Abeer Etefa. MEPeko Ekialde Hurbileko bozeramailea

«Huthiak terrorista izendatzeak ondorioak izango ditu Yemenen»

Yemengo hainbat eremuren kontrola duten huthiak «terrorista» izendatu nahi dituzte AEBek. Nazioarteko erakundeen ustez, izendapen horrek herrialdearekiko harremanak moztuko ditu eta krisia areagotu.

BERRIA.
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
AEBetako Gobernuak iragarri berri duen neurriak hautsak harrotu ditu Ekialde Hurbilean.Yemengo huthi mugimendua «terrorista» izendatzeko asmoa duela adierazi du. Herrialdeko hainbat eremuren kontrola du taldeak, Sana hiriburua barne. Horrek herrialdean izan dezakeen eraginak «kezka» sorrarazi dio Abeer Etefa MEP Munduko Elikagai Programako Ekialde Hurbileko bulegoko bozeramaileari; nazioartera begira, «talde terrorista» baten agindupean dagoen herrialde batekin negozioak izateak AEBekin harremanak okertuko dituela jakitun.

AEBetako Gobernuak jakinarazi du Yemengo huthi mugimendua «terroristatzat» jotzeko asmoa duela. Nola eragingo lieke horrek laguntza humanitarioko erakundeei?

Litekeena da AEBetako Gobernuak huthiak «terroristatzat» izendatzeko hartutako erabakiak ondorio larriak izatea Yemengo egoeran. Eta litekeena da, era berean, gure operazioei eragitea. Kezkatuta gaude. BadakiguAEBetako Gobernuak NBEk dituen laguntza humanitarioko politikak aldarazi nahi dituela. Eta guk AEBei eskatzen diegu Yemengo herritarren beharrizanak betetzen utz diezagutela.

Izendapen horrek mehatxu handia dakarkigu; laguntza humanitarioko erakundeok herrialdera janaria eta hornidurak eramateko ditugun sarbideak suntsitu ditzake. Guk Yemengo hainbat erakunderekin eta enpresarekin egiten dugu lan: bankuak, negozioburuak, garraiolariak... eta denak daude gure asegurupean. Beraz, espero dugu AEBetako Gobernuak ezarritako neurri berezi honek Yemengo laguntza humanitarioaren egoera kontuan hartzea, eta, beraz, haren jarioa mantentzea. Espero dut datozen egunetan neurriaren ondorioei buruzko informazio gehiago helaraztea, baina oraingoz ez du batere itxura onik: Yemenek izan dezakeen egoerarik txarrena da. Espero dugu erratuta egotea.

Erabaki horrek laguntza humanitarioan izango du eragina soilik, ala herrialdean egongo diren negozio eta transakzioei ere eragingo die?

Noski, sekulako eragina izango du Yemengo ekonomian. Gogoan izan behar dugu herrialdeko ekonomia jada eztanda egitear dagoela, gerra dela eta. Ekonomiak ahultasun kronikoa du; moneta debaluatuta dago, janariaren prezioa gora doa etengabe, langabezia handia dago, eta horri guztiari COVID-19aren eragina gehitu behar zaio. Izendapenak gauzak okertuko ditu, eta zaurgarritasuna areagotuko du.

Erabakiak Yemengo inportazioen zati handi bat blokeatuko du, nazioarteko hornitzaileek ez dutelako herrialdearekin harremanik izan nahiko, eta kontuan hartu behar da inportatutako elikagaiekiko oso menpekoa dela herrialdea. Hornitzaileek janaria banatzeko duten gaitasunean eragingo du neurriak. Hala ere, oraindik argitzeke dagoen kontua da.

Erabat hondoratuko luke, beraz, herrialdea?

Etorkizunean aurreikus daiteke janaria eskuratzeko zailtasunak egongo direla, prezioek gora egingo dutelako, eta jendearen bizi mailak, behera. Herrialde honetan biztanleriaren erdiak baino gehiagok arazoak ditu janaria platerean izateko. Gainera, rial yemendarra, herrialdeko moneta, azkar debaluatuko da, sortuko den krisiaren ondorioz; eta diruaren kostua hazi egingo da. Bankuko ohiko eragiketetan ere izango du eragina, eta nazioarteko monetetara sarbide mugatua izango dute yemendarrek. Azkenean, atzerriko bidalketei ere eragingo die; atzerrian bizi diren yemendarrek herrialdera eta beren familietara bidaltzen duten diruak herrialdeko ekonomian eragin handia du. Litekeena da nazioarteko bankuek erabakitzea Yemen tartean duen edozein transakzio alde batera uztea.

Gure ikuspuntutik honek ez du batere itxura onik, eta benetan espero dugu AEBetako Gobernuak arazo hauek kontuan hartzea.

Orduan, Yemengo herritarrengan izango du eragin handiena?

Zalantzarik gabe. Edozein motatako tentsioak izugarrizko eragina izango du yemendarrengan.

AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeok adierazi du nazioarteko laguntza humanitarioko taldeei lizentziak emango dizkietela herrialdera sartzeko. Nahikoa da?

Ez gaude oso ziur lizentzia horien balioaz, guk eragile askorekin egiten baitugu lan. Ez da gure lana AEBetako Gobernuari zer egin behar duen esatea. Baina badagokigu eskatzea hartzen duen edozein neurritan kontuan hartzeko Yemengo egoera humanitarioa. Eta agentzia eta langile humanitarioek hornidurak bertara eraman ahal izateko behar besteko erraztasuna bermatzeko. Beraz, espero dugu neurri hori malgua izango dela yemendarren plateretara janaria eramatea bermatzeko.

Hala ere, oraingoa ez da huthiak terroristatzat jo dituzten lehen aldia; Yemengo Gobernuaren inguruko kargudunek ere erabili izan dute terminologia bera. Nori egiten dio mesede huthiak «terrorista» izendatzeak?

Mota horretako galderak politikoak eta hipotetikoak dira. Guk, Munduko Elikagaien Programak, jakin nahi dugun gauza bakarra da erabaki honek gure lanean zer eragin izango duen; ea zer eragin izango duen hornidurak Yemenera eramateko. Gainontzekoa analisi politikoa da, eta horrek esan nahi du beharbada ez duela zerikusirik gure betekizunarekin. Gure lana erabaki horren ondorioak aztertzea da.

Beraz, erabaki horrek herrialdeko gerrari eragin diezaiokeela uste duzu?

Momentu honetan dena da espekulazioa eta ezjakintasuna, baina laguntza humanitarioko erakunde gisa, lan egin behar dugu mota honetako erabakiek gure lanean eraginik izan ez dezaten. Laguntza humanitarioa ezabatzea ez da krisirako soluzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.