Laboristek eskura dute Norvegiako Gobernua berreskuratzea

Jonas Gahr Storek ezkerreko sozialistekin eta zentristekin osatu nahi du kabinetea. Erregai fosilen kudeaketak banatzen ditu bi aldeak

Jonas Gahr Store laborista, bozen emaitzak ospatzen, Oslon. JAVAD PARSA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Eskuineko indarrek hauteskundeetan izaniko beherakadak boterea berreskuratzeko aukera eman die Norvegiako laboristei. Jonas Gahr Store hautagaia baikor agertu da garaipenaren ostean, eta urriaren erdialderako osatu nahi du kabinetea. 2005eko bozen ostean erabilitako hiruko formula du buruan lider laboristak, eta, hori lortzeko bidean, behar beste denbora negoziatzeko prest agertu da: «Aldaketa bat nahi duen gehiengoa hain da argia, ezen ardura handi bat den segurtasunez gobernatuko duen oinarri bat aurkitzea».

Emaitzen berri izan bezain laster hasi ditu elkarrizketak Storek, parlamentuko gehiengoaren babesa lortzeko asmoz: 169 diputatuetatik gutxienez 85 behar ditu. Laboristek jakinarazi dutenez, Alderdi Zentrista eta Ezker Sozialista izan dira Storeren deia jaso duten lehen bi indarrak. Hiruren artean, 89 eserleku izango lituzkete: 48 laboristek, 28 zentristek eta hamahiru sozialistek. Adostasunik lortu ezean, Alderdi Gorriarekin (8 diputatu) eta berdeekin (hiru) ere esertzeko prest agertu da.

Izan ere, ez du erraza izango koaliziokide izandakoak berriz elkartzea. Hiru alderdiek osatu zituzten Jens Stoltenbergen bi gobernuak (2005-2013), baina azken hauteskunde kanpainan bestelako jarrera bat erakutsi dute. Erregai fosilen kudeaketaren inguruko eztabaida medio —Norvegia da Europa mendebaldeko petrolio ekoizle nagusia—, zentristen buru Trygve Vedumek sozialistak ekuaziotik kanpo uztea babestu zuen. Hari eta Audun Lysbakken sozialisten buruari mintzatu zaie Store: «Gehiago da batzen gaituena, banatzen gaituena baino».

Laboristek 2017ko bozetatik puntu bat behera egin duten arren (botoen %26,3), datozen lau urteetan eserleku gehien izango dituen indar parlamentarioa da; hala izan da 1927ko bozetatik. Halere, azken urteetako beherakada eteteko gai izatea baino gehiago, haren aliatu izan daitezkeenen gorakada da Store lehen ministro izateko hautagai sendo bilakatu duena. Alderdi zentristak botoen %13,6 (%3,3 gehiago) bereganatu ditu, eta orain arte baino bederatzi parlamentari gehiago izango ditu. Ezker Sozialistak, berriz, puntu eta erdi egin du gora. Horiez gain, berdeek eta gorriek ere emaitzak hobetu dituzte. Bi diputatu gehiago izango dituzte lehenek, eta zazpi gehiago besteek.

Kontserbadoreen porrota

Kontrako norabidea hartu du eskuineko koalizioak: aurrekoan, botoen erdiak lortu zituen; orain, %39,5era jaitsi da. Alderdi Kontserbadoreak hartu du jipoirik handiena; botoen %4,5 eta bederatzi diputatu galdu ditu, eta 36 diputaturi eutsiko die Stortingen. Azken urteetan, gobernukide izan dira liberalak eta kristau demokratak ere. Lehenek euren zortzi diputatuei eustea lortu duten arren, kristau demokraten egoera bestelakoa da; bost ordezkari galdu dituzte, eta ez dute izango hiru besterik.

Gobernu kontserbadoreen parte izan ez arren, eskuin muturreko Aurrerapenaren Alderdiaren babesa ezinbesteko izan du Erna Solberg lehen ministroak botereari eusteko. Hala, horiek ere ez dira libratu eskuineko blokeak hartutako kolpetik. Sei parlamentari gutxiago izango dituzte; 21, denera. Hala, eskuineko alderdien batura 68 ordezkarirekin geratuko da; hogei gutxiago.

Azken eserlekua Pazienteak Enfokatu alderdiarentzat izan da. Finnmark eskualdeko Alta ospitalea eraberritzeko sortutako plataforma bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.