko dela argudiatuta: «Oposizioko alderdi guztiak bat datoz esatean ez dela aldaketarik izan Kurz sisteman. Hariak bere eskuetan ditu oraindik, eta Schallenberg kantziler aukeratu izana Kurz sistemaren parte da», adierazi zion SPO Austriako Alderdi Sozialdemokratako diputatu Kai Jan Krainerrek ORF irratiari.

Akusazio horiez jakitun dagoela, Austriako presidente Alexander Van der Bellenek etxeko lanak eman dizkio kantziler berriari, kargua hartzeko ekitaldian: «Gobernu berriak erantzukizun handia du: ez soilik proiektuekin era arrakastatsuan jarraitzea, baita herritarrek politikarekiko duten konfiantza berreskuratzea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.