Kristina Edstrom. Battery 2030+ proiektuaren koordinatzailea

«Europak leiho bat irekita dauka oraindik baterien industrian»

Edstromek nabarmendu du Europak baterien industria garatu beharra duela. Haren ustez, bide propioa izango du, baina elkarlanean aritu beharraz ohartarazi du, «ekosistema bateratu bat eratu ahal izateko».

aitor biain
Miñao
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Abian da energiaren mundua irauliko duten bateria elektriko berrien lasterketa. Kristina Edstrom horiek garatu asmo dituen Battery 2030+ ikerketa taldeko koordinatzaile nagusia da. «12.000 ikerlari, 70 unibertsitate eta 90 enpresa baino gehiago ari dira etorkizuneko bateriak garatzen. Erronka teknologiko ugari ditugu aurretik, egia esateko». Kimika inorganikoko irakaslea ere bada Uppsalako Unibertsitatean (Suedia). Euskal Herrian izan da Edstrom, etorkizuneko baterien bide orriak dituen erronkak azaltzen, CIC Energigunek Miñaoko teknologia parkean antolatutako kongresuan.

Zein lekutan dago Europa etorkizuneko baterien lasterketari dagokionez?

Esango nuke aukera bat geratzen zaigula oraindik, leiho bat irekita dago baterien merkatua garatu ahal izateko. Orain ekiten badiogu, aukera asko ditugu etorkizuneko baterien ekoizpena bertan egiteko, baita horiekin lotura duten beste aplikazio batzuk ekoizteko ere. Baina orain ekin behar diogu, berandu baino lehen.

Orain, ordea, Asiarekiko dependentzia oso handia da, ia erabatekoa. Gaur egungo baterien lehia erabat galduta dauka Europak?

Egia da Asiaren menpe dagoela baterien egungo ekoizpena, baina ez nuke esango erabat galduta dagoenik lehia hori. Asiak bere merkatua dauka, baina sortuko dira behar berriei erantzuteko merkatu berriak, Indian edota Europan bertan esaterako, eta hor aukera izan dezakegu merkatuaren gazta zati bat eskuratzeko. Erantsiko nuke, halere, Europa ez ezik AEB ere lehia hori galtzen ari dela, eta arazo bera daukala. Iraganetik datorren kontu bat da: Europaren kasuan, bertan sortu ziren patenteak Japoniari saldu zizkioten, eta bertan garatu zituzten; txinatarrek hartu zituzten ondoren.

Europako legedia zurrunagoa izateak badu ondoriorik horretan?

Hala da: kontrol eta araudia zorrotzagoa daukagu Europan Asian baino. Hemen ingurumenari garrantzia ematen diogu, esaterako. Baina irudia konplexuagoa da: Europak arazo bat izango du baterien balio-katea edo baterien industria garatzen ez badu, eta merkatu txiki bat izaten jarraituko du.

Zein bide orri du gaur egun Europak arlo horretan? Batasun eskariak entzuten badira ere, nor bere aldetik ari dela dirudi.

Gaur [ostegunean] aurkeztu ditugun ekinaldi berriak hor daude: EBA 250 (Europako Bateria Aliantza 250) Batteries Europe eta Battery 2030+ esaterako. Elkarrekin lan egitea dute helburu proiektu horiek. Baina egiten den analisia zuzena da: urte askotan nor bere aldetik aritu da, eta elkarrekin aritzeko beharra daukagu, bai herrialdeak eta bai proiektuak ekosistema bateratu bat eratu ahal izateko. Batzordea ere orain konturatu da behar horretaz. Suedian elektrizitate merkeagoa daukagunez, merkeago ekoitzi ditzakegu bateriak, adibidez, baina Espainiak beste gauza batzuk erants diezaioke. Ez dakit Asiari irabaziko diogun, baina gure bidea izango dugula seguru. Eta, agian, AEBei aurrea hartuko diegu.

Egungo ioi-litio bateriak iraungitze datatik gertu daude ala bizi luzea dute oraindik aurretik?

Etorkizun luzea dutela esango nuke; areago, bigarren aldi bat ere izan dezakete, baina eboluzionatu beharko dute. Beste material batzuekin elkartuz gero, segurtasuna hobetu dezakete, gaitasuna handitu, bizialdia luzatu... Litioa ez da orainaldia bakarrik, etorkizuna ere bada; asko dute hobetzeko oraindik. Hurrengo urratsa litioa egoera solidora igarotzea litzateke, errendimendua eta segurtasuna hobetzeko.

Litioa, nikela eta kobaltoa lehengai finituak dira. Etorkizuneko petrolio bilakatzeko arriskurik ikusten duzu?

Bai, arriskua badago. Baina ez da hori bakarrik, etika kontua ere bada: Europan merkatuko oinarrizko lehengaien %20 erabiltzen ditugu ekoizpenerako, baina %3 soilik dira bertako lehengaiak; ez dugu nahi ekoizpen hori, industria hori, gure lurraldean. Europak baditu identifikaturik litioa ustiatzeko eremuak: Portugalen, Finlandian... baina aztertu beharko da bai etika eta baita ingurumen ikuspegitik ere merezi ote duen lehengaia ateratzea. Hori ere kontuan izan behar da.

2021ean indarrean sartuko da Europako Batasunean gatazka eremuetako mineralei buruzko araudia. Giza eskubideen urraketa kasuak geldiarazi nahi dituzte horrekin. Eragin dezake bateria berrien garapenean?

Eragina izango du, noski. Alternatibak bilatu beharko ditugu; bidean gaude dagoeneko: Europan bertan bilatu beharko ditugu lehengaiak, esaterako, edo beste material batzuekin egin beharko ditugu etorkizuneko bateriak.

Zein ezaugarri izan beharko lukete etorkizuneko bateriek, eta zer egitekoa izan beharko luke haien ekoizpenak trantsizio energetikoarekin edota klima aldaketaren auziekin?

Hainbat dira kontuan izan beharreko ezaugarriak: baterien bizialdia luzatu behar da, haien errentagarritasuna, segurtasuna eta dentsitate energetikoa hobetu behar dira, eta tamaina ere txikitu behar da. Baina, batez ere, ekoizteko modua aldatu behar da. Energia kontsumoa eta isuriak gutxitu behar dira; hori da erronka nagusietako bat.

Eperik badago horretarako?

Tira, gutxi baina dagoeneko ekoizten ari dira bateria berriak. Frantzian, esaterako, Varta eta Saft enpresak ari dira; Suedian Northbell enpresak ere 2021erako eraiki nahi du lantegi berria. Ikusiko dugu zer eta nola garatzen den industria berri hori.

Ezaguna duzu CIC Energigune; aurrez ere bertan izana zara. Nola baloratuko zenuke hamarkada batez egindako lana?

Bertan izan nintzen eratu zenean, eta ederra da ikustea ezerezetik hasi eta gaur egunera arte egin duten bidea. Hasieratik nabaritu nuen mundu mailako ikerlariak erakartzeko zuten nahia,eta urteen joanarekin talde ona osatu dute. Egun, nazioarteko gune garrantzitsu bat da. Nabarmendu nahiko nuke, halere, hemen lan egiteko duzuen modua: enpresekin elkarlanean aritzen zarete. Suedian ere gauza bera egiten dugu, baina Europan ez da ohikoa. Azpimarragarria da industriak eta administrazioak ikerketa guneei ematen dieten babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.