Libiako Gobernuak eta parlamentuak su-eten iraunkorra adostu dute

Sei urte baino gehiago iraun du bi aldeen arteko gerra zibilak. Bi aldeak «gogobeteta» agertu dira hartutako akordioarekin

Libiako Gobernuko eta parlamentuko bozeramaileak akordioa sinatu ostean. VIOLAINE MARTIN / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
«Libiako historian arrastoa utziko duen» akordioa sinatu zuten atzo Libiako Ekintza Nazionaleko Gobernuak eta Tobrukeko Parlamentuak. Sei urtean gerra zibilean borrokan aritu ostean, su-eten iraunkorra sinatu zuten Genevan, Batzorde Militar Bateratuak zuzendutako eta Nazio Batuen Erakundearen Libiarako misioak bideratutako bost eguneko negoziazioen ondoren. Stephanie Williams misioko buruak adierazi zuen bakea ekarriko duela Libiara: «Espero dut akordio honek Libiako herriaren sufrimendua amaiaraztea eta bidea ematea desplazatuei eta errefuxiatuei beren etxeetara buelta daitezen, bakean eta salbu».

Williamsek azaldu zuen su-etena «berehala» ezarriko dela, eta atzerriko militarrek hiru hilabeteko epea izango dutela herrialdea uzteko. Bestalde, Libiako militarrak fronteetatik aterako dituztela jakinarazi zuen, eta poliziak bertaratuko direla eremu horiek «seguruak direla ziurtatzeko».

Hain zuzen ere, agindu hori eman zuen Libiako Ekintza Nazionaleko Gobernuko ordezkari Ali Abuxahma koronelak su-etena sinatu eta gero. Armadako kideei deia egin zien «akordioa bete dadila ziurtatzeko, eta armada berriz egituratzeko, Libiako segurtasunaren aurka egiten dutenei aurre egin diezaien».

Gudan aritu diren bi aldeak «pozik eta gogobeteta» agertu ziren erabakiarekin, eta nazioartean ere sortu ditu erreakzioak. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak dudatan jarri du itunaren balioa, haren ustetan ez baita «mailarik gorenean sinatu», neurria Batzorde Militar Bateratuaren bidez hartu izanari erreferentzia eginez. Dena den, Armenian eta Azerbaijanen ez bezala, su-etena errespeta dadila eskatu du. Bestelakoa izan da Europako Batasunaren erantzuna: negoziazio politikoak berriz hartzeko«funtsezko baldintza» dela baieztatu du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.