Puigdemont ezin dela atxilotua izan berretsi du Europako justiziak

Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrarentzat, indargabetuta daude Kataluniako presidente ohi, Comin eta Ponsatiren aurkako euroaginduak

Carles Puigdemont, joan den irailean, Bruselan, bilera batean. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont joan den irailean Sardinian atxilotua izan eta egun batzuetara baldintzarik gabe aske utzia izan ondoren, Kataluniako Gobernuko presidente ohiaren eta Antoni Comin eta Clara Ponsati Generalitateko kontseilari izandakoen defentsek kautelazko neurriak eskatu zituzten. Bada horiek baztertu ditu Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak, argudiatuta Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzioko epailearen euroagindu eskaerak indargabetuta daudela behin-behinean, eta, hortaz, ezingo dituztela atxilotu eta Espainiaratu.

Joan den uztailaren 30ean ere, Junts Per Catalunyaren hiru diputatuek aurrez eskatutako kautelazko neurriak baztertu zituen auzitegiak, eta, orduan bezala, atzo kaleratutako autoan berretsi zuen euroaginduak indargabetuta daudela, Europako Justizia Auzitegiak Llarenak aurkeztutako arazo prejudizial bati buruz ebatzi arte. Joan den martxoan,magistratuak argibideak eskatu zizkion Luxenburgori, euroaginduen eragin ahalmenari buruz eta hari uko egiteko arrazoi posibleei buruz. «Galdera hori denez auzibide penalaren markoan egindako euroagindu eskaerei buruzkoa, prozesu horren indargabetzeak indargabetzen ditu, halabeharrez, aipatutako euroaginduak», nabarmendu du autoan, auzitegiko presidenteordeak. Llarenak adierazi izan du euroaginduak indarrean jarraitzen duela.

«Europako Batasuneko Auzitegi Orokorreko presidenteordeak azaldu du euroaginduak ez direla 'gauzagarriak', horiek 'indargabetuta' daudelako, eta indargabetze hori 'loteslea' delako. Legeak hala agintzen du. Erraza da ulertzen», idatzi zuen Puigdemontek Twitterreko bere kontuan. Autoak azpimarratu du europarlamentariek jarraitzen dutela edukitzen «immunitatea» leku batetik bestera mugitzean. Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuarentzat, ebazpenak berresten du «mugitzeko immunitatea» dutela. «Beraz, Italian [Sardinia] gertatu zena, orduan esan genuen bezala, zuzenbide abusu bat izan zen», adierazi zien atzo kazetariei, Espainiako Auzitegi Nazionaleko saio batetik atera eta gero.

Italiako Poliziak, Sardinian, Algheron atxilotu zuen Puigdemont, irailaren 23an, Llarenak igorritako euroaginduen ondorioz —euroagindua argitu artean aske egon zen—. 11 egun geroago, ordea, Italiako justiziak Puigdemonten kontrako euroagindua eten zuen, Europako Justizia Auzitegiak bere irizpidea argitu arte.

Horrekin guztiarekin lotuta, Europako Parlamentuak immunitatea kendu zien presidente ohiari, Ponsatiri eta Comini, joan den martxoan. Helegitea jarri zuten Europako Justizia Auzitegian, eta Luxenburgoko auzitegiak ebatzi beharko du suplikatorioa legezkoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.