Biktor Galarza. Hiru sindikatuko idazkari teknikoa

«Garraiolaritzak galdu egin du lehen zuen duintasun guztia»

Garraiolarien egoerak okerrera egin zuen krisiaren eraginez. Egun, N-1 errepideko ordainsariek, 'dumping'-ak eta dieselaren prezioak kezkatzen ditu, eta sektorea arautzeko eskatzen diete erakundeei.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Paulo Ostolaza.
Oiartzun
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Eraberritu egin dute Euskal Herriko garraiolarien Hiru sindikatuaren irudia, eta garai berri honen aurpegi nagusia da Biktor Galarza (Larrabetzu, Bizkaia, 1959). Ez dira garai errazak garraiolarientzat.

Hiruk irudi eta komunikazio estrategia berria dauka. Zer helburu ditu aldaketa horrek?

Nahi duguna da sektorea eta sindikatua indartzea. Gure etorkizunaz gogoeta egiteko beharra genuen, inflexio puntu batera heldu ginen. Hasi ginen galdezka gure jendeari, gure garraiolariei, gure langileei eta gure sindikatukoak ez ziren garraiolariei, jakiteko zelan ikusten zituzten sindikatua eta sektorea. Egin genuen hausnarketa bat, eta hau izan da emaitza: irudi aldaketa eta komunikazio estrategia berria. Ikusiko dugu fruiturik ematen duen ala ez, baina bultzada bat eman nahi diogu garraiolarion sindikalismoari. Hiru sindikatuan beti esan izan dugu jorratzeko bi eremu nagusi ditugula. Alde batetik, sindikalismoa; eskaerak entzun, eta, ahal dugun neurrian, lan sindikala egitea. Bestetik, zerbitzu duinak eta onak ematea gure afiliatuei, haientzat izugarrizko laguntza baita aurrera jarraitu ahal izateko.

Zein da sindikatuaren egungo egoera?

Gure afiliatuek argi utzi ziguten gure lana beharrezkoa dela. Dena den, kezkatzen gaituzte sektorearen atomizazioak eta afiliatuen adinak —batez bestekoa 55 urteren inguruan dabil—. Errazagoa da langileak antolatzea fabrika batean. Gu autonomoak gara.

Gipuzkoako Aldundiak N-1 errepidean garraiolarioi ezarritako bidesarien inguruko borroka daorain duzuen erronka nagusienetako bat. Nola eragiten dizue gai horrek?

Lehenik, historia apur bat egin beharko litzateke. Zortzi urte daramatzagu bidesari horren kontra lanean. Aldaketa batzuk izan dira; adibidez, auzitegiek aurretik —2018 hasieratik— jarrita zegoen arauaren aurka egin zuten ebazpenaren errekurtsoa eginda dago, eta ez dakigu zer gertatuko den horrekin. Orain martxan dagoen arauaren kaltetu nagusiak bertako garraiolariok gara. Lehen ordaintzen zen kanona baino %117 gehiago ordaintzen dugu orain[0,69 eurotik 1,50era igo dute Andoaingo zatia]. Argi dago N-1eko tarte horretatik gu pasatzen garela gehien, eta, beraz, guk ordaintzen dugula gehien. Egunean lauzpabost aldiz igarotzen gara hortik, eta kanpotik datozenak, astean behin.

Ezinbestekoa da N-1a erabiltzea garraiolariontzat?

Bai, guretzat eta beste edonorentzat. Hor daude dendak, tailerrak,gasolindegiak, dauden gelditzeko gune apurrak... Nahitaez erabili behar dugu. Beraz, garraiolariok soilik ordaintzen dugun kanon bat jartzea ez da batere justua.

Kanon hori arrazoitzeko, aldundiak dio zuek zaretela errepide hori gehien hondatzen dutenak eta ezin dela diru publikoz ordaindu zuen lan tresna.

Betiko eztabaida da. Erabiltzaileak ordaindu behar badu, beste arlo batzuetara joanda ere koordainketan sartuko ginateke. Hemen esaten duguna zera da: gizarte batek azpiegitura bat behar badu bere garapenerako, gizarte horrek ordaindu beharko du, zergen bitartez. Gehien duenak gehien ordain dezala. Ez da legezkoa, ezta zilegia ere, gizarte horretako sektore batek azpiegitura hori ordaindu behar izatea erabiltzeko beharra duelako, eta besteek ez. Guk ordaintzen dugu zergen bitartez eta kanonaren bitartez, eta, horretaz gain, gasolinaren zerga berezia ere badugu. Beraz, kaltetuenak geu gara.

Salaketarik jarri duzue edo jartzeko asmorik duzue?

Ez dugu auzitara jo, baina kexa bat bidali genion arartekoari, esanez injustua dela neurria eta ez dugula zilegi ikusten garraiolariok soilik ordaintzea.

Krisiak ondorio larriak izan ditu garraiolarientzat. Asko jaitsi da garraiolari kopurua, kanpoko enpresak sartu dira, dumping-a, kooperatiba faltsuak... Nola egiten zaio aurre horri?

Lehen bezala edo okerrago dago egoera: geroz eta dumping gehiago dago, geroz eta intrusismo gehiago. Sektorea erregulatzeko eskatzen diogu behin eta berriz administrazioari, eta ez dute ezer egiten. Ulertzen dugu ez daudela hemen garraioari dagozkion eskumenak. Horregatik, lehen pausoa Madrildik eskumenak hona ekartzea da, eta, ondoren, sektorea arautzea. Gu prest gaude berba egiteko, erregularizazio horretan parte hartzeko... baina, antza denez, ez dute horretaz ezer jakin nahi.

Sektorean prekaritatea geroz eta nabariagoa dela salatzen duzue.

Lehen duintasunez inguratuta zegoen lanbide batek, gaur egun hori dena galduta dauka. Heltzen azkenak gara leku guztietan. Biltegietan, haiek kostuak aurrezteko, guk betetzen ditugu haien ardurak; zamalanak, adibidez. Ez hori bakarrik: prezioak geroz eta eskasagoak dira; jendeak geroz eta ordu gehiago lan egin behar ditu negozioa mantentzeko. Arau falta dago eta, hori konpondu ezean, hala segituko du egoerak.

Dieselari zergak igo nahi dizkiote. Asko baldintzatuko du horrek zuen jarduna?

Bai. Guk oso zaila izaten dugu gure gastuak fakturara eramatea. Hori bidesariekin ere gertatzen da, normalean geuk ordaintzen baititugu geure poltsikotik; beraz, ez da albiste ona guretzat. Zer gertatuko den? Batzuk desagertu egingo direla eta beste batzuek penaz jarraituko dugula. Gure lana da hori salatzea eta aurre egitea. Ahaleginduko gara, baina ez dakigu zer neurritaraino lortuko dugun. Egoera eskasean utziko ditu garraiolari asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.