Gianna Gianulopulu. Irakaslea

«Greziako ikasleen ekimen politikoaren aurka jo nahi dute»

Gobernuak bultzatutako segurtasun legea gogor kritikatu du Atenasko Estatuko Unibertsitateko irakasleak, argudiatuta hautesle kontserbadoreei «atsegin ematea» dela haren helburu bakarra.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
Atenas
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
1982an, eta militarren erregimena amaitu ostean, lege bat onartu zuten, zeinaren arabera Poliziak ezin zuen sartu Greziako 24 unibertsitate publikoetan. Legearen helburua zen 1973an militarrek Atenasko Politeknikoan eragindako sarraskia ez errepikatzea. Baina azken hilabeteetan, Kyriakos Mitsotakis lehen ministroaren gobernuak erabaki du badagoela «segurtasun arazo larri bat» Greziako campusetan.

Ez da lehen aldia eskuineko administrazioak antzeko neurri bat hartzen duena. 2019an dagoeneko, Nikis Kerameus Hezkuntza ministro ultraliberalak bertan behera utzi zuen «asilo legea», argudiatuta askatasunez aritzea ahalbidetzen ziela «gaizkile txikiei eta anarkistei».

Atenasko Estatuko Unibertsitateko Linguistika irakaslea da Gianna Gianulopulu, eta bertatik bertara bizi izan ditu azken hilabeteetako protestak.

Zer gertatzen ari da Greziako unibertsitateetan?

Joan den otsailaren 11n, Greziako Parlamentuaren gehiengoak lege bat onartu zuen, zeina AEBetako unibertsitateetan indarrean den segurtasun ereduan oinarritzen den. Hark eskumena ematen dio gobernuari segurtasun indarrak unibertsitateetara bidaltzeko. Lege berriaren aurkako manifestazioak egin zituzten herrialde osoan, eta, manifestari gehienak ikasleak ziren arren, protestak transbertsalak izan ziren.

[Barne ministro Mikhael] Khrysokhoidisen aginduak jarraituz, Poliziak dozenaka gazte atxilotu zituen; batzuk jo egin zituzten hezurrak apurtzeraino. Polizia batek aurpegian jo zuen ikasle bat su itzalgailu batekin, hainbat hortz apurtu zizkion, eta masailezurra hautsi.

Oposizioak eta ikasle elkarteek salatu dutenez, gobernuak herritarrak beldurtu nahi izan zituen Polizia baliatuta, pandemiaren ondorioz 2020an BPG barne produktu gordinaren%9 galdu zuen herrialde batean datozen hilabeteetan sor litezkeen protesta sindikalen eta sozialen aurrean.

Zer iritzi duzu gobernuak bultzatu duen erreformari buruz?

Mitsotakisek unibertsitateetarako polizia indar berezi bat ezarri nahi izan zuen: indar hori mila agente inguruk osatuko dute, eta ikasle eta irakasleen ekimen politikoen aurka jotzea izango dute helburu, adibidez okupazio ekintzen eta manifestazioen aurka.

Gobernuak «legea eta ordena» nagusi diren testuinguru bat ezarri nahi du unibertsitateetan, baliatuta pandemiaren eraginez urtebete daramatela itxita, eta gehienek etxetik egiten dutela lan.

Gobernuak argudiatu zuen legea beharrezkoa zela unibertsitateetan segurtasuna handitzeko, baina bada halako arazorik?

Ez, ez dago segurtasun arazo handirik Greziako campusetan.AEBetako eta Europako unibertsitateekin alderatuta, argi geratzen da lapurretak eta indarkeria kasuak oso gutxi direla hemen. Legearen helburuak ideologikoak eta politikoak dira, batez ere. Gobernuak pandemiaren eta ekonomiaren kudeaketarekin izandako porrota ezkutatu nahi du, eta atsegina eman hautesle kontserbadoreei eta eskuin muturrekoei.

Manifestazioetan salatu zuten legeak ikasle kopurua ere murriztuko duela. Hala da?

Bai, egia da. Legeak aurreikusten du ikasle berrien kopurua %30 gutxituko dela. Erreformak, Troikaren Memorandumaren urteetan hasitako unibertsitateen pribatizazioarekin batera, handitu egiten du klaseen arteko tartea, eta zaildu egiten die ikasle txiroenei edo langileei goi mailako ikasketak egin ahal izatea. Gainera, unibertsitate publikoetan lortutako tituluak eskola pribatuek ematen dituztenekin parekatzen ditu.

Protestek lortu dute Alexis Tsiprasen aldaketarako promesen porrotaren osteko mobilizaziorik eta ilusiorik gabeko garai luzea amaitzea?

Ez dut uste. Protestek argi erakusten dute Greziako gizartearen zati handi bat demokratikoki erantzuteko gai dela.Oposizio guztiek bat egin zuten lege berriaren aurka: sozialistek, Syrizak, KKEko komunistek eta Iannis Varufakis ministro ohiaren MERA25 alderdi ezkertiarrak; baita parlamentuan ordezkaritza duten ezkerreko alderdiek ere. Testua zentro- eskuineko Demokrazia Berriak eta eskuin muturreko Irtenbide Greziarra alderdiak soilik babestu zuten.

Manifestazioek, berriz, jendetza biltzea lortu zuten, nahiz eta debekatuta egon, kutsatzeak murrizteko neurriengatik; ikasle erakundeez gain, alor publikoko sindikatuek eta irakasleen hainbat elkartek ere bat egin zuten haiekin. COVID-19a dela-eta ezarritako egoeraren ondorioz, online eskaerek eta batzar birtualek ere pisu handia izan dute.

Baina jende askok politikarekiko ilusioa galdu du. Herritar gehienek ez dute itxaropen berezirik, ez agintean dauden politikariengan, ezta oposizioarengan ere. Gainera, gizartearen zati handi bati ez dio kezkatzen Polizia unibertsitateetan ikusteak.

Uste duzu Mitsotakisen gobernuak autoritarismorantz jo duela?

Oso larria eta aurrekaririk gabea da Poliziak manifestarien aurka baliatutako indarkeria.Gobernuak erabaki du pandemia eta itxialdia baliatzea eskuinak aspaldian eskatzen zituen erreforma erreakzionarioak ezartzeko.

Hala ere, protesta mugimenduak ez zuen aurkeztu alternatiba sinesgarri bat gobernuak pandemiarekin egindako kudeaketaren aurrean. Orain arte, ikasle mugimenduak ez du lortu Polizia unibertsitateetan sartu izana gizartearen bestelako beharrekin lotzea, besteak beste, lana, oinarrizko errenta, eskubideak edo osasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.