Jaurlaritzak hirietan nahi ditu merkataritza gune berriak

Datorren astean eroango du Legebiltzarrera Saltoki Handien Lege aurreproiektua. Udalek arautu beharko dituzte eraikitzeko baldintzak
Mega Park merkataritza gunea, Barakaldon.
Mega Park merkataritza gunea, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko martxoak 15
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak datorren astean eroango du Merkataritza Saltoki Handien Lurralde Arauketarako lege aurreproiektua Eusko Legebiltzarrera. Besteak beste, merkataritza gune berriak hiriguneetan egotea nahi du gobernuak, batez ere etxebizitzak dauden eremuetan. Udalerriek zehaztuko dituzte eraikitzeko baldintzak; horretarako, HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorretan zehaztu beharko dute non eta nola eraiki ahal izango diren.

Gobernuaren arabera, araudi berriak «segurtasun juridikoa» eman nahi du. Izan ere, 2004an Jarduera Ekonomikoaren eta Merkataritza Azpiegituren Lurralde Plan Sektoriala onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Donostiako Garbera merkataritza gunearen jabeek salatu egin zuten, eta Espainiako Auzitegi Gorenak indargabe utzi zuen, Europako Batasuneko legedia urratzen zuela ebatzita. 2004ko plan sektorialak merkatari txikiak babesteko mugatu zituen saltoki handi berriak. Auzitegien arabera, asmo horrek «konpetentzia askea urratzen» zuen. Orain onartu nahi den legeak ingurumenari eta lurralde antolaketari lotutako argudioak jasoko ditu, merkataritza gune berriak mugatzeko. Eta ez da lurralde antolaketarako plan sektorial bat izango, lege bat baizik.

«Salbuespenak»

Edozelan ere, ez da erabat baztertuko hiriguneetatik kanpo saltoki handi berriak eraikitzea. Baina «salbuespena» izango dira, hiriguneetatik «gertu» egon beharko dute eta tamaina «mugatua» izango dute. Esate baterako, merkataritza gunea hirugarren sektorera edo industriara bideratutako lurretan eraiki nahi balitz, araudi berriarekin ezingo luke eremu horren %30 baino gehiago bete.

Horrez gainera, merkataritza gune berriek ezingo dute ibilgailuen joan-etorrietarako azpiegitura berririk eskatu; daudenekin moldatu beharko dute, eta ezingo dute «saturaziorik» eragin gaur egungo errepideetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna