Migrazio politika «zentzugabea» dela salatu du Cimade elkarteak

Gero eta okerragoak dira atxikitze zentroetako baldintzak, Hendaiakoak kasu.Espainiako eta Frantziako gobernuen elkarlana salatu dute

Ezkerretik eskuinera, Christophe Desprez, Francisco Sanchez eta Helene Ducarre. M. A. TXOPERENA IRIBARREN.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gero eta etorkin gehiago atxiki, ondotik berriro askatzeko. Edo haien jatorrizko herrira bidali, bertze estatu batean bizitzeko baimena eduki arren. Tartean, atxikitze zentro batean dozenaka egun igarota; Espainiako eta Frantziako indar armatuek elkarlanean atxiloturik; eta baldintza kaskarretan, gizakien «duintasunaren» aurka. Halakoa da gaur egungo migrazio politikaren egunerokoa, etorkinen eskubideen alde aritzen den Cimade elkarteak salatu duenez: «zentzugabea». «Frantziako Gobernuaren helburua zenbakien politika egitea da», Francisco Sanchez elkarteko kideak adierazi duenez. Hau da, ahalik eta atzerritar gehien atxilotu eta atxikitzen dituzte, gobernuak finkaturiko kopurua lortzeko. 2014an, adibidez, 324 lagun atxiki zituzten Hendaiako zentroan (Lapurdi). Eta Frantziak 50.000 pertsona inguru atxikitzen ditu urtero: inguruko gobernuek baino gehiago.

Baldintzak anitz ari dira txartzen, gainera, Cimade elkarteak atzo Baionan salatu zuenez. Urteroko bilana aurkeztu zuen, hain zuzen, eta iazko datuak 2013koak baino okerragoak direla azaleratu. Frantziako Gobernuaren politikek eragina dute okertze horretan, Sanchezek dioenez: politikarien hitzak eta ekintzak kontraerranean daudela, hain zuzen. «Erraten zuten atxikitzea salbuespena izanen zela, eta ez araua. Aurkakoa egiten ari dira: atxikitze zentroetara igortzea bilakatu da araua». Halaber, Chistophe Desprez Cimadeko kide eta abokatuaren arabera, gehiegi erabiltzen den neurria da atxikitzearena, eta dirua ere gero eta gehiago ezartzen dute horretan: «Atxiki eta jatorrizko herrialdera kanporatzeko erabiltzen duten dirua lau aldiz handiagoa da harrera egiteko erabili beharko luketena baino». Kalkulatu dutenez, 8.000 euro behar dituzte pertsona bakoitzaren atxikitze gastuak ordaintzeko.

Espainiaren laguntzarekin

Espainiako indar armatuek ere Frantziako Gobernuaren politika laguntzen dute, Sanchezen hitzetan. Eta gehienetan, modu «zentzugabean», berriro ere. Irunen bizi zen marokoar jatorriko gazte baten adibidea da horren erakusle. Gipuzkoako herri horretan bizitzeko eskubidea izan arren, Guardia Zibilak atxilotu eta Frantziako PAF Aire eta Mugetako Poliziaren esku utzi zuen. «Ez zen lehenago sekula Frantzian egona, baina Frantziara igorri zuten», azaldu du Sanchezek. Cimadek helegitea ezarri eta epaiketa eginda, azkenean, Irunera itzularaztea lortu zuten.

Baina gazte horrena ez da kasu bakana. Izan ere. Helene Ducarre Euskal Herriko Cimadeko lehendakariak ohartarazi duenez, «zigorgabetasuna eta askatasunik eza» handiak dira horrelakoetan, polizia baten eskuetatik bertzera pasatzen direlako atxilotutako pertsonak eta, hala, atxikitze aldiak luzatzen direlako.

Bertze arazo ugari ere ikusten dituzte atxikitze zentroetan Cimadeko kideek; erraterako, gaixotasun larriak dituztenak atxikitzen dituztenean ematen zaien artarik eza. Atxikitze zentro batetik bertzera eramaten dutenik ere bada: hain zuzen, batzuek uko egiten diote jatorrizko herrialdera eramanen dituen hegazkinean igotzeari, eta hartara, berriro eramaten dituzte atxikitze zentro batera. Baina lekuz aldatzen dituzte horrelakoetan: erraterako, Hendaiako zentrotik Baionako espetxera. Horrek atxikitako pertsonaren jarraipena egitea zailtzen die Cimadeko kideei.

Oro har, prozedura guzian konplexutasun handia dagoela gaineratu dute, eta oso zaila dela errefuxiatu estatutua lortzea. Hendaiako atxikitze zentroa ireki zutenetik (2008), bost pertsonak baino ez dute lortu. Aurtengoak dira horietako bi: Kaxmirgo gizon pakistandar bat, eta Txinako Padadong komunitateko emakume bat. Salbuespenak baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.