Sixto Molina. Hizkuntza Gutxituen Europako Ituneko idazkari nagusia

«Euroitunak anitz egin du, baina gehiago egin dezake»

Iaz bete ziren 20 urte Euroituna indarrean sartu zenetik, eta oraindik 25 estatuk berretsi dute. Estatuak aztertzeko zikloa hiru urtetik bortz urtera luzatuko dute hemendik aitzinera.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Zuzenbidean lizentziaduna daSixto Molina, eta Europako hainbat unibertsitatetan ibili da irakasle. 2016tik, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituneko idazkaria da. Iruñean izan zen atzo, Euskaltzaindiak antolatutako Hizkuntza gutxituak jagon, euskaraz bizi jardunaldietan. Euroitunaren oraina eta etorkizuneko erronkak izan zituen aztergai.

1992an sortu eta 1998an sartu zen indarrean Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna. Nolako bilakaera izan du urte hauetan?

Ez da erraza izan. Injustua izango litzateke erratea ez dela aldaketarik egon, baina oraindik egiteko anitz dago. Hasiko dugun fase berri honen helburua izanen da anitzez ere dinamikoagoa izatea. Bertzalde, erran daiteke adituen jurisprudentzia aldatuz joan dela, orain dela hogei urte eta orain egoera ez baita bera. Europa aldatu da, eta eskakizunek ere aldatuz joan behar dute.

Hemendik aurrera, bortz urteko ebaluazio zikloak eginen dituzue, hiru urtekoen ordez. Zer aldaketa ekarriko du horrek?

Orain arteko kontrola, beharbada, zorrotzegia izan da, eta ikusi dugu batzuetan estatuak gainezka zebiltzala txostena egin eta gomendioak betearazteko orduan. Erabakiaren helburua da egungo eskaeretara egokitzea. Horrek ez du erran nahi hizkuntzekiko babes neurriak gutxituko direnik. Horregatik, bertzelako neurriak sortu ditugu. Bi urte eta erdian behin estatuek informazio zehatza bidali beharko dute luzatu ezin daitezkeen auzien inguruan.

Tresna eraginkorra da ituna? Espainiari, adibidez, hainbat gomendio eman dizkiozue urteotan, baina hor daude beltzuneak oraindik: justizia, Polizia...?

Euroituna tresna eraginkorra da. Nik neuk baietz errango nizuke. Eskaerak bete ote diren? Ez. Erraza den aldaketak hiru urteko ziklo batean egitea? Batzuetan bai, baina ez beti. Noski, zaila da estatu guztietan gomendio guztiak betetzea. Orain erdibidean gaude. Anitz egin du Euroitunak, baina anitzez gehiago egin dezake. Aztertzen ari gara estatuek nola azkartu ditzaketen prozesuak.

Egun, oraindik estatu batzuek ez dute ituna berretsi; tartean da Frantzia. Baduzu berretsiko duten esperantzarik, edo aurkakoa da norabidea?

Estatu batzuentzat, beren sistema konstituziogilea dela eta, zailagoa da ituna berrestea. Bertze batzuk, berriz, sartzeko esperantza dugu. Ideala litzateke Europako estatu guztiak Euroitunean sartzea. Hala ere, ulertzen dut estatu batzuentzat erabaki politiko korapilatsua dela.

Europako eskuin muturraren gorakadak kalte egin diezaieke hizkuntza gutxituei?

Eskuin muturraren igoerak, bere horretan, ez. Talde horiek hizkuntza gutxituei ezartzen dizkieten politikek izango dute eragina. Populismoak, gehiegikeriak eta finantza egoera txarrak gizartearen ondoeza ekartzen du. Egoera horretan, etorkizunerako kaltegarriak izan daitezkeen esku hartzeak izaten ahal dira. Inpresioa dut bide horri jarraituta hizkuntza gutxituak gutxiago babestuko direla. Hala ere, inpresioak eta errealitatea ezberdinak dira.

Espainian ere zabaltzen ari da hizkuntza gutxituen aurkako mezua. Joera bera da?

Joera ez da Europako bertze estatu batzuetako bera, estatu batzuetan muturreko joerak baitituzte. Hala ere, arazoa da oraindik ez dugula Espainiako egoera zehatzaren diagnostikoa. Aditu taldeak duen iritzia jakin gabe ezin dut ezer aurreratu. Ziur aski, urte bukaerarako izango dugu aditu taldearen iritzia, eta jakiten ahalko da Espainiaren norabidea.

Nafarroako zonifikazioak Euroitunari kalte egiten diola ohartarazi du behin eta berriz euskalgintzak. Egokia da herritarren eskubideak eremuaren araberakoak izatea herrialde txiki baten barruan?

Galdera zaila da. Niretzat, herrialdearen tamainak ez du garrantzirik, garrantzitsuagoa da zer gizatalde babesten den. Noski, ezin dugu modu berean babestu Katalunia edo Euskadi, eta hiztun kopuru txikia duen bertze herrialde bat. Parametro anitz hartu behar dira kontuan zonifikazioak inpaktu negatiboa duen aztertzeko orduan. Nire ustez, ongi aplikatzen bada, ez du inpaktu negatiborik; hala ere, gaizki aplikatu eta hiztunak zokoratzen badira, efektu negatibo suntsitzaileak izan ditzake.

Orain bi urte aurkeztu zuten Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Euroitunak nola ikusi ditu prozesu eta protokolo hori? Baduzue elkarren berri?

Harremana badugu. Niri neuri protokoloa hagitz tresna interesgarria eta praktikoa iruditzen zait. Interesgarria ez da protokoloa bakarrik, herriek nola betetzen duten baizik. Protokoloak Euroitunean dauden kontzeptu anitz hartzen ditu bere barruan. Administrazioak modu egokian erabiltzen badu, Euroitunak biltzen dituen eskubideak bermatuko ditu.

Zer etorkizun ikusten diezu hizkuntza gutxituei?

Hainbat erakundek aurkezten dituzten txostenak irakurrita, ikusten da hizkuntza batzuk desagertzeko bidean daudela. Litekeena da datozen hogei urteetan hizkuntza gutxitu batzuetako hiztun kopurua puntu kritiko batera iristea eta jarraitutasuna zalantzan jartzea. Estatu batzuetan ikusten dugu gazteek hezkuntza beren jatorrizko hizkuntzan jasotzen dutela baina gero ez direla hizkuntza horretan mintzatzen. Kezka pixka bat badugu hizkuntza batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.