Aburto:«Ez dago argi sexu eraso bat izan zen, edo, besterik gabe, eraso bat»

Larunbat gauean eraso egin ziotela salatu du emakume batek, Bilbon. Aburto alkateak adierazi du gertaturikoa argitzeke dagoela oraindik

Jaietarako segurtasun planaren harira, Bilboko alkateak Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin eginiko bilera. L. TEJIDO / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Larunbatean eman zitzaion hasiera Bilboko Aste Nagusiari, eta gau horretan bertan jazo zen lehen erasoa: Deustuko zubiaren inguruan eraso egin ziotela salatu du andre batek. Erasoa, ordea, oraindik argitzeke dagoela adierazi du Juan Mari Aburto alkateak: «Ez dago argi sexu eraso bat izan zen, edo, besterik gabe, eraso bat».

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman du gertatutakoaren berri, eta, jakinarazi duenez, gizon bat andre bati eraso egitenahalegindu zen Zubiarte merkataritza zentroaren inguruan. Andrazkoak salaketa jarri ostean, ikerketa abiatu du Ertzaintzak, eta erasotzailearen bila ari da. Gertakariaren aurrean, ez du baloraziorik egin alkateak, ikerketa amaitu arte itxarongo duela azaldu baitu. Hala ere, ikerketak aurrera egin ahala, «jarrera argiago» bat hartuko dutela baieztatu du. Halaber, «ideia txarrekin» datozenen aurka egin du, eta «erasotzera» datozenak geldiarazteko beharraz ohartarazi du.

Donostian, «erantzun ona»

Donostiako Aste Nagusia amaitu berritan, festen balorazioa egin du Eneko Goia alkateak. Sexu erasoekin kezkatuta agertu da Goia, «saihestu ezin izan» direlako: «Jaien hasieran desio bat adierazi nuen, balantzean eraso sexistei buruz hitz egin behar ez izatea, baina, tamalez, ez da horrela». Hala ere, udalaren aldetik «erantzun ona» izan dela adierazi du alkateak.

Sexu erasoen kasu ugariek festak nahastu dituzte Donostian. Donostiako Piratek asteazkenerako prestaturik zuten egitaraua bertan behera utzi zuten, aurreko gauean sei erasoren berri izan ostean. Hasieran sei baziren ere, 11 kasu zenbatu zituzten egunaren amaierarako. Udalak jakitera eman du bost salaketa formalen berri duela, baina Goiak argitu du horrek ez duela esan nahi «ez direnik beste hainbat eraso gertatu».

Astearteko gertakarien ostean, Piraten mugimenduak gaitzetsi egin zuen udalak erasoen aurrean izan zuen jarrera, eta prebentziorako mezuetan arreta biktimengan jartzen dela salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.