Zaintzaile ez-profesionalek Gizarte Segurantzan kotizatu ahal izango dute

Zaintzaileek mendekotasun maila bat aitortua dutenen senideak izan behar dute. Espainiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen horren berri

Carmen Monton Espainiako Osasun ministroaren agerraldia, atzo, Kongresuko Osasun Batzordean. CHEMA MOYA / EFE.
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Mendekotasun mailaren bat aitortua duten senideen zaintzaile ez-profesionalei Gizarte Segurantzan kotizatzeko eskubidea emango die berriro Espainiako Gobernuak, Carmen Monton Osasun ministroak atzo Kongresuan jakinarazi zuenez. Eskubide hori duela urte batzuk aitortu zuen gobernuak, baina bazterrean utzi zuen PPk. Montonek berriz hartzea erabaki du orain. Era berean, iragarri zuen neurri sorta bat lantzen ari direla osasun eskubideak eta gizarte zerbitzuak berreskuratzeko. Adierazi zuen, adibidez, «datozen asteetan» onartuko dutela osasun arretaren unibertsalizazioa berrezartzeko dekretua. Botiken berrordainketa ere aipatu du Montonek:sendagaiak berriz ordaintzeko sistema bertan behera utziko du, diru sarrera txikienak jasotzen dituzten pentsiodunengandik hasita.

Urte honen amaieran berrezarri nahi diete profesionalak ez diren zaintzaileei kotizatzeko eskubidea; hala, zaintza lana dela aitortuko du gobernuak. Zaintzaile horien %90 emakumezkoak dira, eta neurri horrekin 180.000 izango dira onuradunak. Montonek gaineratu du asmoa duela 2019. urterako familia ahulenei laguntza eskaintzeko estrategia bat garatzeko.

Eskaera homeopatiaz

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari eskatuko dio produktu homeopatikoak botikatzat gehiago ez hartzeko. Carmen Montonek froga zientifikoen aldeko jarrera irmoa erakutsi du, eta gaineratu du homeopatiak ez duela sendatzen. Adierazpen horrekin batera, sendagaien merkatuan «ordena» jarriko duela esan du, eta giza osasunerako baliogarriak diren botiken baldintzak erregulatuko dituela.

Horrela, ministroak adierazi du beharrezkoak diren «legezko mekanismo guztiak» martxan jarriko dituela merkatuan soilik botika baimenduak egon daitezen, eta ez du baztertu zigorrak jartzea legea betetzen ez duten horiei aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.