Benjamin Roche. IPBESeko ikertzailea

«Bioaniztasuna babestea ez da arazo ekologiko huts bat»

NBEren txosten baten arabera, pandemiak izateko arriskua murriztu egin daiteke bioaniztasunaren galera apalduz eta habitat naturalak babestuz. Ekonomikoki ere askoz merkeagoa dela ohartarazi dute.

A.ARNAL.
inaki petxarroman
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
NBEren IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforma Gobernu Artekoak argitaratu duen txostenaren arabera, klima aldatzen eta biodibertsitatea suntsitzen ari diren gizakien jarduna eragiten ari da pandemia gehienak, eta ohartarazpen bat egin dute: askoz ere merkeagoa da haiek prebenitzea haiei aurre egitea baino. Mundu osoko 22 zientzialari, 700 erreferentzia zientifiko baino gehiago aztertuz, ondorio honetara iritsi dira: goraka doazen epidemien eta pandemien %70 zoonosiak dira, animalietatik gizakiengana iritsitakoak. Benjamin Roche (Puy en Velay, Frantzia, 1981) gaitz infekziosoetako eta ekologia ebolutiboko ikertzaile eta Montpellierko Garapenerako Ikerketetarako Institutuko zuzendaria da ikerketa horretan aritu direnetako bat.

Kalkulatu duzue 1,7 milioi birus daudela animalietan eta haietako erdiak-edo irits daitezkeela gizakiengana. Zergatik ez ditugu zoonosiak benetako mehatxu gisa hartzen?

Birusak gizakiengana iristen direnean ohartzen gara arriskuaz, gaixoak eta hildakoak daudenean. Baina ez dugu planteatzen nondik iristen diren eta nola hedatzen diren gizakiengana. Datuei erreparatzen badiegu, eta hedatu diren gaixotasunak aztertzen baditugu, ohartzen gara badutela komunean kontu bat: gehienak basanimalietatik etxeko animalietara eta pertsonengana heldu dira. Eta ohartu gara jende gehienak ez dakiela hori. Horregatik, garrantzitsua da informazio horiek zabaltzea.

Izan dira zoonosiak iraganean ere. Mundua kalteberagoa da orain halakoekiko?

Datuei erreparatzen badiegu, jabetzen gara gero eta pandemia gehiago daudela, larriagotzen ari dela egoera. Biodibertsitateak babestu egiten gaitu animalia basatietan gordetzen diren birus eta patogenoetatik. Eta gizakien jardueraren ondorioz —deforestazioa, lurren erabileran egindako aldaketak, urbanizazioa, basanimalien salerosketa—, gero eta arrisku handiagoa zaizkigu mikrobio eta birusak. Azken hamarkadetan bioaniztasunaren galera prozesua azkartu den hein berean bihurtu gara kalteberago pandemia berriekiko. Joera aldatu ezean aurrerantzean ere arrisku hori handitu daitekeela aurreikusten dugu. Kalkulatzen dugu hamar urtean behin pandemia bat izan dezakegula.

Giza populazioaren hazkundeak ere bihurtzen gaitu kalteberago zoonosi berriekiko?

Bai. Zeren, horren ondorioz, indarrean diren giza jarduerek eragin handiagoa daukate ingurumenean, eta bioaniztasunaren galera ere bizkortu egiten du horrek. Bestalde, gero eta gizaki gehiago izateak ere ekartzen du birusak hartzeko arrisku handiagoa izatea, eta baita gaixotasunak gure artean azkarrago zabaltzeko arriskua handitzea ere.

Animalia basatien salerosketak arrisku handia dakar zoonosi berriak sortzeko. Litekeena da COVID-19a bera hortik etorri izatea ere, ezta?

Giza populazioek arrisku oso argia dute basa faunaren gaitzekin. COVID-19aren kasuan, hipotesi nagusia da saguzarretatik igarodela gizakiengana. Nola heldu den zehazki, hori argitzeko dago.

Kalkulatzen da basanimalien laurden bat inguru salerosten direla, eta badira herrialdeak, batez ere Asian, merkatu hori sustatzen dutenak. Nola arautu beharko litzateke hori?

Guk egiten ditugun gomendioei jarraituz, merkataritza mota horretan badira hobetu beharreko bi kontu. Batetik, merkataritza horren erradiografia zehatz bat egitea, adieraziz zer animalia mota saltzen den, zer merkatutan... Horrek aukera emango liguke hobeto jakiteko zenbaterainoko arriskua ekar diezaguketen animalia eta birusek. Bestetik, kontrol hori eginez gero, aukera handiagoa izango genuke nonbait larrialdi egoera bat sortuko balitz garaiz iristeko balizko agerraldi horren ondorioak mugatu eta herritarrak babestera.

Diozuenez, COVID-19ak 8-16 bilioi euroko galera ekonomikoak ekarriko ditu. Lurraren erabilera txarra eta basanimalien salerosketa mugatzea merkeagoa litzateke. Zergatik ez da hori egiten? Zer interes daude atzean?

Pandemiak prebenitzeko neurriak hartzea ehun bider merkeagoak izan daiteke pandemiei aurre egitea baino. Horrek esan nahi du alboratu egin beharko genituzkeela natur ekosistemak eta bioaniztasuna suntsitzen dituzten ohiko jarduerak. Hori aldatzearen aurka daudenek ulertu beharko lukete pandemien eragin ekonomikoa itzela dela—857.000 milioi euro urtean—, eta zeresanik ez giza sufrimendua. Prebentzio estrategiak indartzea —nekazaritza intentsiborako hartzen diren lurren erabilera okerra zuzentzea, basanimalien merkataritza mugatzea, eta zaintza eta kontrol lana indartzea— merkeagoa litzateke: 58.000 milioi euro artean, egin ditugun kalkuluen arabera.

NBEk aspaldi ohartarazi zuen biodibertsitatearen galerak lotura daukala zoonosien agerpenarekin, eta gomendioak eman izan ditu hori zuzentzeko. Uste duzu oraingo krisitik zerbait ikasiko dugula?

Uste dut COVID-19aren pandemiak gobernuei ulertzen lagunduko diela zer garrantzitsua den bioaniztasuna babestea, eta hori ez dela arazo ekologiko huts bat. Hau da, gure espeziearen babesa eta osasun ongizatea zuzenean lotuta daudela bioaniztasunarekin, eta hura babestuta bakarrik lortuko dugula geure burua babestea ere. Uste dut jadanik gobernu asko ari direla hori ulertzen, eta, besteak beste, horregatik hirurogei herrialdek iragarri dute neurriak hartuko dituztela 2030erako bioaniztasunaren galera gelditzen hasteko.

Badira bereziki igorleak diren espezie batzuk —saguzarrak, esate baterako—, baina badakigu nahikoa gai horren inguruan, edo beharrezkoa da ikerketa gehiago egitea?

Ez dakigu nahikoa, eta, horregatik, IPBESek aholkatu du pandemiak prebenitzeko nazioarteko plataforma bat sortzea, hain zuzen ere estrategiak diseinatu ahal izateko salerosten diren eta bereziki gordailu eta igorle diren animalia espezieen inguruan. Beharrezkoak dira ikerketa gehiago eta elkarlan handiagoa etorkizuneko pandemia posibleei buruz gehiago jakiteko eta, aldi berean, haiek hobeto prebenitu ahal izateko. Nazioarteko plataforma horrek akordio lotesleak lortu beharko lituzke, haragiaren kontsumoari eta ekoizpenari zergak ezarriz, eta animalia basatien trafikoaren gaineko legeak eginez eta betearaziz.

Gizakiengana irits daitezkeen 850.000 birus horiek munduko zer tokitan dauden badakizue?

Birus horien gehiengoa dago espezie gehien dagoen munduko naturgune handietan, hau da, Amazonian eta ohian tropikaletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.