Andrea Meza. Costa Ricako Klima Aldaketarako zuzendaria

«Ikatzean eta gasean inbertitzen segituz gero, ez dugu lortuko»

Hutsuneak ikusi dizkio COP25ari, baina baita aurrerapenak ere. Urterik garrantzitsuena 2020a dela azpimarratu du Mezak, eta bultzatzeko eskatu die herritarrei, potentzia handiak erregai fosiletatik urruntzeko.

inaki petxarroman
Madril
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Costa Rica nazioarteko erreferente bihurtu da klima aldaketaren aurkako borrokan. Aurten aitortu dio Nazio Batuen Erakundeak erreferentzialtasun hori, Lurraren Txapeldun aitortza eginda, herrialdeak aurkeztu dion 2028-2050eko karbonogabetze planagatik. Lan horretan lehen lerroan ari da Andrea Meza (San Jose, 1976) Ingurumen eta Energia Ministerioko Klima Aldaketarako zuzendaria. Madrilgo bilerak zapore gazi-gozoa utzi dio, baina argi du 2020a izango dela «urteen urtea».

Arriskua dago COP25 bilera akordiorik gabe amaitzeko. Porrota litzateke hori?

Zenbait kasutan akordiorik ez egotea, agian, ez da horren txarra. Esaterako, Parisko Hitzarmenaren seigarren artikuluaren kasuan, edozer gauza onartzea okerragoa izan liteke.

Eta bitartean?

Parisko Hitzarmenean nahiko osagai daude klimaren alde jarduteko. Uste dut gobernuek horretan jarri behar ditugula indarrak. Gogoratu behar da 2020a urteen urtea dela. Orduan ikusi behar ditugu aurreikuspen hobetuak, eta, horretarako, presio handia egin beharko da isurtzailerik handienen artean, konpromiso gehiago har ditzaten, inbertsioak ken ditzaten energia fosiletatik eta ezar ditzaten norabide onean dauden proiektuetan.

Ikusten duzu aukerarik aurrera egiteko?

Klimaren aldeko ekinaldian egiten ari diren proiektu batzuk ikusten aritu naiz COP honetan. Zenbait udalek dituzten asmoak, sektore pribatuak berak dituen beste batzuk... Nola egiten duten trantsizioa bidezkoa izan dadin, kasu zehatzetan. Esate baterako, zer egiten duten ikatz meategi bat ixtera doazenean. Badira argiak eta ilunak, prozesu guztietan bezala. Baina baloratu egin behar dira egiten ari diren ahaleginak ere.

COP25 egin izana bera baloratzeko modukoa iruditzen zaizu?

Bai, Txilek bertan behera utzi zuenean, ia ezinezkotzat jotzen zen ezer antolatzea, eta Espainiaren keinua eskertzekoa da. Alde anitzeko prozesuen aldeko jarrerari eutsi egin behar zaio, denon arazoa baita. Ikusten da elkarlana dagoenean aurrera egin daitekeela, eta segitu behar dugu herrialde batzuen oztopoen aurka lanean. Eta horretan ere keinu positiboak ere nabarmendu behar dira.

Adibidez?

Hemen izan dira AEBetako legegileak, Kongresuko kideak... Badira hiriak eta estatuak. Nahiz eta Washington irteteko zorian egon, badira itxaropenerako arrazoiak.

Zeintzuk dira puntu garrantzitsuak Costa Ricarentzat?

Ozeanoak garrantzitsuak dira guretzat, eta naturan oinarritutako irtenbideak. Gure herrialdeek bioaniztasun handiko eremuak dituzte, eta babesteko ahalegin berezia egin behar dugu. 2020a urte garrantzitsua da horretan ere. Gu ari gara bultzatzen 30x30 deitzen diogun irtenbidea.

Azal dezakezu zer den hori?

Horrek esan nahi du ekosistemen %30 babestea 2030 urterako. Helburu hori bioaniztasuaren konbentzioan eztabaidatuko da datorren urtean, Txinan, eta ez da erraza izango. Baina borroka egin beharko da lortzeko.

Gaur egun zenbat ekosistema daude babestuta?

Lurreko ekosistemen %15 inguru, baina itsasoko ekosistemei begiratuta, askoz gutxiago. Ohartu behar gara zein garrantzitsuak diren itsas ekosistemak, tresna benetan funtsezkoak direlako orekak egiteko, bai klimaren gaian—CO2 xurgatzaile handiak dira—, bai ekosistemen osasuna eta bioaniztasuna bermatzeko.

Bada aurrerapenik horretan?

COPen gaiaz hitz egin dugu, eta hori berria da, aurreko konferentzietan kasik ez baitzen itsasoen gaia aipatu. Baliteke gaian sakontzeko lantalde bat irtetea. Costa Ricaren kasuan, ozeanoei buruzko bizpahiru aditu ekarri ditugu, eta hori seinale bat da. Askoz ere ikuspegi osoagoa izan behar dugu orain arte ahaztuta utzi ditugun horiei buruz.

Gai horren aipamen bat egoteak zer aurrerapen ekarriko luke?

Garrantzitsua litzateke ozeanoei buruz hitz egiten hastea, hor dugun hutsunea agerian uztea. Oraindik ere ekosistemarik ezezagunena da; munduaren zabortegia, nolabait. Aipamen bat egiteak lagunduko du ikertzen hasteko, klima aldaketak itsasoetan duen eraginaz... Horrela, herrialde batzuk hasiko dira naturan oinarritutako irtenbideak bilatzen. Erraz neurtzen ditugu garraioa, energia eta bestelakoak, baina berde eta urdin kontzeptuak oraindik urrun dauzkagu.

Klima aldaketa ikuspegi zabalarekin llantzen ari da Costa Rica, besteak beste, giza eskubideak eta generoa aintzat hartuta.

COP honetan Latinoamerikako herrialdeak ikusi ditut horretan ausardiaz inplikatuta, eta adierazgarria da, zeren historikoki Kanada eta Europa iparraldeko herrialdeek ekartzen baitzituzten gai horiek. Hor ditugu indigenak, nekazariak, tokiko komunitateak... Parisko Hitzarmenaren seigarren artikulu hori ezin dugu itxi giza eskubideei buruzko aipamen bat egin gabe. Trantsizio energetikoa ikuspegi osoarekin egin behar da, gizarte ezberdintasunak aintzat hartuz, kolektiborik kalteberenak identifikatuz eta lurralde bakoitzari dagokion erantzun berezia emanez.

Asko hitz egiten ari da isurketen merkatu horri buruz, baina zer dago herrialdeen arteko eztabaida horren azpian?

Herrialde batzuek nahi dituzte karbono merkatuak klimaren aldeko ekinaldia bizkortzeko eta karbonogabetzen joateko. Beste batzuek, berriz, diru errazerako bide bat ikusten dute hor, karbonogabetzeko prozesuari bultzadarik eman gabe. Tresna bat da batzuentzat; eta helburu bat besteentzat. Karbonogabetzen joateko tresna bat bada, beharrezkoa da ingurumen osotasuna aintzat hartzea, kontabilitate bikoitza saihestea eta kreditu zaharrak sistematik kanpo uztea. Puntu honetan bat gatoz Latinoamerikako gehienak.

Brasil, ordea, ez…

Bai, kreditu zaharrak ditu, eta nahi du horiek balioestea. Legitimoa da, agian. Baina hari onartzen badiogu, Txinak eta Indiak ere badituzte. Eta, bestetik, giza eskubideen gaia dago,eta komunitate indigenak, asko sufritu dutenak gai honekin. Zeren, zentral hidroelektriko bat egin baitezakezu —ustez karbono isurketak murrizteko—, eta hainbat komunitate euren bizilekutik bota. Beraz, karbonoa murrizteak ez du talka egin behar ekosistemen eta giza eskubideen babesarekin.

Zuek apustu egin duzue naturan oinarritutako irtenbideetan. Zer esan nahi du horrek?

Azpiegitura berdea dela klima aldaketari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena, erresilientzia oinarririk onena. Mangladia dagoen bezala uzten baduzu, urakanak kalte gutxiago egingo du; eta basoa uzteak lagunduko dizu luiziak saihesten. Hau da, ulertu behar da natura aktibo garrantzitsua dela, eta gure betebeharra dela babestea. Orain arte, mundu mailan, klima aldaketari aurre egiteko finantzaketaren oso zati txikia (%3 inguru) joan da horretara eta kopuru hori handitu egin behar da. Jakina, agenda hori hegoalde globala ari da bultzatzen.

Zergatik?

Klima aldaketaren aurkako teknologia gogorra herrialde garatuetan ari delako garatzen. Hegoalde globalean, baina, ekosistemak ditugu, eta ez dira izan behar irtenbiderik merkeena. Ekimen industrial baten karbono kredituak, batzuetan, tonako 70 dolar[63 euro] balio izan du. Eta naturan oinarritutako sistema horiei bost dolarreko kostua ezarri zaie sistematikoki. Desoreka horiek puskatu behar dira.

Isurketak murrizteko konpromisoak gainditzeko gehiago behar da, eta ez da ikusten asmo handirik.

Kutsatzaile handien plan handinahiagoak ikusi nahi ditugu. Eta hor G20ko herrialdeek ere berena egin behar dute, hau da, indartzen ari diren ekonomiek. Ez bakarrik Txina; Argentina eta Mexiko ere behar dira hor. Haiek ez badute euren lana egiten, ez gara iritsiko. Beraz, herrialde horietako herritarrei ere tokatzen zaie presio egitea 2020an etor daitezen helburu handinahiagoekin.

Eta Parisek aipatutako 100.000 milioi dolarreko poltsa?

Garapen bidean garen herrialdeok argi izan behar dugu hau ez dela egingo baliabide publikoen mobilizazioarekin bakarrik, kreditu bigun eta donazioekin. Finantza sistema aldatu behar da, ekoizpen moduak, industria. Gaia ez da bakarrik ea zenbat emango diguten, baizik eta nola eramango ditugun inbertitzaileak erregai fosiletatik kanpo. Horretan garrantzitsua da Europako Inbertsio Bankuak iragarritakoa.

Txinak jarraitzen du ikatz sektorean inbertitzen.

Ondo dago zuhaitzak landatzea ez dakit non, baina jarraitzen badugu ikatzean eta gasean inbertitzen, ez dugu lortuko.

Eta erregai fosiletako enpresen lobbya ikusten duzu laguntzeko prest?

Oraingoz ikusten dudana da balazta lanean ari direla. Jabetzen dira gero eta presio gehiago dutela, baina indar handia daukate oraindik eta inbertsio erraldoiak herrialde indartsuetan. Askoz ere gehiago bultzatu beharko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.