Urtebeteko kartzela zigorra, Molaren kriptan grabatzeagatik

Epaileak 3.000 euroko isuna jarri dio Clemente Bernadi, Iruñean meza frankistak antolatzen dituen anaidiaren «intimitatea urratzea» egotzita
Martinez eta Bernad, epaiketaren lehen egunean.
Martinez eta Bernad, epaiketaren lehen egunean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2019ko apirilak 11
Iruñean, hilabetero, meza frankistak antolatzen ditu eskuin muturreko elkarte ultrakatoliko batek, Erorien Monumentu azpiko kriptan. Eraikina, legez, Iruñeko Udalarena den arren, Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak beretzat gordea du kripta erabiltzeko eskubidea. Orain, Iruñeko 3 zenbakiko Zigor Epaitegiko magistratuak ebatzi du legez kanpokoa dela kripta horretan irudiak hartzea. Are: eraikin publiko batean egiten diren meza frankistak grabatzea «anaidiaren intimitatea urratzea» dela nabarmendu du epaileak. Hori dela eta, urtebeteko kartzela zigorra eta 2.880 euroko isuna ezarri dio Clemente Bernad argazkilari eta dokumentalista iruindarrari, sekretuak argitara ematea leporatuta. Probintzia Auzitegian helegitea jartzeko aukera dute aldeek.

2016ko udazkenean, Erorien Monumentuko irudiak grabatu zituzten Bernadek eta Carolina Martinezek, A sus muertos (Beren hildakoei) dokumentala prestatzen ari zirela. Kriptan ere jaso zituzten zenbait irudi, baina anaidiko kide batek salaketa jarri zuen haien kontra.

Epaiketan, Bernadek onartu egin zuen kriptako aireztatze saretaren barruan kamerak jarri izana. Adierazi zuen kamerak udalaren eremuan jarri zituela, eta argi utzi eraikina grabatzeko baimen guztiak zituela. Atzo argitaratutako epaian, ordea, magistratuak ontzat jo ditu akusazioaren argudioak: «Kripta ez da publikoari irekitako espazio bat, erabilera pribatuko leku bat baizik, sarrera mugatua duena. Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiko kideak eta Elizako autoritateak bakarrik sar daitezke». Epaitegiak, hala ere, Bernad soilik jo du errudun, eta Martinez absolbitu. Epailearen ustez, Martinezen parte hartzea «ezin izan da frogatu».

Fiskalak bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetu bakoitzarentzat, eta 12.000 euroko isuna. Akusazio partikularrak, berriz, bi urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eta 10.800 euroko isuna. Defentsako abokatuek absoluzioa eskatu zuten epaiketan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna