Ertzainen arabera, antolaketa berriak kalte egingo die larrialdi zerbitzuei

Salbamendu taldeko ertzain gehienek uko egin diote Segurtasun Sailak aurreikusitako ordutegiekin jarraitzeari.

Bilera dute gaur
Ertzainen helikoptero bat, 2011ko salbamendu simulazio batean.
Ertzainen helikoptero bat, 2011ko salbamendu simulazio batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2015eko urtarrilak 8
Haserre dira Zaintza eta Salbamendu Taldeko ertzainak. Txandak eta ordutegi sistema aldatzear da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, eta salatu dute antolaketa berriak ez duela larrialdi eta salbamendu zerbitzua behar bezala bermatuko. Murrizketekin lotu dute auzia ELAk eta Ernek. Atzo, salbamendu taldeko 50 bat ertzainek idatzi bat aurkeztu zioten Iurretako (Bizkaia) ertzain etxeko unitate buruari, baldintza berrietan lanean jarraitzeari uko egiten diotela esanez. Segurtasun Sailetik nabarmendu dutenez, hala egingo balute ere, lanean jarraitu behar lukete postu horiek berriz bete arte.

Bi zentzutan eragingo du funtzionamendu berriak, Erneko idazkari nagusi Roberto Seijok eta ELAko ordezkari Tomas Rodriguezek BERRIAri azaldu diotenez. Haien esanetan, Segurtasun Sailak jarritako txanda berriekin ez da bermatuko 24 orduko behar bezalako zerbitzurik. Hau da, gauez aurreikusitako zerbitzua «gutxienekoa» izango da. «Hiruzpalau pertsonakoa», Rodriguezen hitzetan: «Larrialdiren bat gertatuz gero, ez dira nahikoa izango. Absurdoa da». Halaxe salatu du Seijok ere: «Ordu batzuk airean geratuko dira. Adibidez, etxean egongo da norbait, baina hari deitu eta salbamendura irteterako, denbora galduko da».

Entrenamenduena da beste arazoa. Rodriguez: «Entrenamendua garrantzitsua da, salbamenduetan funtsezkoa baita automatismoz jokatzea eta kideak ondo ezagutzea». Ordutegi berriek, ordea, ez dute aurreikusten horretarako tarterik, ELAko ordezkariaren hitzetan.

Seijok dioenez, Segurtasun Sailak «polizia lanetarako» bakarrik mantendu nahi du Ertzaintzaren taldea —esaterako, leku arriskutsuetatik gorpuak bilatu eta ateratzeko— , eta salbamendu lanak suhiltzaileei edo DYAri eskualdatu. «Edo pribatizatzera ere hel daitezke». Antzera uste du ELAk ere: «[Antolaketa berriak] Ez ditu bermatzen salbamenduan giltzarri diren elementuak: trebakuntza, entrenamendua eta berehala erantzutea». Sektore publikoa «deuseztatzeko» neurrien artean kokatu dute Segurtasun Sailaren aldaketa.

Laster da sartzekoa indarrean antolaketa berria; «urtarrilerako» espero zutela esan zuten Segurtasun Sailetik. Salbamendu taldeko ertzainek, ordea, ez dute onartu nahi. 90 inguru dira, eta atzo 50 bat agertu ziren eredu berrian lanean jarraitzearen aurka. Sindikatuen esanetan, «gehienek» hartuko dute jarrera bera.

Azarora arte, lanean

Gaur, bilera dute ertzainek Segurtasun saileko ordezkariekin, eta beste batzar bat ere aurreikusia dute astelehenerako. Atzo arratsaldean Segurtasun Sailetik esan zutenez, oraindik ez zuten ertzainek aurkeztutako idatzien berri. Dena den, gogora ekarri dute komisario kategoriarik ez dutenek ezin dutela dimititu.

Brigada Mugikorretatik sortutakoa da Ertzaintzaren salbamendu taldea, eta larrialdi zerbitzuetan ari diren ertzain gehienek postu finkoa dute brigada horietan. Segurtasun Sailetik nabarmendu dute aukera izango dutela lehengo postuetara itzultzeko, baina salbamendu taldean hutsik geratzen diren lekuak bete ondoren —azarorako espero dute deialdia egin eta bete beharreko postuak betetzea—.

Segurtasun Sailak utzitako aukera horrek ere galera ekarriko luke zerbitzuan, Seijoren eta Rodriguezen ustez, ez litzatekeelako erraza esperientziadun jende espezializatua topatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna