Noiz sortua: 2020-06-24 00:30:00

Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Mikel Hiribarren. Itsasuko hautagai abertzalea

«Nekea da hemengo batzuentzat beren izatea asumitzea»

Euskaltasuna herriko etxearen hari eramaile izan nahiko luke Mikel Hiribarren Itsasuko hautagai abertzaleak. Baina nagusiki euskalduna den herri txiki horretan euskara oraindik gai minbera dela dio.

GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko ekainak 24

Itsasuko (Lapurdi) auzapez izan liteke Mikel Hiribarren (1956, Itsasu). Botoen %34,4 lortuta, bigarren heldu zen herriko bozen lehen itzulian. Aitzinetik izan zuen Jean Paul Ithurburua (%38), orain arteko auzapezaren segida hartu duena; eta gibeletik Louis Ustarroz (%27,7). Bi mila biztanleko herri batean politika egiteko maneraz, abertzaletasunaz eta euskaltasunaz mintzatu da, euskaldunak izateko batzuek duten «nekeari» azalpena eman nahian.

 

43 bozen aldea izan zenuen.

Lehen aldia da hainbeste boz biltzen dugula. Guretzat sorpresa ona izan da. Ez ginen baitezpada prestatuak egoera horretarako.

Ustarrozi luzatu zenioten eskua.

Egin dugu negoziazio txanda pare bat. Aski goxoki pasatu zen. Ez zuten proposamenik, baina haien arrangura zen euskararen gaian urrunxko joaten ginela. Hala ere, bilkura euskaraz egin genuen, itzuliz ez zekienarentzat, gure artean egiten dugun bezala; ez da beti ariketa erraza herri batean. Baina, azkenean, ez zuten elkar atzeman erabakitzeko arrats hartan bertan, konfinamenduaren estakuruz, eta gero ez dute berririk eman bi hilabetez. Berriz agertu dira bozen eguna eman zutenean.

Ustarrozek berak ez zuen batu nahi, baina bere taldeko batzuk prest ziren.

Zenbaitek konprenitua zuten talde gisa geldituz beren alde Ithurburuaren jokoa egiten zutela. Haien helburu nagusia da Ithurburua kentzea. Eta hori da problema. Abertzaleak kapable gara proiektuak muntatzeko; badugu herri asmo bat. Baina horiek ez dute. Bestearen lekua hartzea da helburua. Horren inguruan brikolatzen dute zerbait...

Itsasuk ondoko urteetan izanen duen bilakaera da jokoan. Erran duzu ez zenuela nahi Itsasu «betoiztatu» bat, ez «lo herri» bat, ezta «postal» bat ere.

Eta ez dugu nahi moko finek baliatuko luketen saltegi bat. Hori ere bada. Nola erran nezake... Hemen euskaltasuna aitzinatu da kanpoko presioaren eraginez. Ikastola, orain, herriko hautetsiek goresten dute; baina ez da sortu nahi izan dutelako. Sortu da Kanbokoek ez zutelako handitu nahi berena. Ez zen herriko etxetik baitezpada bultzadarik; kanpotik izan da gehiago. Eta beste urratsak ere, askotan, hizkuntzari buruzkoak konparazione, horrela egin dira. Beti gibelka aitzinatzen da euskalgintzan gure herrietan.

Zuek aitzina egin nahi duzue.

Iruditzen baitzaigu gure herriek hau behar dutela hari eramaile gisa. Eta gero bada «les basques»; hala deitzen gaituzte. Alta, Ithurburua, Ustarroz, euskaldunak dira. Nekea da hemengo batzuentzat beren izatea asumitzea. Bistan dena, Loira eta Sena ibaiak pasatzean, orduan denak kantuz ari dira Oi gu hemen bidean galduak eta istorio. Baina hemen, ez dira gai gure nortasuna lehen lokomotiba gisa ezartzeko. Euskararen alde baino gehiago dira ez euskararen kontra. Alde balira, ez lukete Europako xartaren estakuruan halako zutik jartzerik. Beraiek ere ez dute historia ongi menperatzen. Lehen pentsatzen dut herriko kontseilariak beren artean euskaraz aritzen zirela, bestela ez zuten denek konprenitzen. Inposiblea da. Tribunaletan pasatzen zelarik jende bat, euskal herritar bat, duela berrehun urte, itzultzaile bat behar zuen.

Nola esplikatzen duzu euskaldunak izanik ere halako jarrerak hartzea?

Konprenitzen dut galdera badela, arazoa hor da. Ikusi dut adineko bikote bat, hemengoa, guk konprenitzen ahal genuena, hemen handitu baikara. Hemengo erreferentziak ziren, hemengo euskara. Aipatzen zizkidan nire aitaren harat-honatak kontrabando istorioetan-eta; atseginez ari zen. Ez zuen momentu horretan ene kontra fitsik. Horiek berek badakit ez dutela sekula guri botorik emanen, etiketa eramaten baitugu. Bistan dena, historia berezia izan da hemen. Txomin hemengoa zen. Hori zahar horiek ez dute sekula ahantziko. [1980ko martxoaren 27an hil ziren Txomin Olagarai eta Ramuntxo Arruiz IKko kideak, Baionan; bonba batekin zapartatu ziren].

Ez da besterik?

Aita-amei erran nielarik berriz hartuko nuela etxaldea, ez zen batere hori horrela pentsatua. Egina zen hau finituko balitz bezala. Eta, beraz, urte batzuk izan dira aski nekeak. Etxetik ez nuen jornalik. Haientzat, nekazari etxalde horiek ez zuten segidarik. Etxalde guzietan erakusten zieten ofizio bat beren haurrei; hargintzan, zurgintzan, hau ofizio bat ez balitz bezala. Eta erakutsi diegu. Ene aita duela urte batzuk hila da, eta, bistan dena, aspaldi aldatua zuen ideia. Ikusia zuen bazela bizitzeko moldea. Hizkuntzarekin eta euskaltasunarekin gauza bera da, uste dut. Jendeek sartua dute buruan ez dela hortik biderik. Eta ikaragarriko lan zaila da frogatzea urtez urte, hamarkadaz hamarkada, baietz, aterabidea badela. Gure modeloa hori izan behar dela.

Zuek horretan ari zarete.

Herriko etxera sartuko balitz abertzale zerrenda bat eta frogatuko balu biziak segitzen duela eta azkenean modelo bilakatzen ahal dela atzo etsiz utzia genuen hura, hori aldatzen ahal litzateke. Eta badira elementuak aldatzeko.

Gaur egun bada sekulako dinamika Ipar Euskal Herrian berriz egiteko euskaltasun hori biziaren eragile nagusi. Eta gure herrietako bizia horrek animatzen du. Hemen ez balitz izan abertzale mugimendu hori, herriko plazak ez lirateke orain diren bezalakoak.

Urteak dira abertzaleak bozetara aurkezten direla

Bada gogoeta gai bat. Bada molde bat joateko herriko etxera, erran nahi baitu ez duzula joan nahi ere. Egoten bazara erradikaltasun hutsean, badakizu: gizartea han da eta zu hor zara. Zertarako ez gara entseatu gehiago sartzen? Gero beste gauza bat da sartuz geroz zer egiten den. Badakigu besteekin sartuz usu desagertzen garela abertzale eragile gisa; hori ere ikusten da. Hazparnen, adibidez, Intxausperekin sartu ziren abertzaleak denek ahantziak dituzte.

Zenioen euskaldun anitzek ez zutela zuentzat botorik emanen sekula. Alta, lehen itzulian...

Nonbaitetik atera dira bozkak!

Lerroak mugitzen ari dira?

Nik beti konprenitu dut hemen behar duzula erakutsi kapablea zarela. Eta kapablea izateak erran nahi du beharbada zure zer pertsonaletik hara gai zarela bertzeenaz arduratzeko. Ongizate komunaz. Enetzat, gurearen gisako herri txiki batean, hain segur, badu bere pisua. Izan zaren horrek eta erakutsi duzun horrek. Zerrenda guzietan badira mediku batzuk, irakasle batzuk; horrek ere badu bere pisua. Lehen hemen zerrendak ez ziren egiten medikuekin, baitezpada; egiten ziren auzoz auzo delako nortasun bat zuten jendeekin. Hori egina bazenuen, bazenekien irabazia zenuela aitzinetik. Irabazi badugu aitzineko aldietan baino gehiago, beharbada mesfidantzatik erdi konfiantzara pasatu gara gure aitzineko urteetako bakarkako lanaren eta elkarlanaren medioz.[...] Galtzen badugu, erran nahi du beste behin inertziak irabazi duela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna