Gatazka trabatuta bukatu da Kristau Eskola eta IZEAko greba

Eskaintzarik ez egitea leporatu diote sindikatuek patronalari, eta arduraz jokatu ez izana Jaurlaritzari. Uriartek negoziatzen hasteko eskatu die

Kristau Eskola eta IZEAko langileen manifestazioa, atzo, Donostian. J. URBE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bukatu da Kristau Eskola eta IZEA sareetako zortzi eguneko greba. Eta hasi aurretik zegoen moduan dago gatazka: trabatuta. Ez da ezer aldatu greban egon diren egunetan. Sindikatuek eta enpresek ez dute harremanik izan. Negoziazio mahaira itzultzeko eskatu die patronalak sindikatuei, baina haiek ez dute negoziatuko patronalak «benetako edukia» duen proposamen bat egin arte.

Kristau Eskolak ez du grebaren baloraziorik egin nahi izan. «Zuhurtziaz» jokatu nahi dutela esan dio BERRIAri. Sindikatuek, berriz, «balantze positiboa» egin dute langileen erantzuna ikusita. «Indartsu daude, erabat babestu dituzte aldarrikapenak, eta bat egin dute greba dinamikarekin», nabarmendu du Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arloko arduradunak. «Gogor» salatu du patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera: «Ez dute ardurarik hartu, eta ez diete erantzun egokirik eman langileek eta familiek egindako aldarrikapenei».

Patronalari eskatu dio egin dezala beste proposamen bat, jasotako azkenak «igualak» izan direlako, eta 2017ko azaroan «sindikatuak negoziazio mahaitik altxatzea eragin zuenaren antzekoak». Egunotan Eusko Jaurlaritzak izandako jokabidea eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak egin dituen adierazpenak «onartezinak eta arduragabeak» iruditu zaizkio ELAri. «Gutxieneko zerbitzuak igo ditu, familien aurrean bere burua zuritzeko. Ondoren, iradoki du gatazka konpontzen lagundu dezakeen erantzun bat egon daitekeela. Baina, azkenean, Hezkuntza Sailak zerikusirik ez duela esan, eta Lan Zuzendaritzara bideratu nahi izan du gatazka, sektore honetan ardurarik ez balu bezala».

Greba amaituta, negoziatzeko eskatu die sailburuak sindikatuei eta patronalari: «Adostu dezatela konponbide bat, eta gero ikusiko dugu gobernuak nola lagundu dezakeen». Sailburuak azaldu du sindikatuekin, patronalarekin eta familiekin bildu direla, «modu diskretuan», eta grebak iraun duen egunetan ugaritu egin direla harremanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.