A-9ko prozesuagatik lau delitu egotzi dizkio Estatuko Fiskaltzak Artur Masi

Kataluniako presidenteaz gain, Joana Ortega presidenteordea eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria ere salatu ditu.

«Desobedientzia larria» leporatu die.

Estatuarekiko arrakala handitu egin du kereilak
Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau, Kataluniako Parlamentuan.
Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau, Kataluniako Parlamentuan. TONI ALBIR / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko azaroak 22
Kataluniaren burujabetza aldarrikatzen duten indarren eta Espainiako Estatuaren arteko arrakala erabat zartatzeko zorian jarri du Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak A-9ko prozesu parte-hartzaileagatik atzo aurkeztu zuen kereilak. Desobedientzia larria, prebarikazioa, diru publikoen bidegabeko erabilera eta eginkizunen usurpatzea egotzi dizkie Estatuko Fiskaltzak Artur Mas Kataluniako presidenteari, Joana Ortega presidenteordeari eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariari, Auzitegi Konstituzionalaren debekua aintzat hartu ez eta azaroaren 9ko bozketa antolatzeagatik. Torres-Dulcek behartu du kereila aurkeztea Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, erakunde horretako fiskalek hala egitea baztertu ostean, eta Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiaren sinadura darama salaketak.

«Ez dugu izan nahi adierazpen askatasuna sustatzeagatik kereila jartzen duen estatu baten parte». Françesc Homs Kataluniako Presidentetza kontseilariaren adierazpenak ondo islatzen du indar subiranisten artean kereilak eragin duen haserrea. Ildo beretik jo dute alderdi subiranistek, eta ERCko parlamentari Oriol Amorosek antzeko hitzak erabili ditu: «Espainiako estatuak gure estatu izateari utzi dio, eta kontra egiten digun estatu bat bihurtu da».

Hirugarren bidearen aldekoek ere itsukeria egotzi diote Espainiako Gobernuari. «Rajoyk badaki kereilak dena izorratzen duela», esan du Unioko Josep Antoni Duran Lleidak. PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiko bozeramaile Maurici Lucenari ere «ulergaitza» egin zaio kereila aurkeztea, elkarrizketa zailtzen duelako; baina egonezin handiagoa agertu du horrek Masi hauteskundeetan mesede egingo bide diolako.

Bezperan, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPen talde parlamentarioetako bozeramaileek beren burua erruduntzat jo zuten, Estatuko Fiskaltzari igorritako gutun baten bidez, A-9ko prozesuagatik. Kataluniako Parlamentuak agindu baitzion Masen gobernuari independentzia erreferendum bat antolatzeko, horren ondorioak beren gain hartu zituzten Jordi Turull, Marta Rovira, Dolors Camats eta David Fernandezek.

Masi, Ortegari eta Rigauri «jokaera bidegabea» izatea egotzi die Torres-Dulcek, Estatuko Fiskaltzako Juntaren babesarekin, Auzitegi Konstituzionalak A-9a bertan behera utzi ostean debekua ez zutelako aintzat hartu: «Errealitatearen ikuspegi alderdikoiak gain hartu zion beren zeregin administratiboak modu objektiboan eta zuzenbideari jarraituz betetzeko eginkizunari».

Sei milioi botopaper eta hautetsontziak egiteko presoak baliatzea, ikastetxeetako zuzendariekin azaroaren 9an bozkalekuak irekitzeko izaniko bilera eta komunikazioak edo A-9ko emaitzen berri Generalitatearen ezkutu eta sinbolo ofizialen ondoan ematea, Kataluniako Gobernuko hiru ordezkariei desobedientzia egozteko oinarri bihurtu ditu Estatuko Fiskaltzak. Indar gehien ustezko delitu hori eta prebarikazioa argudiatzen egin du Fiskaltzak, baina dirua bide gabe erabili izana ere egotzi die Generalitateko arduradunei, «zuzenbidearen kontrako ekintza batez gain, delitu bat egiteko», A-9aren inguruko antolaketagatik.

Lau delituengatik urtebeteko espetxe zigorra eta 18 urteko inhabilitazioa jaso dezakete, baina defentsarako oinarri sendoak prest dituztela jakinarazi du Generalitateak. JpD Demokraziaren aldeko Epaileen eledun Joaquim Boschek, ordea, zalantzan jarri du desobedientzia delituak aurrera egitea, Auzitegi Konstituzionalak ez zuelako pertsona jakinen kontrako agindurik eman. «Jazarpen politikoa» salatu du CiUk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna