Imanol Alvarez. Super Amara Bera Berako entrenatzailea

«Jokatzeko moduan ez dut aldaketa asko egiteko asmorik»

Lehen aldian baino lasaiago heldu dio Alvarezek Bera Bera entrenatzeko erronkari. Badaki asko eskatuko diotela, baina gustuko du:«Horrek zure onena ematera ematera behartzen zaitu, eta hori beti da ona».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Bera Berak sasoi hasiera gogorra izango du: Espainiako Superkopa, Txapeldunen Ligako atarikoa, Guardes eta Ro'Casaren aurkako partidak ligan... «Nahiago nuen hasiera samurragoa izatea, baina datorren moduan heldu behar diogu. Sekula ezin duzu jakin zer den hobeto», dio Imanol Alvarez entrenatzaileak (Ermua, Bizkaia, 1967). Horra sasoi betean iristeko, duela astebete hasi zuten denboraldi-aurrea. «Fisikoari garrantzia ematen diot, baina gustuko dut ariketa horietan ere baloiak presentzia handia izatea».

Nola heldu diozu Bera Bera berriz entrenatzeko erronkari?

Gogoz, ilusioz eta aurreko aldian baino lasaiago. Hobeto ezagutzen ditut kluba, jokalariak eta txapelketa, eta horrek konfiantza ematen dit. Oso pozik nago.

Oraingo honetan ere, taldea liga irabaztetik dator. Zer da errazagoa: halako talde bat hartzea, edo behean dagoena?

Denak du bere zailtasuna. Klub honen exijentzia oso handia da. Partida guztiak irabazteko erronka duzu, eta hori erakargarria da. Beti bilatzen dute hobetzea, eta horrek zure onena ematera behartzen zaitu.

Lehen egunak pasatuta, zer itxura hartzen diozu taldeari?

Talde polita dela esango nuke, aurreko aldian etorri nintzenean baino hobea. Izan ere, eskarmentu handiagoa dute, batez ere etxeko jokalariek: Estherrek [Arrojeria], Maitanek [Etxeberria], Albak [Menendez], Leirek [Aramendia]... Jokalari moduan zaildu dira, eta haiek dira eta izan behar dute taldearen oinarria. Orduan, hiru titulu irabazi genituen, eta pistan erakutsi genuen zer maila geneukan. Oraingo honetan ere hori da erronka. Horretarako lehen urratsa jokalariek elkar ondo ulertzea eta egokitzea izango da, eta horretarako lan egingo dugu datozen asteetan. Halaber, nik haiek ezagutu behar ditut, eta haiek nire lan egiteko modua barneratu behar dute. Espero dut egokitzapena azkarra izatea, aurreko denboraldietan ez bezala, taldeko jokalari garrantzitsuenek bertan jarraitzen baitute.

Taldea itxita dago, edo fitxaketa gehiago egiteko asmoa duzue?

Hasiera batean, itxita zegoen. Baina azken asteetan hutsune bat sortu zaigu ezker hegalean. Leire [Aramendia] luzerako dago min hartuta, eta [Eider] Lizarbek taldea utzi du. Postu horretan Uxuerekin [Ezkurdia] bakarrik geratzea arriskutsuegia da. Hankamotz geratuko ginateke. Begiratzen ari gara zer aukera dauden, eta, fitxaketaren bat eginez gero, ahalik eta azkarren egin nahiko genuke, Espainiako Superkoparako prest egoteko.

Superkopa, Txapeldunen Ligako atarikoa, liga hasiera gogorra... Sasoi hasiera ez da nolanahikoa?

Nik nahiago nuen hasiera samurragoa izatea, taldea erabat egokitua egoteko, eta nire ideiak barneratuta izateko. Baina hori egokitu zaigu. Sekula ezin da jakin zer izango den hobea.

Zertan baldintzatuko du prestakuntza Txapeldunen Ligako kanporaketak?

Txapeldunen Ligako atarikoan aurkari izango ditugun taldeen bideoak ikusi ditut jada. Baina ez du baldintzatuko. Nik buruan dudana Superkopan Maviren kontra jokatuko dugun neurketa da. Izan ere, hori da jokoan izango dugun lehen titulua.

Nola helduko diozue Txapeldunen Ligari?

Espainiako Ligako taldeontzat garai batean baino zailagoa da Txapeldunen Liga jokatzea, ekonomikoki handitu egin delako beste hainbat ligetako taldeekin zegoen aldea. Arerio gogorrak egokitu zaizkigu, gainera. Baina ezin genion muzin egin, pistan irabazi genuelako eta ahalegin hori egitea dagokigulako. Gainera, jokalarientzat irakasgai handia izango da. Onenen kontra jokatzeak are hobe bilakatzen zaitu.

Zer emango diote fitxaketek taldeari?

Helburu argi batekin fitxatu ditugu: taldearen lehiakortasuna eta maila are gehiago hobetzea. Renata [Lais] osagarri perfektua da Mercheri [Castellanos] laguntzeko; Yunisek [Camejok] eta Nekanek [Teresek] ziurtasun handia ematen digute pibotean, bai erasoan bai defentsan; Judith [Sans] berriz fitxatzeko aukera sortu zenean ez genuen bitan pentsatu; Priscilak [Dos Santos], berriz oso jaurtiketa ona du kanpotik.

Jokatzeko moduan aldaketa asko egingo dituzu? Nolako Bera Bera espero behar da?

Ez, asko ez. Aurreko denboraldian emaitza oso onak izan ziren, eta taldeak oso ondo jokatu zuen partida askotan. Beraz, berdin jarraituko dugu. Defentsa zorrotzak eta kontraeraso azkarrak izan behar dute oraindik talde honen jokoaren oinarria. Geldikako erasoan zertxobait hobetzea nahiko nuke, aukerak hobeto baliatzea. Uste dut horretan badugula zer hobetu, eta jokalariei ere hori iruditzen zaie.

Nola lortuko dituzu aldaketa txiki horiek?

Uste dut oso garrantzitsua izango dela pazientzia izatea eta gauzak argi azaltzea. Nik nire ideiak azalduko dizkiet, eta prest nago haien ekarpenak entzuteko eta aintzat hartzeko. Taldearen maila eta gaitasuna hain da handia, non nire egitekoa hau izango da: ahalik eta traba gutxien egitea eta denak batera goazela bermatzea.

Zer eskatu dizu zuzendaritzak?

Esan didate epe luzerako proiektu bat nahi dutela, harrobiko, Gipuzkoako jokalariak oinarri hartuta, eta klubaren betiko filosofiari eta balioei eutsiz. Gipuzkoan maila oneko jokalariak daude, eta primerako lana egiten ari diren taldeak. Hori baliatu behar dugu, eta Bera Beraren proiektura erakarri. Horrekare indartsuago egingo gaitu. Nire lan egiteko filosofian dago hori, horretan sinetsita nagoelako.

Eta zer emango dizu zuri?

Ikasteko eta entrenatzaile gisa hazten segitzeko aukera aparta. Egon nintekeen klub onenean nago horretarako. Dena jartzen dute zure eskura, ahalik eta ondoen eta erosoen lan egiteko. Kantxatik kanpo ere dena ematen dizute eroso eta gustura egon zaitezen. Etxean bezala ez da inon egoten, eta goizean seme-alabak eskolara eraman ahal izatea eta gauean haiekin afaltzea.

Nola ikusten duzu liga?

Lehiatua. Uste dut, gainera, lehiakortasun hori igo egingo dela. Aurreko sasoian hiru talde egon ginen azken unera arte liga irabazteko borrokan, baina Mavi, Aula eta halako taldeek aurrerapauso bat eman zuten, eta sasoi honetan bide horretatik segituko dutela uste dut. Elxek ere talde ona osatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.