Haitiko Gobernuak dimisioa eman du, krisi politiko betean

Jovenel Moise presidenteak karguan jarraituko du, oposizioaren jopuntuan dagoen arren. Talde armatuen erasoak ugaritu egin dira

Presidentearen eta konstituzio berriaren aurkako protestak Port-au-Princen, duela hiru aste. EAN MARC HERVE ABELARD / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Egoera ezegonkorrak gainezka egin du Haitin, eta dimisioa ematera behartu du jarduneko gobernua. Jovenel Moise presidenteak eman zuen berria atzo, zeinak dekretu bidez gobernatzen baitu iazko urtarrilean parlamentua desegin zuenetik. Adierazi zuen erabakiak aukera emango duela «segurtasunik ezaren arazo nabarmena konpontzeko, eta egonkortasun politiko eta instituzionalerako beharrezkoa den kontsentsua lortzeko eztabaidei jarraipena emateko».

Aurrez, herrialdeko lehen ministro Joseph Joutek iragarri zuen kargua utziko zuela. Bere herrialdearen zerbitzura egotea «ohore bat» izan dela esan, eta eskerrak eman zizkien berekin gobernuan izan direnei eta babesa eman dietenei. Haren ordez, orain arte Atzerri ministro izan den Claude Joseph izendatu du Moisek.

Oposizioaren eskari nagusia dimisioa Moisek berak ematea da, ordea, eta momentuz ez du halakorik egin. Ezegonkortasun politikoa ohikoa da Haitin —1986an Duvalier dinastiaren diktaduraamaitu zutenetik, etengabekoak izan dira gobernu aldaketak— , baina 2015ean du jatorria egungo krisiak. Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia egin zuten urte horretako urrian, eta Moisek irabazi zituen, bigarren itzulia saihesteko behar adinako babesik jaso ez zuen arren. Iruzurra salatu zuen oposizioak, ordea, eta emaitzak bertan behera geratu ziren. 2016an, berriz egin zituzten bozak. Atzera ereMoisek irabazi zituen, eta garaipena aitortu zion hauteskunde batzordeak.

Hauteskunde horien aurretik, herrialdeko presidente zen Michell Martelly, eta oposizioak dio hark kargua utzi zuen egun berean hasi zela Moiseren agintaldia, 2016ko otsailaren 7an, eta, horrenbestez, joan den otsailaren 7an utzi behar zuela kargua—konstituzioaren arabera, presidentearen agintaldia bost urtekoa da, eta beti hasi eta bukatzen da otsailaren 7an—. Moiseren arabera, ordea, bere legealdia 2017an hasi zen, eta 2022an amaituko da.

Konstituzioa ere, banatzaile

Oposizioak dio bere argudioekin bat datorrela konstituzioa. 1987an egindakoa da, eta hori aldatzeko asmoa dauka Moisek, erreferendum bidez. Hil honetan bertan egin nahi zuen hasieran, baina ekainaren 27ra atzeratu zuen gero. Presidenteak sustatu duen testu berriak presidenteorde kargua sortuko du, eta ezabatu egingo du lehen ministroarena. Horrez gain,legebiltzarreko bi ganbera batuko ditu, eta atzerrian bizi diren haitiarrei hauteskundeetan parte hartzeko aukera emango die.

Aurkakoek, ordea, legea bere alde bihurritu izana egozten diote presidenteari. Protestak lehertu ziren iragan otsailean, oposizioaren arabera presidenteak kargua utzi behar zuen egunaren bueltan, eta Joseph Mecene epaileak bere burua herrialdeko presidente izendatu zuen, bere logelan grabatutako bideo bat zabalduta. Ez zuen aitortza ofizialik. «Estatu kolpea» salatu zuen Moisek, eta nabarmendu «Haitiren jabe egin nahi duten oligarkak» zeudela horren atzean.

Lurrikara politikoarekin batera, indarkeria giroa hedatu da Haitin. Ugaritu egin dira talde armatuek egindako bahiketak eta lapurretak. Iragan igandean, esaterako, hamar lagun bahitu zituzten La Croix-des-Bouquets barrutian; horietako zazpi, erakunde erlijiosoetako kideak. Egoera salatzeko eta erasoak buka daitezen eskatzeko, Haitiko Apezpiku Biltzarrak grebarako deia egin du biharko, eta haren jabetzakoak diren ikastetxe eta zentro guztiak itxita edukiko dituztela jakinarazi du. «Ezin dugu baimendu gaizkileek hil, bortxatu eta bahitu gaitzaten», adierazi du erakunde erlijiosoak, ohar batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.