Zaraitzu ibaiko urak Esara eramateko eta Leire aldea zulatzeko plana salatu dute

Handitze lanen aurkako martxa eginen dute urtegiaren aurkako taldeek, hilaren 28an. Esako segurtasunari buruzko txostena eskatu du laukoak

Ion Orzaiz -

2018ko urriak 12
«Beldur gara», aitortu du Toño Bracok, Aizpurgiko kontzejuko eledunak (Nabaskoze, Nafarroa). CHE Ebroko Ur Konfederazioak 1998. urtean planteatu zuen Aizpurgi eta Esako urtegiaren artean ubide bat eraikitzeko aukera, baina ez zuten inoiz gauzatu. Orain, Esa handitzeko lanen barruan, konfederazioak proiektua berreskuratu egin nahi du, Esa+Ez plataformak eta inguruko herrietako ordezkariek salatu dutenez. Atzo egin zuten agerraldia Iruñeko Katakrak gunean, urtegiaren handitzeak inguruko herrietan bizi direnentzat duen «arrisku handiaz» ohartarazteko.

Zehazki, CHEren jatorrizko plana zen Zaraitzu ibaiko urak isurialdatzea, eta, horretarako, Leireko mendilerroa zulatzea. Bederatzi kilometroko tunela eginen lukete, 170 hektometro kuboko ur emaria garraiatzeko. «Esako urtegiak ez du nahiko urik, eta azpiegitura handitzeko proiektua gauzatzen badute, gaur egungo emariarekin ezinen dute inoiz bete», azaldu du Esa+Ez plataformako ordezkari Iker Aramendiak. Haren esanetan, «arrisku handiko eremua» da Leire mendilerroaren ingurukoa, eta hango mendiak zulatzeko proiektuak arrisku hori «areagotu» egingo luke. Horrekin bat dator Braco ere: «Kareharrizkoa da inguru osoa, eta, besteak beste, akuiferoak, sakanak eta lur azpiko urmael ugari daude».

Zaraitzu ibaia isurialdatzeko planaz gainera, urtegia handitzeko lanek ere ezinegon handia sortu dute eskualdean. «Eskuineko hegala etengabe ari da mugitzen; hori ez da aldatu. Edozein unetan bizkortu daiteke mugimendua, eta hondamendi bat eragin. Hortaz, segurtasunik eza salatu nahi dugu», esan du Aramendiak.

Manifestaziorako deia

Horren kontrako protesta antolatu dute Esa+Ez eta Urbizi plataformek. Urriaren 28an eginen dute, Esa ez da beteko, hemen bizi nahi dugu lelopean. Lau zutabetan banatuta egonen da martxa: Zangozatik, Irunberritik, Leireko mendilerrotik eta Aragoitik aterako dira protestariak, Esako gasolindegian elkartu eta 12:30ean manifestazioa eginen dute Esako urtegiko lanetaraino.

Nafarroako Gobernuak, bestalde, ikerketa independentea eskatu du Esako urtegiko eskuin hegalaren segurtasunari eta egonkortasunari buruz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna