Ricardo Bustillo Mesanza. EHUko ekonomia irakaslea

«Europaren estrategia ekonomikoak gehiago behatuko dio Txinari»

'Huaweiren auziak' erakutsi bezala, gordintzen ari da AEBen eta Txinaren arteko borroka, eta ondorioetako bat muturreko liberalizazio aroa agortzea izan daiteke, eta «globalizazio murritzago bat nagusitzea».

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Munduko bi potentzia handien arteko gerra komertzialari logika ekonomikoaren betaurrekoekin begiratzen dio Ricardo Bustillo Mesanza EHUko ekonomia irakasleak. Aro aldaketa baten atarian egon gaitezkeela uste du: «globalizazio murritzago bat» nagusitu daitekeela dio, eta EBko eta Euskal Herriko ekonomia ere egokitu egin beharko liratekeela.

Egokiak dira Gerra Hotzarekin egindako konparazioak?

Gerra Hotza agian esajeratu xamarra da. Dagoena da, batez ere, bataila ekonomiko bat, ez oraindik militarra. Txinako itsasoan arazo batzuk-eta izan arren, oraindik ez delako mutur horretara iritsi Txinarekin. Ekonomikoan ari dira jartzen indar guztia.

Gero eta argiago ikusten da etorkizuneko hegemonia ekonomikoa eskuratzeko borrokan bataila nagusia merkatu teknologikoan ari direla jokatzen; bereziki, 5G sarearen inguruan.

Orain arte lidergoa AEBek izan dute arlo teknologikoan. Europak egin zuen zeozer teknologia mugikorrarekin hasi zenean, baina atzean geratu zen. Konpainia teknologiko handiak estatubatuarrak dira. AEBek ikusi dute hegemonia digital hori mehatxupean dagoela, eta egia da jokatzeko palankak dituela, software konpainia handiak erabil ditzakeelako egoera behartzeko. Ia-ia jokoen teoriaren araberako kontu bat da: Txinaren garapen teknologikoa trabatzen ahalegintzeko baliabideak dauzka. Zalantza da AEBek lortuko ote duten 5Garen alorrean Txina ordezkatzea.

Huawei sistema eragile propio bat prestatzen ari da, Googleren Android ordezkatzeko. Posible da AEBen neurriak bizkortzea Txinaren garapen teknologikoa, mundu mailako bi blokeko agertokia sustatuz?

Baliteke. Txinako konpainiei iradoki dietena da euren sistema eragile propioa sortu beharko dutela, eta, segur aski, egin ahalko dute. Segur aski, AEBen estrategia epe motzera izan daiteke eraginkorra, hango prentsaren zati bat ohartarazten ari den bezala: «Badirudi Txinari zangotraba egin diogula eta haren garapen teknologikoa errotik mozten ari garela, baina baliteke gaitza baino txarragoa izatea erremedioa; agian, behartzen ari gara garapen teknologikoan benetako aurrerapauso bat eman dezan, eta frogadezake AEBetako teknologiarekiko erabat independente jardun dezakeela». Royalty-en eta diru sarreren ikuspegitik, azkenean, AEBetako konpainiak atera daitezke galtzaile, Androiden sasimonopolio posizio erosoa galduta.

Bataila teknologikoa gerra komertzialaren parte da. Zer puntutan dago gerra komertziala?

Jaiotza politika dela eta, Txinak arazo demografiko bat dauka, eta, ondorioz, epe ertainera asko motelduko zaio hazkundea. Momentu berezi batean dago: batetik, AEBei sorpasso egin, eta lehen ekonomia bihurtzear dago; bestalde, datozen urteetan moteldu egingo zaio ekonomia, ezinezkoa delako horrenbeste urtez hain erritmo bizian haztea.

Hazkunde erritmoa %6-7tik%2-3ra jaistea esan nahi duzu?

Ez da hain jaitsiera erradikala izango, baina kopuru horietara hurbilduko da, poliki-poliki. Kontua da Txinako ekonomia esportazioetan oinarritzen dela, atzerriko eskarian. Pekin trantsizio betean dago, barne eskarian oinarritutako eredu baterantz. Baina aldaketa egin bitartean, Txinak esportazioen menpekotasun handia dauka, Europak bezala. Merkataritza gerra egitean, beharbada, AEBen abantaila da ez dela herrialde hain esportatzailea.

Hori da Trumpen estrategia? Zuzeneko erasoak bizkor egitea Txinak barne merkatua erabat sendotu aurretik?

Uste dut interpreta daitekeela horrela, arrazoibide ekonomiko bat da, baina nahiko sinplista; izan ere, luzera begira, AEBek ere kalteak jasango bailituzkete. Nik uste dut Trumpen gobernuaren estrategian pisu ideologiko argi bat dagoela protekzionismoaren alde: ageriko politika merkantilista da. Hazkunde ekonomikoa estilo merkantilistan ulertzen dute bakarrik: esportatuz bakarrik haziko naiz, eta besteen inportazioak oztopatu nahi ditut. Trumpen gobernua eroso dago merkataritza politika erasokorrarekin bai Txinaren kontra, bai EBren kontra.

Barack Obamak beste estrategia bat zerabilen Txinaren nagusitasuna gelditzeko.

Txina bakartu nahi zuen Asian, baina estrategia liberal batekin. Nazioarteko merkataritza itun handi bat egin nahi izan zuen Asia, Amerika eta Ozeaniako estatuen artean, Txina bazter utzita.

Txinari zer munizio geratzen zaio AEBei erantzuteko, haien zorra saltzen hastea?

Kontu korronteko balantzan superabit handia du, horixe da Txinaren mehatxu handia: dolarra hondora dezake zor publikoa salduta. Arazoa da hainbeste urtetako esfortzuz batutako aurrezkia deskapitalizatuko lukeela.

Eta garestitu egingo litzateke yuana, eta esportazioeikalte egingo lieke.

Hori da. Txinaren ekonomiaren oinarrietako bat da yuana beste diruak baino gutxixeago balio duela. Nik uste dut Pekinek estrategia komertzial tradizionalagoak erabiliko dituela, muga zergak-eta. Trumpen estrategia zuzenaren kontra, Txinak urteak daramatza softpower politikarekin: aurrera egiteari utzi gabe, baina irudi erasokorregia eman gabe. Epe motzera berdin jarraituko duela uste dut.

Badirudi Europa bi suren artean dagoela oraintxe. Ailegatuko da abagunea baten edo bestearen alde egin behar izateko?

Txina bezala, Europa ere ekonomia esportatzailea da, eta ezin da barne eskarian oinarritu, demografikoki den bezalakoa delako. Nazioarte mailan merkatuak ixtera joko balute, EBk sufritu egingo luke. Beraz, interes ekonomikoak aintzat hartuta, Europaren estrategia ekonomikoa gehiago lerrokatuko da Ekialdearekin, Txinarekin; alabaina, aldi berean, konpentsatu egin beharko du bazkide militar estrategikoarekin ondo konponduta, AEBekin.

Oreka nahiko zaila dirudi.

Zaila da, bai. Uste dut denbora pasatzeko zain daudela EBn, ea AEBetan beste gobernu bat osatzen den, ez hain eszentrikoa. Edonola ere, esango nuke iraganeko kosta ahala kostako liberalizazioa, tarteka irrazionala, seguruenik amaierara iritsi dela. EB egokitzen hasi beharko litzateke mundu berri batera, non globalizazioa ez baita izango arau nagusia, eta non brexit bat baino gehiago egongo baitira. Badirudi datorren ingurune ekonomikoa aldakorragoa eta itxiagoa izango dela: globalizazio murritzago bat. Ez luke zertan tragedia bat izan, baina arazoak ekar diezazkieke arrautza guztiak atzerriko merkatuen otzaran jarri dituzten herrialdeei.

Euskal ekonomian ere pisu handia dute esportazioek.

Atzerrira oso irekitako ekonomia gara, demografia txikikoa eta garapen ekonomiko handikoa. Irudikatutako joerak gauzatuko balira, euskal ekonomiak, eta EBkoak oro har, moldaketak egin beharko lituzke, eta hazkunde ekonomiko apalagoa izango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.