Miquel Ramos. Kazetaria

«Eskuin muturraren helburua da gure sen ona konkistatzea»

Espainiako Estatuan 40 urteotan antifaxismoak ultraeskuinari nola aurre egin dion kontatu du Ramosek liburu batean. «Eskuin muturra instituzioetara iristean, hori bere kontua ez zela uste zuen jende askok sentitu du badela bere kontua».

GORKA RUBIO / @FOKU.
Igor Susaeta.
Donostia
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Neonaziek Guillem Agullo gazte antifaxista hil zuten 1993ko apirilaren 11n, Montanejosen (Herrialde Katalanak). Miquel Ramos eskuin muturrean eta mugimendu sozialetan espezializatutako kazetaria (Valentzia, 1979) 14 urte betetzear zen orduan. «Ni nengoen ingurune batean izan zen, eta hori oso traumatikoa izan zen bai gure belaunaldiarentzat, bai gure ingurunearentzat». Hilketa hark zerbait piztu zuen Ramosen barrenean, eta ibilbide bital eta profesional baten emaitza da Antifascista. Así se combatió a la extrema derecha española desde los años 90 liburua (Antifaxistak. Horrela aurre egin zitzaion eskuin mutur espainiarrari 90eko hamarkadatik), Capitan Swing etxeak kaleratua.

Bigarren edizioa argitaratu dute, eta katalanera itzultzen ari dira. Ramos Espainiako Estatu guztian ari da aurkezten. Aurreko astean Donostian eta Bilbon izanzen.

Eskuin muturraren nemesia da antifaxismoa?

Pertsona askoren bizitzaren eta guztion eskubideen eta askatasunen aurkako mehatxu bati aurre egiteko erreakzio natural bat da antifaxismoa. Pelikula honetako drama da jende gutxik sentitu zuela bere kontua zela eskuin muturraren mehatxua.

Zergatik?

Franco hil zenean ahalegin bat egin zelako saltzeko faxismoa diktadorearekin hil zela eta trantsizioa demokraziaranzko paseo bat izan zela; dena ondo zegoela. Frankismoa eta ondoren trantsizioa era kontziente edo militante batean bizi izan ez zuten belaunaldiek —nireak, adibidez— ez zuten kontakizun hori erosi.

Baina apelazio hau, beharbada guk sentitu genuena gure jakin-nahi politikoarengatik eta gure ingurunea mehatxupean eta erasopean sentitzen zelako, ez zen orokorra. Oso jende gutxi ohartu zen eskuin muturrak hor jarraitzen zuela; eta ez era diskretu batean, baizik eta kolektibo batzuei jazarriz eta haiek hilez: immigranteak, LGTBI pertsonak, etxerik gabekoak, ezkerreko jendea...

Instituzioek nola erreakzionatu izan dute eta nola erreakzionatzen dute, gaur egun, eskuin muturraren indarkeriaren aurrean?

Estatuarentzat eskuin muturra ez da arazo bat izan; areago, eskuin muturra sarri iristen zen estatua publikoki iristen ez zen lekuetara. Hori Xavier Vinader kazetariak esaten zuen. Eskuin muturra ez da inoiz mehatxu bat izan sistemarentzat; kontrakoa baizik: balio izan du egiturak zurkaizteko, pribilegiatuen pribilegioak mantentzeko, eta eraso egiteko zaurgarrienei eta aldaketa sozial bat aldarrikatzen zutenei. Erreminta perfektu bat da statu quo-ari eusteko.

Kasu oso mediatikoekin —Aitor Zabaletarena, Lucreciarena...—, estatua saiatu da horri marko bat jartzen, esaten ordena publikoko arazoak izan zirela, gazteen indarkeria, tribuen arteko auziak... Hau da, osagai ideologiko eta politikoa erauziz, ez azalduz zer gertatzen zen. Zabaleta hil zutenean, ultra naziek harmailetan jarraitu zuten: ez dago hau amaitzeko interesik. Horregatik egon dira bakarrik urte askoan antifaxisten eta eskuin muturrekoen biktimak.

Urte askoan esan duzu. Orain?

Ez, beti. Gauza bat gertatu da. Eskuin muturra instituzioetara iristean, hori bere kontua ez zela uste zuen jende askok sentitu du badela. Ikusi besterik ez dago nola ari den eskuin muturra jo eta su emakumeen kontra. Feminismoa izanik egungo mugimendu sozial inportanteenetakoa eta indartsuenetakoa, horrek jende asko apelatu du; ez soilik emakumeak. Feminismoa da kontsentsu sozial baten eta zentzu on baten parte, zeinak erakusten digun berdintasun kontuetan emandako aurrerapausoak defendatu egin behar direla. Eskuin muturrak egoera lehengoratu nahi du. Orduan, hor jende asko apelatzen ari da.

Baina bakardadea dago oraindik ere, hedabideak eta instituzioak antifaxismoa karikaturizatzeko ahaleginean ari direlako oraindik. Halere, karikatura hori gero eta jende gutxiagok irensten du.

Instituzioetan egoteak are arriskutsuago bilakatzen du eskuin muturra?

Beti da arriskutsua eskuin muturrak legeak aldarrikatzeko eta herritarren bizimodua arautzeko gaitasuna edukitzea. Kolektibo batzuk eskuin muturraren jopuntuan daude, eta ez da alboratu behar, gainera, eskuin muturra sakonki neoliberala dela. Arlo ekonomikoan eta sozialean dituen proposamenak oso atzerakoiak dira eskubideei dagokienez. Beraz, kontua ez da soilik emakumeek, LGTBI kolektiboak eta immigranteek nabarituko dutela: langile klaseak ere nabarituko du alderdi hain lotsagabeki neoliberal batek gobernatzen baldin badu. Nahiz eta pantaila bezala bataila kulturala erabili, funtsean erregimen guztiz libertizida eta neoliberal bat zurkaizten jarraitzeko pantaila bat da hori.

Liburuan diozunez, behin Franco hilda, eskuin muturrak ekinean jarraitu zuen Polizia indarren bidez. Egun, zer neurritan gertatzen da hori?

Egia da egun dagoen Polizia ez dela trantsizioa garbiketarik egin gabe pasatu zuena, eta hori hala da belaunaldi kontu batengatik. Egia da, gainera, belaunaldi berrietan sartu den jende batek ez duela zertan erregimenarekin bat egin. Baina egia da, aldi berean, ez dagoela inolako zigorrik etikoki aurpegiratzeko modukoak diren jarrerak dauzkatenen kontra; are, Polizia indarren barruan praktika irregularrak ikusi edo gorroto diskurtsoak entzun dituzten agenteek ez dute beren nagusiengana jotzen salatzeko, baizik eta kazetarioi filtratzen dizkigute.Beren nagusien eta kideen beldur dira.

Nola aldatzen da eskuin muturrari aurre egiteko modua, instituzioetan baldin badago?

Esaterako, ezin diozu kalean aurre egin, zu jipoitzera zetorrenean bezala. Orain ez du zu jipoitzeko beharrik, orain BOEri [Estatuko Aldizkari Ofiziala, Espainiakoa] heltzen dio [umorez]. Jokalekua bestelakoa da.

Eta nola aurre egin?

Asmoa badugu erantzukizun guztia beti antifaxismoaren bandera eramaten dutenen bizkar uzteko, bada... hori, arduragabea ez ezik, arriskutsua ere izan daiteke. Jendeak interpelatua sentitu behar du. Ez dago formula magikorik, baina zuk topatu behar duzu kazetari bezala, irakasleak gelan infekzio neofaxistaren agerraldi bat ikustean, politikariek prekaritatearen aurkako politikak eginez eta eskuin muturrari lekurik ez emanez...

Auzia ez da soilik eskuin muturrak gobernatzea eta legeak egitea, edo gorroto diskurtsoak hedatzea, baizik eta herritarrak konbentzitzea. Nik zer dakit, gure lagunak pentsatzen hastea feministak pasatzen ari direla, edo immigrante gehiegi daudela, edo euskaldunak ez dakit zer direla, eta katalanak... Hori da eskuin muturraren helburua: gure sen ona konkistatzea.

Lortzen ari da?

Saiatzen ari da, eta bataila txiki batzuk irabazten ari da; baina, aldi berean, erresistentzia handiarekin topo egiten ari da. Bataila honetan protagonismo handienetakoa duen mugimendua emakumeena da. Emakumeak eta LGTBI kolektiboa gorputza jartzen ari dira, literalki, gorroto diskurtso matxisten kontra.

Ikusita eskuin muturrak zer kolektibo eduki ohi dituen jomugan, beti esaten dut bullying-aren politika egiten duela. Lotsagabekeria hori... Inoiz ez dute gorantz apuntatzen. Errege emerituari? Zilarrezko erretilua. Amancio Ortegari eta kapital handiei? Erreberentzia. Nolako zuzentasun politikorik eza da hori? [umorez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.