Hamasei urtean %2 jaitsi dira minbiziak eragindako heriotzak gizonezkoetan

Jaurlaritzako datuen arabera, andreetan txikiagoa da jaitsiera: %0,2koa. Tabakoaren inpaktua gogoratu dute: minbizi eragile nagusia da

Ikertzen segitu beharra nabarmendu du Jaurlaritzak; Donostiako Onkologikoa, artxiboko irudi batean. J. URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Apurka agertzen ari dira minbiziari buruzko ikerketetan eta tratamenduetan egindako aurrerapenen emaitzak, baina astiro. Eusko Jaurlaritzak atzo emandako datuen arabera —gaur da minbiziaren aurkako eguna—, gaixotasunak eragindako heriotza tasak behera egin du 2001etik 2017ra. Batez ere, gizonezkoen artean gertatu da jaitsiera, %2koa: 2001. urtean, 100.000 biztanleko ia 429 gizon zendu ziren, eta 2017an, 363. Emakumeen artean, berriz, txikiagoa da jaitsiera, %0,2koa: orain ia hogei urte,100.000 biztanleko 177 andre hil ziren, eta 2017an, 164.

Halere, minbizi motaren araberakoa da heriotza tasa. Gizonetan, nabarmen jaitsi da laringe, esofago, aho, urdail, birika, prostata eta koloneko minbizietan, baina igo egin da mesoteliometan —nerbio sistema zentralekoak—, leuzemietan, eta pankreako eta gibeleko gaitzetan. Emakumeetan, berriz, datuak hobetu dira urdaileko eta besikulako minbizietan, baina okerrera egin dute birikako, aho eta faringeko, eta pankreako minbizi diagnostikoetan.

Bilakaera hori ontzat jo du Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak, baina nabarmendu du heriotza tasa murrizten jarraitzen saiatu behar dela; ezinbesteko jo du ikerketa, eta hortik ateratako ezagutzak jardun klinikora eramatea. Era berean, prebentzioaren garrantzia ekarri du gogora, eta propio aipatu du tabakoaren kontsumoa gutxitu beharra: «Minbiziaren eragile nagusia da, eta gaixotasun horren ondoriozko hamar heriotzatik ia hiru eragiten ditu». Antzera mintzatu da Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea, Gasteizen aurkeztutako txosten baten harira: «Tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa eta loditasuna desagerraraziz gero, minbizien %40 saihetsiko lirateke. Bizi ohitura osasuntsuen bidez prebeni daitezke».

Prebentzioaren alde

Hain justu, eskaera hori egin dio Nafarroako Parlamentuak gobernuari: «Lan egin dezala gizartean ohitura osasuntsuak sustatzeko eta arriskuak saihesteko: hala nola tabakoa, alkohola eta loditasuna, edota lanean edo ingurumenean minbizia eragiten duten substantziekiko esposizioa». Desberdintasun sozial eta ekonomikoek eritasunean eragina dutela gogoratu du legebiltzarrak, eta berdintasuna galdegin du bahetze programetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.