Estatu Islamikoaren erasoaldia

AEBak erasoan hasi dira Sirian

Washingtonek bortz hiritan bonbardaketak egin ditu Estatu Islamikoaren aurka.

Damasko ez da kexatu, baina bai haren aliatuak, Teheran eta Mosku.

Monarkia arabiarrek parte hartu dute erasoetan

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 24
Barack Obamak Siria bonbardatzeko asmoa zuela iragarri eta bi astera bete du hitza. AEBetako hegazkinek eta gerraontziek gutxienez Siriako bortz hiritan egin zituzten bonbardaketak atzo goizaldean. IS Estatu Islamikoaren eraikinak, ibilgailuak eta kontrol postuak izan dituzte helburu, Pentagonoaren arabera. Horrez gain, Al-Qaedari lotutako Khorasan izeneko talde bati ere eraso diotela baieztatu du. Bortz herrialde arabiarrek ere parte hartu dute erasoetan. Siriako Gobernuak errana zuen AEBek baimenik gabe jardunez gero, hori erasotzat hartuko zuela, baina atzo ez zuen hala erreakzionatu. Baxar al-Assad presidenteak soilik erran du «terrorismoa garaitzeko nazioarteko ahalegin oro» babesten duela. AEBek ukatu egin dute erasoaren aitzinetik Damaskorekin harremanetan paratu direnik, baina hori horrela izan ala ez, Sirian esku hartzeak jokaleku berri bat ireki du Ekialde Hurbilean.

«Ez dugu onartuko gure herria mehatxatzen duten terroristek babesleku segururik edukitzea», adierazi zuen Obamak atzo Etxe Zurian egindako agerraldian. Funtsean, hilaren 10ean ISren aurka jotzeko plana aurkeztu zuenean azaldutako irizpideen defentsa egin du berriz, eta bertze behin bereziki nabarmendu nahi izan du Sirian eta Iraken hasitako erasoaldiak ez direla «AEBek bakarrik egindako borroka bat». Washingtonek sustatutako nazioarteko koalizioari 40 herrialde batu zaizkiola erran du Obamak, baina garrantzi berezia eman nahi izan dio herrialde arabiarren parte hartzeari. Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Jordaniak eta Saudi Arabiak baieztatu dute AEBekin batera parte hartu dutela Sirian egindako erasoetan. Pentagonoaren arabera, Qatarrek ere esku hartu du. Siriako Gobernuaren etsaiak dira guztiak, eta Damaskok behin eta berriz leporatu izan die haren aurkako matxinoei laguntzea, baita IS berari ere.

Pentagonoak jakinarazi duenez, bortz hiritan eta horien inguruan egin dituzte erasoak: Alepon (Siriako hiririk handiena), Raqqan (ISren gotorlekua), Deir ez-Zorren (ISk ia erabat kontrolatutako probintziako hiriburua), Abu Kamalen (Irakekiko muga pasalekua) eta Al-Hasakahen (Kurdistanen). William Mayville armadako buruzagitzaren operazioetarako zuzendariak argazki batzuk erakutsi ditu Arlingtonen egindako prentsa agerraldi batean, ustez misilek eta bonbek suntsitutako ISren eraikinak erakusteko. «Zehar kalteak» eskasak izan direla erran du Mayvillek, nahiz eta aitortu duen ez dakitela zibilik hil ote duten. Hildakoen zifra argirik ez dago. Siriako oposizioko Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, ISko 70 miliziano hil dira, eta 300 inguru zauritu —tokiko informatzaileak aipatu ditu iturritzat—. Mayvillek erran du erasoak «arrakastatsuak» izan direla. Dena den, Kurdistango YPG Herriaren Babeserako Unitateak ez dira pozik agertu bonbardaketekin, ISk Kobane barrutira erretiratu dituelako indarrak; hala salatu dute. Kurduen barruti hori hartzeko erasoaldi bortitzean ari da IS azken asteotan. «Ez badituzte bonbardatzen Estatu Islamikoak Kobaneko frontean dauzkan posizioak, gure aurkako presioa areagotuko da», azaldu du Redur Xelil YPGen bozeramaileak.

Khorasan taldea ere jomuga

AEBek jakinarazi dutenez, gainera, ISz aparte, Khorasan taldea izan dute jomugatzat atzoko bonbardaketek. Mayvillek erran duenez, Alepon egin dituzte horren kontrako erasoak. Talde ezezaguna izan da orain arte, eta duela egun gutxi hasi ziren AEBetako hedabide handienak eta mundu zabaleko bertze zenbait Khorasanen berri ematen, AEBetako zerbitzu sekretuen filtrazioak iturritzat hartuta. Horren arabera, «Al-Qaedako beteranoek» osatzen dute Khorasan, eta Al-Nusra Frontearen aliatua da —Al-Qaedak Siriarako adar izendatu zuen Al-Nusra—. Mayvilleren arabera, Khorasanen helburua ez da Siriako gerran parte hartzea, baizik herrialdearen ezegonkortasuna baliatzea Mendebaldearen aurkako atentatuak prestatzeko. «Uste dugu Europan edo gure herrialdean [AEBetan] atentatu bat gauzatzeko fasean zeudela». Litekeena da bat-batean agertu den Khorasan izenak aurrerantzean zeresana ematea —Irango, Afganistango, Turkmenistango eta Uzbekistango zatiak hartzen dituen lurralde historiko baten izena da berez—.

Orain arte Pentagonoak emandako argibideak kontuan hartuz gero, Sirian egindako estreinako bonbardaketak Iraken abuztuaz geroztik egindakoak baino gogorragoak izan dira. Gerra hegazkinen bonbardaketez gain, Itsaso Gorrian eta Persiar golkoan kokatutako ontzietatik Tomahawk misilak jaurti dituzte Siriara.

Eraso horiek zalantzez betetako jokaleku bat ireki dute Sirian. Adibidez, ez dago argi Siriako Gobernuaren egoera zertan geldituko den AEBek erasoak gogortuz gero. Siriako Atzerri Ministerioak ohar batean adierazi du erasoa hasi baino ordu batzuk lehenago Walid al-Moallem Atzerri ministroak ohar bat jaso zuela John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren izenean, asmoen berri emateko. Jen Psaki AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak, ordea, ukatu egin du Damaskori aitzinetik aire erasoen berri eman diotenik. Izan ere, Obamak bere planean azaldu zuen Siriako Gobernua ez zutela kontuan hartuko, eta «matxino moderatuak» lagunduko zituztela ISren aurka.

Israel eta Siriako hegazkina

Siriak ez du inongo kexarik egin; bai, ordea, haren aliatuek. «AEBen eta bertze herrialde batzuen mugimendua Siriaren burujabetza nazionalaren eta nazioarteko legediaren urraketa bat direla uste dugu, eta eremuan esku hartzeko neurri gehiagori bidea irekitzeko oinarri bat», adierazi du Irango Atzerri ministrorde Hossein Amir Abdollahianek. Errusiako Atzerri Ministerioak, berriz, ohar batean adierazi du aire erasoek Siriako Gobernuaren edo NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren baimena behar dutela. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ontzat jo ditu bonbardaketak, Siriari aitzinetik abisatu ziotelako —AEBen ukazioa ez du kontuan hartu Banek—.

Bonbardaketak hasi diren egun berean, gainera, Israelek Siriako gerra hegazkin bat bota du Golango gainean, bi gobernuek baieztatu dutenez. Damaskok Tel Avivi leporatu dio hori egin izana «Estatu Islamikoko eta Al-Nusrako terroristak» laguntzeko. Tel Aviven arabera, ordea, hegazkina Israelgo aire eremuan sartu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna