«Orain ezin dugu etorkizuna aurreikusi lehen bezala»

Gizartea heterogeneoagoa bihurtu izanaren ondorioez ohartarazi nahi du Subiratsek; espazio publikoak segmentatu egin direla dio. Turismoak Bartzelonan eragindako aldaketak aztergai interesgarria direla uste du.

Donostia
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Zientzia Politikoetako katedraduna da Joan Subirats (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1951). Urte luzez izan da irakasle Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Egun, Bartzelonako udal gobernuko kultur ordezkaria da. Herriak eta kaleak gizarteak eraikitzeko plazak EHUko udako ikastaroan hitzaldia eman zuen.

Mundua lauagoa baina aldi berean puntazorrotzagoa bihurtu dela diozu...

Lehen, aukerak oso desberdinak ziren hirian edo herrian bizi zirenentzat. Hirietan biltzen ziren aukera guztiak, eta herriak bereiz geratzen ziren. Aldiz, orain, globalizazioarengatik, distantziak ez du garrantzirik, eta edonondik egin daitezke jarduera berberak. Badirudi mundua lauagoa dela. Baina, aldi berean, mundu lau horrek puntak ditu: hiri globalak deritzotenak dira. Pertsonen arteko eraginak gune horietan inon baino aukera gehiago egotea sortzen du. Gertutasunak balio erantsia sortzen du.

Hari horretatik tiraka, gizartea heterogeneoagoa da. Nola eragiten du espazio publikoak indibidualizazioan?

Espazio publikoa segmentatzen ari da. Bartzelonaren kasuan, mugikortasunerako egitura indibidualizatuen pizte bat egon da: patinete elektrikoak, bizikletak, motorrak... Eta, lehen, horren ordez autoa edo garraio publikoa erabiltzen zen. Horregatik, garraio mota bakoitzak bere lekua du espazioan. Indibidualizazioaren beste adibide bat da. Plaza publikoetan horixe gertatu da. Lehen, umeak plazan jolasten ziren; orain, plazak segmentatuta daude, bereziki umeentzat diren lekuak baitaude. Uste dut espazioak era heterogeneoagoan erabiltzen ditugula, eta, ondorioz, segmentatu egin direla.

Sozializaziorako espazioak ere aldatu egin dira?

Bai, berriro ere indibidualizaziora jo dugulako. Orain ezin dugu etorkizuna aurreikusi lehen bezala. Hau da, lehen, modu naturalago eta bateratuago batean gertatzen zen balioen eraikuntza. Egun, egoerak heterogeneoak dira, eta, beraz, zure bizi ibilbidea eta zure bizilagunarena oso desberdinak dira. Ezegonkortasuna da nagusi gure bizitzetan; ezjakintasuna. Halere, pertsona batzuek zortea izaten dute, eta ingurumen eta familia egonkor batean bizi dira. Aukera hori dutenek, nolabait, bizitzarako motxila beteago bat dute besteen aldean.

Hezkuntzak zer paper du ezegonkortasun horren aurka?

Hezkuntza maila altua duten pertsonek hobeto egiten dute igeri konplexutasunen itsaso horretan; euren flotagailua da hezkuntza maila. Horren bitartez lortzen dute aldaketetara hobeto moldatzea. Aldiz, hezkuntza mugatuagoa dutenek moldatzeko gaitasun txikiagoa dute. Nik uste dut hezkuntza dela oraindik ere pertsonen egokitzapena errazteko tresna nagusia.

Nola aldatu beharko luke hezkuntza sistemak gaurko mundura egokitzeko?

Esan bezala, aurreikusi ezin diren aldaketen aurrean moldaerrazagoak izaten erakutsiko digun hezkuntza bat behar dugu. Aurrean dugun etorkizuna ez da ziurra, eta, beraz, heziketa horrek aurreikusi beharko luke etorkizunean biziko dugun egoeraezegonkorra izango dela. Sortzaileak izaten lagundu behar digu, taldean lan egiten, erakutsi behar digu egoera zailetan irtenbideak bilatzen... Ezin dugu abiatu analisirako eskema zurrunetatik, oraindik egiten dugun bezala.

Bestalde, Bartzelonakoa izanda, eta areago orain udal gobernuan egonda, gertutik biziduzu hiriaren turistifikazio prozesua. Zertan da egoera gaur egun?

Bartzelona oso hiri erakargarria da, eta horrek abantaila batzuk ditu ekonomikoki. Arazoa da turismoa hiriko gune batzuetan biltzen dela. Batzuek turismoaren onurak jasotzen dituzte, baina beste batzuek soilik kostuak; ez da simetrikoa kostu eta irabazien arteko banaketa.

Zer arazo daude turismo handiko guneetan?

Bereziki, bi dira: alokairuen prezio garestiak eta denda motak. Parketematizazio deitzen dioten prozesu bat dago: eremu horietan, turistentzat pentsatutako objektuak soilik saltzen dira, eta ez esne botilak eta patata poltsak, adibidez.

Nola konpon daiteke hori?

Udala aztertzen ari da turismoaren kalteak nola murriztu. Bi helburu ditu. Batetik, tasa turistiko bat erabiltzea, arazo horiek sortzen dituzten kalteak orekatzeko, eta, bestetik, Airbnb eta halako etxebizitza sareek sortzen dituzten inpaktuak murriztea: etxebizitza ilegalen jarraipena eginez, hotelen kopurua kontrolatuz... Alegia, prozesu horren ondorio negatiboak saihestuko dituen politiketan ari gara lanean,eta nik uste dut benetako ahalegina egiten ari garela.

Nola aldatu da Bartzelona marka bat bihurtu zenetik?

Nik esango nuke hiriak nahiko ondo eutsi diela bere bizi konstanteei. Halere, gaia bereziki sentikorra da hiriko eremu batzuetan; auzo gotikoan, adibidez, turismoaren ondorioak askoz gehiago jasaten ari dira. Jakina da Bartzelonan aldaketa handi bat egon dela; batez ere, plataforma digitalen eraginez [Uber, Airbnb, Cabify...]. Horregatik, garrantzitsua da instituzioen esku hartzea, eta argi dago hiriek ez dutela lege baliabide nahikorik turistifikazio horri erantzuteko, baliabideak estatuaren edo autonomia erkidegoaren esku baitaude.

Zenbat eragin du turismoaren gailentze horrek etxebizitzen prezioan?

Asko. Pentsa, beste hiri turistiko batzuetan, besteak beste Amsterdamen, Parisen eta Berlinen, etxebizitzen %15-30 publikoak dira. Bartzelonan, aldiz, soilik %1,5. Horregatik, askoz handiagoak dira Bartzelonan higiezinen merkatuak izandako ondorioak eta alokairuen prezio igoera beste hirietan baino. Hori orekatzea lortu behar dugu da orain, etxebizitza publikoen eraikuntza bultzatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.