Ali Txarinski. Errusiako musulmanen eskubideen aldeko ekintzailea

«Errusian dena inprobisazioa da, kaosa»

Errusiako 27 milioi musulmanen eskubideak defendatzen ditu Txarinskik, eta Mahomaren karikaturen egileentzat ez dauka errukirik: «Gertatutakoa merezi zuten».

Olatz Urkia
Mosku
2015eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ali Txarinski dentista da formazioz, eta sare sozialen bidez komunitate musulmanaren barne-barneraino sartu da, Errusiako musulmanen eskubideen alde borrokatzeko. Uzbekistanen jaioa, Sobietar Batasuna erori zenean Dagestanera joan zen, 3 urte zituela. Moskura etorri zen ikasketak burutzera, eta kapitalean daramatza jada 17 urte.

Dentistaren gailuak utzi eta sare sozialetan sartu zara musulmanen aldeko borrokan. Nolatan?

Errusian 27 milioi herritar musulmanak gara, eta, herrialde honetako zati garrantzitsu bat garen arren, gure eskubideak ez dira errespetatzen. Dagestango egoera berbera Moskun ikusten hasi nintzenean erabaki nuen hau gelditu beharra zegoela.

Iparraldeko Kaukasoan musulmanen aurka bidegabekeriak egunero egiten direla badakigu; ohituta gaude hori entzutera. Baina azken urteetan egoera okertu egin da, eta biolentzia egoerak Moskuko musulmanek ere jasan behar dituzte. Hemen komunitate musulmana beldurturik bizi da.

Nor dago musulmanen kontrako biolentzia horren atzean?

Faxista errusiarrak, herritar islamofoboak… Baina, batez ere, gobernua. Errusiako autoritateek gerra deklaratu diote komunitate musulmanari.

Adibide bat?

Sobran. Azaroaren 13an, arratsean, emakume musulman batek hiru labankada jaso zituen sabelean. Emakume horrek hijaba zeraman jantzita, eta badakizu, errusiar askok hijaba daramaten emakumeak gorroto dituzte, denak terroristak direla uste dutelako. Ba, emakume hori ozta-ozta atera zen bizirik. Ospitalera bisita egin nion, eta berak kontatu zidan: kalean lasai zegoen, eta, bat-batean, itxura eslaviarra zuen gizon bat gerturatu, eta eraso egin zion. Eta non dago orain gizon hori? Albistea nonbait argitaratu dutela uste al duzu? Ez; inon ere ez. Eta Poliziak ez du ezer egin erruduna aurkitzeko. Dagestanen ere kazetari musulmanak bat-batean desagertu, eta inork horretaz hitz bat ere esan ez. Bidezkoa iruditzen al zaizu? Zifra ofizial bat emango dizut: Dagestanen 8.000 pertsona inguru desagertu dira. Eta denek dakigu horren atzean Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federala dagoela. Errusiako komunikabideek ez diote lekurik eskaintzen gure herriko kazetariren bat desagertu edo eraila izan denean; Parisen hildako kazetariez, ostera, egunero hitz egiten dute.

Eta zer diozu zuk Parisen gertatutakoaz?

Nik ez nuke inoiz armarik eskuetan hartuko; ez naiz horretarako gauza. Parisko biktimen artean, askok, islamaren arabera, ez zeukaten hil beharrik. Baina karikaturak marraztu zituztenek gertatutakoa merezi zuten. Ezin dut ulertu Europan manifestazio ikaragarriak egin izana karikaturak defendatzeko.

Zer uste duzu Europari buruz? Antzik ba al dute Errusiak eta Europak?

Inola ere ez. Kultura musulmana eta laikoa oso desberdinak dira, baina biek sistema bat daukate barnean, ideologia bat. Errusiak aldiz, ez dauka inolako barneko sistemarik, hemen dena inprobisazioa da, kaos hutsa: gaur Putin, bihar Medvedev eta etzi berriro ere Stalin.

Errusian etorkizuna hobea izango al da?

Ez, gero eta okerragoa izango da. Baina horrek ez du esan nahi errenditu behar dugunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.