AHTa Gasteizen sartzeak 872,2 milioi euroko kostua izango du

Espainiako Sustapen ministroak urtarrilean adierazi zuen 724 milioi eurokoa izango zela. Kostuen igoerak kezka handia sortu du EuskoJaurlaritzan eta Gasteizko Udalean

Gasteizko AHTaren proiektuaren aurkezpena, apirilean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Sustapen Ministerioak atzo jakinarazi zuen abiadura handiko trenaren (AHT) Gasteizko sarbidea eraikitzeak 872,2 milioi euroko kostua izango duela, orain hilabete batzuk iragarri zuena baino ia 150 milioi euro gehiagokoa. Izan ere, aurrekontua 724 milioitan ezarria zuen Jose Luis Abalos ministroak, baina, atzo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako txosten informatiboak jasotakoaren arabera, obren kostua nabarmen igoko da. Aldaketa horrek kezka eragin du erakundeen artean.

Trena hirira sartzeko, hamalau kilometroko obrak aurreikusi dituzte, eta horietatik 3,6 kilometro lur azpitik joango dira. Jundiz ingurutik sartuko da trena, eta Arkautitik irten; hala, ez da Salburuatik pasatuko, eta Altsasu eta Iruñeko trenbideekin lotura egingo du.

Aurrekontuaren igoeraren harira, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuak adierazi du kostuak «berrikusi» daitezkeela, eta Jaurlaritzak ikerketaren edukia «sakon» aztertuko duela. 45 eguneko epea dute helegiteak aurkezteko, ohikoa baino egun gehiago udako oporrak direla eta.

Kezka eta sumina

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak kezka adierazi du kostua handitu egin delako, eta proiektuak hiriarentzat duen lehentasuna azpimarratu du: «Gasteizen abiadura handia sartzea lehentasunezkoa da, funtsezko proiektua, duela urte asko itxaroten dena, eta udal agintaldi honetan ekin behar zaio». Urtaranek ere proiektua aztertuko duela berretsi du.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, bestalde, gogor kritikatu du diru publikoa «beharrezkoa ez den horrelako proiektu batean gastatzea, beharrezkoagoak diren beste proiektu batzuetan inbertitu beharrean». Adibide bat jarri du: «32 ospitale eraiki litezke AHT Gasteizen sartzea kostatuko zaigunarekin». Proiektuak izandako atzerapenak ere salatu ditu, eta ohartarazi du hainbat urtez geldirik dauden lanetan milioiak gastatu dituztela instituzioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.