Tobin tasak tramiterako oniritzia lortu du Espainiako Kongresuan

Espainiako Ogasunak uste du urtero 850 milioi euro bilduko lituzkeela finantza transakzioen gaineko %0,2ko zerga berriarekin

Maria Jesus Montero, atzo Espainiako Kongresuan. J.J. GUILLÉN / EFE.
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bozketa sinbolikoz betetako astea izan dute Madrilen, Espainiako Kongresuan. Eta atzo, foro horretan urrats garrantzitsu bat egin du beste egitasmo esanguratsu batek. Diputatuek oniritzia eman diote finantza transakzioen gaineko zergari —zeina ezagunagoa den Tobin tasa izenez—, atzera bota baitituzte lege proiektuari PPk, Voxek eta Ciudadanosek aurkeztutako osoko zuzenketak.

Orain, proiektua ogasun batzordean eztabaidatuko dute. Lege proiektuaren ildo nagusiak onartzen badira, Espainiako sozietateen akzioen erosketak zergapetuko dira, %0,2ko tasarekin, betiere sozietate horiek burtsan kotizatzen badute, eta 1.000 milioi eurotik gorako kapitalizazioa badute. Zerga berriarekin, Pedro Sanchezen gobernuaren kalkuluen arabera, 850 milioi euro bilduko lirateke urtero.

Espainiakoa ez da finantzetako salerosketak zergapetu nahi dituen gobernu bakarra. OCDEnzabalik daude halako tasa bat orokortzeko negoziazioak; Europako Batasunean hamar herrialdetan dago halako tasa bat—Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan, esaterako— eta asmoa harmonizazio bat iristea da.

Horiek gogoratu zituen atzo Espainiako Ogasun ministroak, Maria Jesus Monterok lege proiektua defenditzeko orduan. Monteroren ustez, «espekulazio praktikak eragozteko» tresna izango da zerga, eta balioko du «finantza sistemak bidezko ekarpena egin dezan». Ogasun ministroaren ustez, «pribilegio onartezina da» halako operazioek inolako zergarik ez izatea.

BGAEak eta pentsio funtsak

PPrentzat, ordea, krisi garaian herrialdeak behar duenaren kontrakoa da Tobin tasa. Popularren ustez, zergak jaitsi egin behar dira, eta ez igo, eta bezeroak izango dira operazioen gaineko zerga horren ordaintzaileak. Voxek eta Ciudadanosek argudio bertsuak eman zituzten. Haien ustez, enpresen lekualdatzeak eragingo ditu, baita finantza entitateenak ere.

Proiektuari tramiterako bidea eman dioten alderdietako bat EAJ izan da. BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak eta pentsio funtsak zerga berritik salbuetsita geldi daitezen saiatuko dira jeltzaleak, bestela tasak «pentsio osagarri txikiagoak eragingo lituzkeelako».

EH Bilduk uste du «norabide zuzenean» badoaz ere mota horretako zergak motz gelditzen direla, «urrats txiki edo adabakietan».

ERCri ere iruditu zaio lege proiektuan jasotako helburuak ez direla nahikoa handinahiak, eta zerga oinarriak zabalagoa izan beharko lukeela, finantza eratorriak bezalako beste operazio batzuk, «espekulatiboenak» zergapetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.