Gauetako zarata «jasanezina»

Donostiako hainbat auzok kexua berritu dute: metroko obretako harrabotsak loa eragozten die. Iluntzetan lana eteteko eskeei, kasurik ez

Amara Zaharreko bizilagunen protesta, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Loaldiaren alterazioak, nekea, zefaleak, antsietatea eta estresa... Azken asteotan Donostiako hainbat bizilagunek —Amara Zaharra auzokoak— sintoma horiek antzeman dituzten, metroa eraikitzeko lanek gauetan etenik ez izatearen ondorioz. Izan ere, harrabots handia izaten dute iluntze askotan, eta loa eragozten die horrek. Adierazia zuten lehendik ezinegona; «entzungor» antzeman dituzte, ordea, erakundeak, eta, horregatik atzo berriz protesta egin zuten: elkarretaratze bat egin zuten Viktoria Eugenia antzoki parean. Zarata «jasanezina» pairatu behar dutela gogorarazi zuten, eta Donostiako Udalari galdera egin zioten, Eneko Goia alkateari zuzenduta: «Metroaren obrak kalte eginiko bizilagunen eskubideak non daude?».

Bizilagunen arabera, zaratak hasi berritan —otsailaren 24an hasi zen arazoa— hainbat neurketa egin zituzten udaltzainek eta 30-60 dezibeleko zaratak neurtu zituzten etxe barruetan; martxoaren 13tik aurrera, ordea,adierazi dute neurketak egiteko tresnarik ez dutela eskura, eta ez dute gehiago ahaleginik egin. ETS Euskal Trenbide Sareak sustatutako obrak dira, eta erakunde horrek ere hartu du hainbat neurketa egiteko ardura; bizilagunen aburuz, ordea, «urriak» izan dira, eta, gainera, obrak egiten ari diren lekutik «urrun» egindakoak.Beraz, horien emaitzak zalantzazkoak iruditzen zaizkie.

«Lo egin nahi dugu»

Lo egin nahi dugu leloa nagusitu zen atzo elkarretaratzean. Donostiako Udalaren«utzikeria» salatu zuten: «Erabatekoa». 180 auzok elkartu eta gauetan obrak bertan behera uzteko eskatuz salaketa bat izenpetu zutela gogorarazi zuten, baina guztiz antzua izan dela. Antzokian zen ekitaldi batera sartu zen alkatea, eta azalpenak eskatu zizkioten: gaia aztertzen ari direla adierazi zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.