Beroak eta haizeak zaildu egin dituzte suhiltzaileen lanak Leiren

Orografiagatik, ibilgailuak ezin izan dira iritsi, eta airez aritu dira nagusiki. Beste hiru sute ere piztu dira Nafarroan: Tafallan, Olletan eta Larragan

Helikoptero bat Leireko sutea itzaltzeko lanetan, atzo. JESUS DIGES / EFE.
Erredakzioa
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Herenegun gauean Leireko mendilerroan piztu zen suteak kontrolik gabe jarraitzen zuen atzo iluntzean, Nafarroako Gobernuaren arabera. Beste hiru sute itzaltzeko lanetan ere aritu ziren atzo suhiltzaileak Nafarroan; Tafallan, Olletan eta Larragan. Izan ere, Nafarroan gogor jo du beroak. Horrek, landareriaren lehortasunarekin eta haizearekin batera, suteak zabaltzea erraztu du.

Suterik handiena herenegun gauean piztu zen, 23:27an, Leireko mendilerroan, Arangoiti magalean den zuhaizti batean. Ordutik, Zangozako, Nabaskozeko eta Cordovillako suhiltzaileak aritu ziren atzo hura itzaltzeko lanean, eta Espainiako Ingurumen Ministerioak jarritako Foca hegazkin baten laguntza izan zuten; baita Nafarroako Gobernuaren helikoptero batena ere. Arratsaldean, besteak beste, Darocatik (Zaragoza, Espainia) bi helikoptero eta hemezortzi suhiltzaile iritsi ziren lanekin laguntzeko. Gauean unitate gehiago ere batuko zirela azaldu zuen gobernuak; denera, 200 lagun baino gehiago.

Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, beroak eta haizeak lanak zaildu dituzte, ibilgailuekin bertaratzea zaila den eremu batean. Hala, Leireko monasterioa ere hustu zuen Foruzaingoak, sua bertara gerturatzen ari zelako. Halere, arratsaldean ez zuten ikusten sua eraikinera iristeko arriskurik.

Tafallako sutea itzaltzeko lanek ere gorabeherak izan zituzten. Nafarroako Gobernuak eguerdian adierazi zuen hura «kontrolpean» zegoela, baina, arratsaldean, indar hartu zuen, haizeak norabidea aldatzearekin batera. Tafallatik Zangozara doan NA-132 errepideko 22. kilometroaren inguruan piztu zen sutea, herenegun, 22:43an —AP-15 autobidetik eta Tafallako herrigunetik gertu—. 02:45etik, bi orduz eten egin zuten NA-132 errepidea, gidariak arriskuan egotea eragozteko asmoz. Tafallako, Azkoiengo, Lizarrako eta Cordovillako suhiltzaileak aritu ziren atzo hura itzaltzeko lanetan.

Olleta eta Leoz arteko sutea, berriz, atzo goizaldean piztu zen, 06:00etan. Sute hori itzaltzeko lanetan bi helikoptero aritu ziren atzo: horietako bat, Nafarroako Gobernuarena. Bulldozer baten bidez su hesiak sortu zituzten, sua kontrolatu nahirik. Gobernuaren arabera, atzo arratsaldean piztuta jarraitzen zuen suak. Era berean, Larragan beste sute bat piztu zela jakinarazi zuten.

Izan ere, beroak eta landaredia lehor izateak erraztu egiten dute suteak piztea eta zabaltzea. Bero saparen ondorioz, alerta laranja ezarri dute Nafarroan. Erriberan alerta gorria ezarri dute, eta larunbatera arte «tenperatura beroak» izango direla ohartarazi diete herritarrei. Krisi batzorde bat ere eratu dute, prebentzio neurriak ahalik eta azkarren martxan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.