Joseba Madariaga. Laboral Kutxako ikerketa zuzendaria

«Hazkunde handia daukagu zaplastekoa ere handia izan zelako»

Laboral Kutxak %3,1eko hazkundea aurreikusi du Hego Euskal Herrian 2018rako, eta %2,6koa 2019rako. Halaber, espero du 45.000 lanpostu sortzea bi urteotan. Madariagak dio, hala ere, aberastasuna ondo banatzea dela erronka.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Laboral Kutxak baikortasunez begiratzen dio euskal ekonomiaren etorkizunari. Kreditu kooperatibak atzo Bilbon eta Iruñean aurkeztutako txostenak ondorioztatu du hedapen faseak jarraitu egingo duela. Bi zertzeladatan laburtzeko: hazkunde ekonomikoak goian eutsiko dio, eta langabezia %10etik behera jaitsiko da 2019ra bitarte.

Batetik, Hego Euskal Herrian 45.000 lanpostu berri sortuko dira datorren urte amaierarako; bestetik, BPG barne produktu gordina %3,1 haziko da aurten, eta 2019. urtean %2,6. Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa zuzendariak Xabier Egibar negozio garapenaren esparruko zuzendariarekin batera aurkeztu du egoera ekonomikoari buruzko txostena.

Agiriko datuez harago, Pedro Sanchezen azken proposamenaz ere mintzatu da Madariaga, soldata handieneko langileei kotizazio sabaia ezabatzeko aukeraz.

Erabaki horiek politikatik ateratzeko eskatu duzu. Erabaki ekonomikoak ez al dira, preseski, erabaki politikoak?

Esan nahi dut era horretako erabakiak ezin direla aldebakarrekoak izan. Oraingo eta etorkizuneko belaunaldietan eragina izango du; beraz, kontsentsuan oinarritu beharko litzateke; kontsentsu politikoan, jakina, Toledoko Itunean politikariak baitaude.

Onura bezainbeste kalte ikusten dizkiozu proposamenari?

Epe motzeko eraginak hartu behar dira kontuan, baina baita epe ertainekoak ere. Motzera, onurak eta kalteak ditu: kotizazioen goiko muga ezabatuta, Gizarte Segurantzak diru sarrera gehiago izango ditu hilean 3.700 eurotik gora irabazten dutenei esker. Printzipioz, ez da aukera txarra sistemaren 16.000 milioi euroko defizita txikitzeko. Baina kalteak ere izan ditzake epe motzera, enplegua txikitu dezakeelako: enpresariek gainkostu bat izango lukete kotizazioak handituz gero.

Eta epe luzera, zer?

Soldata handienentzat kotizazioak igotzen badira, erretiroa hartzen dutenean, pentsioa ere handiagoa izango dute: kotizazioari sabaia ezabatuz gero, gauza bera egin behar zaio pentsioari. Beraz, Gizarte Segurantzaren gastua handitu egingo litzateke epe ertainera. Gainera, horrek beste eztabaida politiko bat ekarriko luke.

Zer eztabaida politiko?

Pentsioei sabaia ezabatuz gero, desberdintasun handiagoak sortuko lirateke pentsiodunen artean. Horregatik, uste dugu erabaki konplexuak direla, teknikoak, eta kontsentsuz hartu beharrekoak: gaurko langileei eta pentsiodunei ez eze, etorkizunekoei ere eragiten diete.

2015etik 2019ra bost urte dira %3 inguruko hazkundearekin. Ondo aprobetxatzen ari gara hazkunde handi hori?

Hazkunde handia izaten ari da aurretik zaplazteko handi bat jaso dugulako. Segurenik, hainbeste ari gara hazten, jausi ere, oso behera jausi ginelako. Bost urte daramatzagu hazten, baina oraindik dezente daukagu berreskuratzeko, esaterako lan merkatuan.

Zertarako aprobetxatu da, orduan?

Ba, neurri batean, garbiketa egin dugu sektore ekonomikoetan. Esaterako, hamar urte eta gero, eraikuntzaren sektorea askoz txikiagoa da, eta langabezia tasa minimoetara ari da jaisten, kakotx artean.

Aurreikusi duzue 2019rako %10etik behera jaitsiko dela. Halere, susperraldia aldi baterako enplegua ari da sortzen nagusiki.

Aldi baterako kontratuen proportzioa antzekoa zen krisia baino lehen ere. Guri iruditzen zaiguna da lortu behar dugula enplegua ez izatea ez prekarioa ez aldi baterakoa: ez bakarrik langilearentzako ona litzatekeelako, baizik eta herri ikuspegiagatik.

Zelan saihestu prekaritatea?

Saihestea... Beti egongo da hor aldibaterakotasuna, baina instituzioek egin dezakete zerbait. Aldibaterakotasunak zerikusi handia dauka kontratu ereduekin. Lortu behar dugu enpresentzat erakargarria izatea langileei kontratu mugagabea egitea. Ehun ekonomistak kontratu bakarraren alde egin zuten aspaldi.

Ciudadanosek ere proposatu zuen geroago. Funtsean, kaleratzea merkatu nahi zuen.

Merkatu daitekeen bezala, garestitu ere egin daiteke. Kontua da kontratuak enpresaria sustatu behar duela langilea lanpostuan mantendu dezan, ez bota dezan.

Industrian 24.200 langile gehiago daude 2015etik 2017ra EAEn. Indartzen ari da sektorea?

Oso indartuta atera da krisitik, batez ere nazioarteko egoera ekonomikoak lagunduta, esportazioei esker. Enpresariek aurreikusten dute jarraitu egingo dutela inbertitzen eta enplegua sortzen.

Halere, txostenean aurreikusi dituzuen arrisku nagusiek industriari eragingo liokete: protekzionismoak eta gerra komertzialak.

Bai, baina, gaur-gaurkoz, neurri horien ondorioak ez dira argi eta garbi igartzen hemen. Ikusi egin beharko da merkataritza gerrarekin zer gertatzen den aurrerantzean. Ziurgabetasuna adierazten duen lehen seinalea inbertsioa da, eta hemen inbertsio maila ez da txartu.

Egingarria iruditzen zaizu Jaurlaritzaren helburua? Nahi du industriak %25eko pisua izatea BPGan 2020rako.

Dagoeneko oso hurbil dago zifra horretatik. Herri gisa, oso garrantzitsua da industria lehiakorra izatea, ekonomia produktiboa sendotzen duelako. Espainiako ekonomiaren produktibitatea %0,3koa da; EAEkoarena, aldiz, %1,1 ingurukoa. Alde handia dago. Zer dagoen horren atzean? Funtsean, sektoreen banaketa: Espainian, zerbitzuek dute pisu handia, turismoak, nagusiki; gurean, aldiz, industriak. Eta, azkenean, produktibitate handiagoa izateak dakar soldata handiagoak eta bizi maila hobea izatea.

Aberastasunaren banaketan dago arazo nagusia: desberdintasun sozialak handiagoak dira krisiaren aurretik baino.

Txosten hau eta antzekoak aurkezten ditugunean, BPGaren hazkundea neurtzen dugu, baina beste kontu bat da nola banatzen den. Hor, administrazioek daukate rol nagusia: aberastasuna egoki banatzeaz arduratu behar dute. Aberastasuna sortzea oso garrantzitsua da, baita ondo banatzea ere. Uste dut hemen beti eduki dugula ahulena babesteko sentsibilitatea. Edonola ere, erronka sozial argia daukagu esku artean: gizarte parekideagoa sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.