Maria Cristina Escudero. Zientzia politikoetan doktorea

«Boric bigarren itzulian hasi zen gehiengoak sortzen»

Txileko Unibertsitateko irakaslearen ustez, erronka bat du presidente hautatuak: «Ekitatea bermatzea estatuaren zerbitzuetan». Iruditzen zaio «zentro-ezker guztiaren» babesa beharko duela horretarako.

BERRIA.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Maria Cristina Escudero zientzia politikoetako doktoreak (Santiago, 1972) pentsatzen du Txileko presidentetzarako bozen bigarren itzuliko emaitza, Gabriel Boric ezkerreko presidentegaiaren garaipena, «koherentea» dela herrialdean azken urteotan gertatu denarekin eta gertatzen ari denarekin. «Prozesu konstituziogile bat behartu zuen eztanda sozialaren ondoren, [Jose Antonio] Kasten garaipen bat esplikatzea zaila izango zen». Irakaslea da Txileko Unibertsitateko Gai Publikoen Institutuan, eta, besteak beste, 2020an abiatutako prozesu konstituziogileak Kongresuan eduki zuen mahai teknikoan parte hartu zuen. Hain zuzen, 2022ko bigarren seihilekoan dira herritarrak bozkatzekoak batzar konstituziogilea ontzen ari den proposamena.

Zeintzuk izan daitezke Gabriel Boricek Txileko presidentetzarako hauteskundeetan lortutako garaipena ulertzeko gakoak?

Uste dut oso ondo ulertu zuela nola prestatu behar zuen hauteskundeen bigarren itzulia, eta oso hutsegite gutxi egin zituen. Trantsizio lasai bat egin zuen bere gobernu programa babesten zuen aurreneko oinarritik, hau da, Apruebo Dignidad bere koaliziotik, zentro-ezkerreko alderdi tradizionaletarantz. Oinarria bazterrean utzi gabe egin zuen trantsizio hori. Argitasuna erakutsi zuen, gainera, proposamenez gain alderdietan ezagunak ziren profil teknikoko pertsonak gehitu zituelako programara.

Diskurtsoa aldatu zuen trantsizio horretan?

Esango nuke bere diskurtso programatikoaren muina ez zuela aldatu. Eta muin horretan daude Txilek behar dituen aldaketa sakonak, batez ere osasun zerbitzuetan, hezkuntzan, estatu indartsuago batekin... Inoiz ez du esan, edo behintzat kontu handiz ibil da ongizate estatua aipatzerakoan, baina halako zerbait luke helburu. Baina hori zaila da Txilen, 1980ko konstituzioak esaten baitu estatua subsidiarioa dela. Horrek zaildu egiten du ongizate estatu bateranzko bidea.

Diskurtsoan daude, gainera, zentro-ezker tradizionalak hain barneratuak ez zituen ideia batzuk: diskurtso feminista, ingurumenarena, gutxiengoen inklusioa babesten duena... Eta Boricek ez du hori bazterrean utzi. Hori bai, diskurtso askoz ere bateratzaileagoa eduki du aldaketa bat nahi zuten indar guztiekin. Oso abegikorra izan da zentro-ezker tradizionalarekin, nahiz eta iraganean gogor egin zuen haren kontra. Zentro-ezkerrak, bide batez, rol diskretua izan du kanpainan, modu oso diziplinatuan jokatuz eta norabide berean bultza eginez.

Orduan, diskurtsoa modulatzea izan da gakoetako bat.

Hori da. Boricek oso ondo ulertu zuen Kongresua nola geratu den egituratuta [azaroaren 20ko lehen itzuliaren ondoren]. Kongresuan akordioak beharko ditu gertukoen zaizkion alderdiekin, eta hasi zen gehiengo horiek bigarren itzulian sortzen, ez behin bozak igarota. Hau da, haiekin [zentro-ezkerra] irabazi du, eta hori izan da arrakastaren giltzetako bat.

Hauteskundeen irabazlea zela jakin zuenean eta jarraitzaileei zuzendu zitzaienean, Boricek adierazi zuen «ziklo aldaketa baten aurrean» dagoela Txile. Nola interpretatzen dituzu hitz horiek?

Esango nuke hori esan zuela bera ez delako Txileko politika tradizionalaren parte; ez dauka zerikusirik azkeneko 30 urteotan politika zuzendu duten alderdiekin. Beraz, esan daiteke hori aldaketa handi bat dela. Frente Amplio bere alderdiak [Apruebo Dignidaden barruan dago] gorakada azkarra eduki du, baina egia da, era berean, espazio politiko hori aspalditik, 2011tik, ari dela presionatzen, artikulatzen.

Alderdi tradizionaletakoak ez bezala, lider gazteak dituzte, eta loturak dituzte mugimendu sozialekin. Horrek ezberdin egiten du, eta hortik ziklo aldaketarena. Ikusiko dugu, dena dena, nola egiten duen aurrera.

Apruebo Dignidadek zentro-ezkerraren babesa beharko du aurrerantzean ere. Nola ikusten duzu harreman hori?

Boricen koalizioak eta zentro-ezkerrak gehiengo oso-oso estu bat dute diputatuen ganberan, eta elkarrekin jokatu beharko dute. Oraindik ez dakigu aliantza horren ondorioa zein izango den ministroen kontseiluan... Baina, Boricen gobernu programari erreparatuz, berak zerga erreforma baterantz edo eraldaketa sozial handietarantz jo nahi badu, zentro-ezkerreko alderdi guztien babesa beharko du. Senatuan babes hori eta gehiago beharko du...

Zeintzuk dira Boricen agendaren indarguneak?

Eraldaketa soziala, hori da desafioa. Erronka da ekitatea bermatzea estatuak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan; birbanatzaileagoa izan beharko luke. Txilek behar du bere garapenerako. Ez dira nahikoa izan iraganean eduki dugun arrakasta ekonomikoa, hazkundea, hezkuntzan edo osasungintzan egindako erreformak... Herritarrek ikusten dute eta igartzen dute sistema ezberdintasun iturri dela. Sektore pribatuaren gehiegikeriak oso nabarmenak izan dira.

Inertzia historikoak eta beste aintzat hartuta, zentro-ezkerrak berak erresistentziak jar diezazkioke eraldaketa horri?

Aspalditik hitz egiten da eraldaketa horretaz... Zentro-ezker tradizionalak, gobernuan egon zenean, programan aldaketa handiak planteatzen zituen, adibidez osasungintzan, baina inoiz ez zuen horiek gauzatzeko besteko gehiengorik eduki Kongresuan. Horrek ez du esan nahi, ordea, ez zituenik gehiengo jakin batzuk lortu, aurrerapausoak emateko gauza askotan. Ez zen nahikoa izan, ordea; horren erakusle dira azken urteotako mobilizazio sozialak.

Eraldaketan mailaz maila joateaz hitz egin du Boricek. Prozesu horretan zerk izan beharko luke lehentasuna?

Zerga erreformak izan beharko luke lehentasuna, modu horretan baliabideak edukitzeko eraldaketa soziala egiteko.

Herrialdea eredu neoliberalaren gotorlekuetako bat izanik, hori ez da erraza izango.

Oso zaila da,bai. Hauteskundeen lehen itzuliaren aurretik esaten zuen barne produktu gordina zortzi puntu igo behar zela, eta orain esaten du bost bat puntu igo behar dela; hau da, espektatibak murriztu ditu.

2000ko hamarkadan gertatu bezala, 2020koan ere ezkerreranzko bidea hartu dute, oro har, Latinoamerikako herrialdeek?

Esango nuke ziklo kontua dela, eta kontinentea ez dela homogeneoa. Orduan, herrialde bakoitzaren testuingurua aintzat hartuta egin beharko litzateke interpretazioa. Txileren ikuspuntutik, behintzat, ez dut uste zuzena denik esatea norabaiteranzko bira egin duenik. Hau da, kontua ez da urte asko-askoan egon garela eskuinean bizitzen eta orain ezkerrean tokatzen zaigula, baizik eta txandakatuz joan garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.