Hamar urteko hazkundea kateatuta, gorako joerari eutsi nahi dio Hegan-ek

Aeronautika klusterreko bazkideek uste dute hegazkin berrien eskariak handitzen jarraituko duela. Guztira, 5.037 lanpostu sortu zituzten iaz

aitor biain
Eibar
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Airean eta hegalak zabal-zabalik jarraitzen du Hegan aeronautika eta espazio enpresen klusterrak. Azken hamar urteetako joerari eutsi dio enpresa taldeak 2018an ere, eta hamarkada beteko hazkundea kateatu du hala. Merkatuaren ezegonkortasunak zerbait eragin badu ere, inoizko bidaiari kopururik handienak eta hegazkin komertzial handien ekoizpen errekorrak hauspotu egin dituzte euskal enpresen urte amaierako balantzeak. Joera horri eustea da erronka orain.

Urteroko batzar orokorra egin zuen klusterrak atzo, Eibarren (Gipuzkoa), IKTeknikerren egoitzan. Joan den urteko emaitzen berri emateaz gain, datozen urteetarako aurreikuspenei buruz ere jardun zuten Carlos Alzola Hegan klusterreko presidente eta ITP Aero enpresako zuzendari nagusi denak, eta Ana Villate elkarteko zuzendariak. Baikor eta itxaropentsu azaldu ziren biak, jakinik ezen iragan urteko datuek, aurreikusi baino txikiagoak izan arren, goraka segitzeko aukera ematen dietela.

Izan ere, uste baino gutxiago, baina hazi egin da beste urte batez fakturazioa klusterra osatzen duten 65 enpresetan. 2.457 milioi euroren salmentak izan zituzten iaz, 2017an baino %1,32 gehiago. Datuak bereziki onak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kokatzen diren lantegietan. Izan ere, fakturazio orokorretik 990 milioi dagozkie bertako fabrikei.

Gauza bera gertatu da enpleguaren kasuan ere. Hazkundearen datu orokorrarekin alderatuz gero (%2,8), nabarmen handiagoa da hiru lurraldeetan izan den igoera: %3,4. Guztira, 14.856 langilerekin itxi zuten urtea; hots, 5.037 lanpostu sortu ziren mundu zabaleko 176 lantegietan.

37.000 hegazkin berri

Merkatuaren ezegonkortasunak eta Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza lehiak lagundu ez arren, Airbus eta Boeing konpainiek izandako ekoizpen errekorrak nabarmen eragin dute salmentetan. Izan ere, esportazioek azken urteetako zifrarik handiena erdietsi dute: 1.630 milioi euroren balioa zuten salmentak egin ziren iaz. Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta AEBak dira euskal enpresen helburu nagusiak.

Klusterreko arduradunek aitortu dute lana ziurtatua dutela datozen zortzi urteetarako gutxienez. Izan ere, bidaiari kopuruak handitzen jarraituko duela espero da, eta, beraz, beste 37.000 hegazkin beharko direla kalkulatu dute konpainia handiek. Horiek hala, datorren urteko fakturazioa %4 haziko dela aurreikusi dute, eta enplegua, berriz, %1 inguru. «Hazkunde egonkorra duen sektorea da gurea: urtetik urtera datu positiboak ditugu. Azken hamar urteetan, batez beste, %7,3 inguru hazi gara. Beraz, aurten espero baino gutxiago hazi arren, ez digu ardura handirik eragiten», adierazi du Villatek.

Joerari eusteko, baina, uste dute «ezinbestekoa» dela lehiakortasuna sustatu eta berrikuntzan eta ikerketan inbertitzea: 4.0 industria deritzonaren aldeko apustua egitea, alegia. Horrez gain, uste dute merkatuaren eskakizun berriek negozioa handitzeko aukera handituko duela. Hori bai, ohartarazi dute horretarako «trebatuta» egon behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.