Trudeauk uste du Irango misil batek bota zuela Ukrainako hegazkina

Trumpek negoziazioa eskaini dio Irani azken gatazken ondoren. Iranek dio haien aurkako zigorrek jarraitu bitartean sinesgaitza dela eskaintza

Teheranen heregenun izandako hegazkin istripua. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Qassem Soleimani Guardia Iraultzailearen jeneralaren hilketak eragindako matazak ez du etenik. Erantzun eta adierazpen olatuak amaigabeak dira, eta, hori gutxi ez balitz, herenegun Teheran hiriburutik 30 kilometrora izandako hegazkin istripuarekin lotu dute afera. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak atzo baieztatu zuen abioia Irango misil batek bota zuenaren infomazioa duela gobernuak. «Justizia egin arte ez dugu atsedenik hartuko», ziurtatu zuen. Ukrainako lehen ministroak ere esan du itxura duela Irango misilek bota zutela airekoa.

176 lagun hil ziren Ukraine International Airlines aire konpainiaren Boeing 737 hegazkinaren istripuan. Horietatik, 79 irandarrak ziren —82 beste iturri batzuen arabera—, 63 kanadarrak, 11 ukrainarrak —tripulazioko kideak barne—, hamar suediarrak,zazpi afganiarrak —lau beste iturri batzuen arabera—, hiru britainiarrak eta hiru alemaniarrak.

Hasieran inork ez zuen lotu ezbeharra Washingtonen eta Teheranen egunotako gatazkarekin, baina hipotesi hori indarra hartzen ari da. AEBetako informazio zerbitzuek uste dute Iranek misilen bidez bota zuela hegazkina, ziurrenik «akats» baten ondorioz. Informazio zerbitzuaren datuen arabera, radar baten seinalea itzali zela hautematearekin batera, AEBen sateliteak bi misilen jaurtiketa atzeman zuen abioiak eztanda egin aurretik. Trumpek kausa akats mekaniko bat izatea baztertu du, eta «susmoak» dituela azpimarratu. Arduratuta agertu zen Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ere: «Ez dut horren inguruan espekulatuko, baina ikusi ditugun txostenak oso kezkagarriak dira, eta premiaz ari gara ikertzen gertatutakoa».

Ali Abedzadeh Irango Abiazio Zibilaren Erakundeko buruak uste horiek ezeztatu nahi izan zituen, Ukrainako hegazkina misil batek jotzea zientifikoki ezinezkoa zela esanez eta zurrumurruak «zentzugabetzat» joz. Irango agintariek uko egin zioten hegazkinaren kutxa beltzak Boeingi emateari—AEBetako enpresa bat da—. Sergiy Kyslytsya Nazio Batuetako Ukrainako enbaxadoreak istripuaren ikerketaren informazioaren «erabateko sarbidea» izatea eskatu dio Irani, eta espekulazioak saihestea. Bestalde, Teheranek jakinarazi zuen hegazkinaren pilotuak ez zuela eman hutsegite baten berririk eta lurra jo aurretik sua hartu zuela abioiak. Istripuaren jatorriaren inguruan ikerketa objektiboa egingo dutela esan zuen Hassan Rohani Irango presidenteak, eta informazioa duten herrialdeei partekatzeko eskatu zien.

Ez dira elkar fio

Kelly Craft Nazio Batuetako AEBetako enbaxadoreak gutun bat igorri zion atzo NBEko Segurtasun Konteiluari, eta ziurtatu «aurretiko baldintzarik» gabe negoziatzeko prest zeudela. AEBen jarrera salatu zuen Mayid Tajt Ravanchi NBEko Irango enbaxadoreak, eta Iranen aurkako zigorrek jarraitzen duten bitartean elkarrizketarako eskaintza «sinesgaitza» dela esan zien. Talkak alboratzeko asmoa agertu zuen, hala ere, eta adierazi Teheranek ez duela gerra nahi. Baina erantsi zuen Iranek bere burua defendatuko duela erasoetatik. Mezu irmoagoa eman zuen Amir Ali Hajizadeh jeneralak, eta ohartarazi zuen AEBetako bi base militarrei egindako erasoa «operazio handi» baten hasiera baino ez dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.