Espainiako soldata igoera ez da balekoa euskal sindikatuentzat

«Aholku hutsa den itun batek» estatalizazioan eroritako euskal langileei eragin diezaieke. ELAk eta LABek diote ituna ez dela erreferentzia

Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburu, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako sindikatu nagusiek eta patronalak adostu duten soldata igoera orokorra ez da baleko erreferentzia izango euskal negoziazio kolektiboan. ELAk etaLABek osatzen duten gehiengo sindikalak garbi utzi du «aholku baten truke bake soziala» eskaini duen itunak ez duela balio. «Lan prekaritatea bermatu dute, enpresentzat aholku bat baizik ez den zerbaiten truke», esan zuen ELAk, atzo. ELAk uste du CCOOk eta UGTk «arnasa» eman diotela Pedro Sanchezi, «lan erreformari eutsi diezaion». LABek ere garbi utzi du Madrilgo akordioa ez dela inolako erreferentzia izango Euskal Herrian, «hasteko, ez delako normatiboa». CCOO eta UGT, ordea, «Euskadira» ekartzen saiatuko dira.

Sindikatu bi horiek, CEOEk eta Cepymek itun bat egin zuten herenegun, non %2 inguruko soldata igoera orokorra gomendatzen duten; gainera, %1 arteko beste igoera bat lotu zieten enpresen emaitzei, produktibitateari eta absentismoari. Enpresek jarrai dezaketen —ala ez— erreferentzia horiek KPItik kanpo erabaki dira, 2018tik 2020rako tartean. «Islatzen duen eredua oso negatiboa da. Inflazioa %2 inguruan dago ja, eta ontzat jotzen ari dira erosteko ahalmenaren galera ekarriko duen igoera», dio ELAk.

LABek zehaztu du gordina dela itunak islatzen duen 1.000 euroko gutxieneko soldata, eta 880 eurokoa litzatekeela soldata garbia. «Euskal itun gehienetan, kopuru horren gainetik daude soldatak». Hala ere, sindikatu abertzaleak onartu du Madrilgo itunak eragina izan dezakeela baldintzak estatalizaturik dituzten euskal langileen kasuan. «Behargin horien egoera prekarioa ez dute Madrilen konponduko, bertako sektore eta enpresetan adosten diren akordioek baizik».

Eskubide Sozialen Gutuna

Bestalde, ezberdintasun sozialei aurre egiteko herri ekinaldi legegileak aurrera egin dezan, sinadurak biltzeko kanpainari eutsi zioten, atzo, gutuna sustatzen duten eragileek, besteak beste ELA eta LAB sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.