Charo Roquero. Historialaria

«Andreek egiaz ez zuten botere politiko eraginkorrik izan»

Antzinako erregimenean emakumeak nola bizi ziren azaldu du Roquerok, eta haien ohiturak, lanbideak eta gatazkak aletu ditu. Nabarmendu du andreen arteko elkartasun handia zegoela XVII. eta XVIII. mendeetan.

JON URBE / @FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Emakumeen historia argitara ateratzeko egitasmoan, Historia de las mujeres en Euskal Herria sortaren bigarren liburua kaleratu du Txalaparta argitaletxeak: Charo Roquero historialariak XVII. eta XVIII. mendeetako egoera ikertu du. Jarraian irakurtzeko baino gehiago, kontsultarako liburu bat dela argitu du egileak, baina erantsi du zeharka ageri dela ideia bat: «Garai hartako moralak oso mugatuta bizi ziren andreak, baina kemen handia zuten».

Bilduma baten parte da liburua. Zein da helburua?

Abiapuntua da ez dagoela emakumeen historiari buruzko lanik eginda Euskal Herrian. Emakumeen historia ez da existitu: ematen du emakumerik ez dela izan; ez dago haiei buruzko informaziorik. Dokumentazio lana zaila izan da, eta ia iturri bakarra epaitegietako dokumentazioa eta auzibideen txostenak izan dira; hor, auziak baino gehiago, lekukotasunak dira interesgarriak, garai haietako ohiturak azaleratzen dituztelako: lekuko bat erromeriatik zetorrela... Lan hori oso polita izan da, eta historia oso mamitsua atera du argitara, andreek bizi asko atera zituztelako aurrera: baserrian, ahozko tradizioan, abeltzaintzan, arrantzan... Oso bidegabea da hori guztia ezezaguna izatea.

Liburuaren hasieran diozu emakumeen askatasuna oso txikia zela. Nolakoa zen XVII. eta XVIII. mendeetako patriarkatua?

Bizimoduan, alde nabarmenak zeuden lekuaren arabera: ez zen berdina kostaldean edo Nafarroako landa eremuan bizitzea. Edonola ere, emakumeak oso mugatuta zeuden, garai hartako morala oso-oso tradizionala zelako: erlijioak eta Elizak pisu handia zuten. Eta andreak egokitu egiten ziren arau horietara. Tratu txarrak, adibidez, onartu egiten zituzten gehienek, uste zutelako euren egitekoa zela senarraren mendekoa izatea. Gainera, kontrol handia zegoen auzoetan: bizilagunek zelatatu egiten zituzten, auzibidera jotzeraino, adibidez, uste bazuten andre bat adulterioa egiten ari zela. Halere, agiriak aztertuta ondorioztatu dut oso emakume ausartak zirela, kemen handikoak: menditik oinutsik jaisten ziren, egunerokoan lan handia egiten zuten, baita indar fisikoa erabiliz ere, eta ez ziren kikiltzen.

Zer lan mota egiten zuten?

Emakumeek lan asko eta askotarikoak egiten zituzten, baina hor alde handia zegoen hirien eta landa eremuen artean. Baserri bizimoduan, nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen ziren; hirietan, berriz, harreman handiagoa zuten portuekin, ostatuekin, kontrabandoarekin —gona azpian denetik eramaten zuten—, eta han neskameak, garbitzaileak eta halakoak ere bazeuden.

Berariaz aztertu duzu ezkontzeko adinean zeuden emakumeen egoera. Zergatik?

Emakumeek ez zutelako banako nortasunik ez baziren ezkontzen, eta horretarako ezkonsari bat izan behar zuten. Baina andre haiek abilak ziren aurrera egiteko moduak ateratzen, eta auzibideetako agirietan gauza bitxi bat ageri da horri lotuta: ezkonsari baliotsuena birjintasuna zenez, ezkondu aurretik sexu harremanak zituztenean, gizonak salatzen zituzten estuproagatik; hala, dirutan jasotzen zuten kalte-ordaina ezkonsari gisa erabiltzen zuten, eta ezkontzen merkatuan sar zitezkeen.

Zer gertatzen zen ezkontzea lortzen edo onartzen ez zuten emakumeekin?

«Besteak» ziren; liburuan kapitulu oso bat dago beste gisa izendatutakoen inguruan: tabernariak, etxegabeak, prostitutak, adulteriogileak, banatuak... Garai hartan moral sexuala oso kontrolatuta zegoen, eta auzitan jartzen zituzten emakumeen ohiturak, ordutegiak, manerak, janzkera... Beraz, arau haietatik pixka bat ateratzen zirenean, beste horietako bat bihurtzen ziren. Prostituzioarekin, gainera, kontuan izan behar dugu Pasaiako eta Bilboko portuak oso handiak zirela, eta halakoen alboan beti egoten zela prostituta asko. Gainera, andreren bat ezkontzatik kanpo haurdun geratzen bazen, arazo handia zen, adibidez, abortatzea. Izatez, «zalantzazko morala» zuten andre haiek giltzapetzeko kartzela bereziak prestatu zituzten.

Beste andre asko bakarrik bizi ziren, ezta?

Bai. Asko alargunak ziren, baina beste asko, ezkonduta egon arren, praktikan bakarrik zeuden. Kostaldeko herrietan, arrantza sasoietan, itsasoratzean gizonak hilabeteetan zehar desagertzen ziren —eta epe luzeak izaten ziren, garai hartan hasi baitziren lan hura Amerikaraino hedatzen—, eta haien emazteek bakarrik atera behar zuten bizimodua aurrera; sarri ez zekiten senarrak itzuliko ziren, edo beste leku batean berriro ezkonduko ziren, baina, halere, emakumeak hemen asko kontrolatzen zituzten. Ezkondu eta ezkongabe arteko erdibide batean geratzen ziren.

Lehen aipatu duzu bikote barruko tratu txarrak, nolabait, naturalizatuak zituztela andreek. Zer funtzio zuen bortizkeria hark?

Gizonek barneratuta zeukaten jaun eta jabe zirela, eta emakumeek ikasia zuten beren funtzioa zela gizonaren mendeko izatea, gutxi hitz egitea eta jatorduak prest edukitzea. Hori guztia oso onartuta zegoen. Auzibide batean irakurri nuen Donostiako emakume batek eztabaida bat izan zuela portuko kapitainarekin, eta gizonak bi masaileko eman zizkionean andreak erantzun ziolaez zuela halakorik onartuko, bazuela nork jo etxean. Harrigarria iruditu zitzaidan. Asimilatua zuten bortizkeria hori, baina, aldi berean, emakumeen arteko elkartasun handia zegoen: baten batek tratu txarrak jasaten zituenean, inguruko baserrietako emakumeak defendatzera joaten ziren, eta laguntza bilatzen zuten.

Erresistentzia estrategiak, beraz, bazeuzkaten.

Bai, auzibide askotan ikusi nuen hori. Kasu batean, esaterako, Donostiako Konstituzio plazan denda bat zeukan andre bat jipoitu zuen senarrak, eta dendako giltzak kendu zizkion; bada, plazako gainerako emakumeek giltzak kendu zizkioten gizonari, emakumea berriz sar zedin. Hau da, mendekotasuna eta moral itxia barneratuak zituzten, baina muga horiek urratzen ere saiatzen ziren, adibidez, hirietara joaten zirenean. Nik liburuan aztertutako garaiaren ostean hasi ziren hori hausten, XIX. mendean.

Liburuan diozu estimulu intelektual bakarra euskaraz jasotzen zutela andreek. Zer leku zuen hizkuntzak haien bizitzan?

Gai labainkorra da. Emakumeak euskararen transmisioarekin lotu izan dira beti, ahozko transmisioaz eta seme-alabak hezteaz arduratzen zirelako. Baina, matriarkatuarekin gertatu den bezala, historiografiak salatu izan du hori guztia eztitu egin dela, erabili dela nolabait euskal kulturaren irudi ona eraikitzeko. Andreek rol garrantzitsua izan zuten ikuspegi psikosozialetik, baina egiaz ez zuten botere politiko eraginkorrik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.