Nory Hernandez. Kazetaria eta militantea

«Bukelek estatuko botere guztien kontrola du»

El Salvador salbuespen egoeran dago martxoaren 27az geroztik, eta bigarren luzapena onartu berri diote presidenteari. Hernandezek dio beldurra zabaldu dela herrialdean, eta gobernua bortitz jokatzen ari dela.

GORKA RUBIO / @FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Bilbo
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
El Salvador salbuespen egoeran dago martxo bukaeratik, asteburu bakarrean 87 hildako zenbatu ondoren; neurriaren bigarren luzapena onartu zioten iragan astean Nayib Bukele presidenteari.Egoera horrek «errepresioa eta zapalkuntza» dakartzala uste du Nory Hernandezek (Jocoaitique, El Salvador, 1997), indarrean dagoenetik areagotu egin baitira atxiloketak, eta gobernua herritarren zenbait eskubide urratzen ari da. Hernandez kazetaria eta Fundacion Campo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeko kidea da, baita mugimendu komunitarioetako militantea ere. Euskal Fondoak gonbidatuta egon da Euskal Herrian, bere komunitatearen ordezkari moduan.

Bi hilabete pasatu dira salbuespen egoera ezarri zenetik. Zer sentipen dituzu?

31.500 lagun inguru atxilotu dituzte. Ikerketa batek dio iazko abendurako kartzelen edukieraren %130 beteta zegoela; orain, preso berri horiek guztiak gaixotasun asko sortzen ari dira, kartzelen barruan indarkeria areagotzen ari da... Jada hamar lagun inguru hil dira ziegan. Datu horiek inpresioa, beldurra eta ezinegona eragiten dizkidate.

Egia da marak El Salvadorreko arazo handienetako bat direla, baina horri aurre egiteko neurriak oso presaka eta etsita hartu dira. Herritarrak ados daude indarkeriari aurre egitearekin, kalte handiak eragin baititu biztanlerian, batez ere pobreenen artean: estortsioa, lurraldearen kontrola, beldurra eta beste. Baina horri aurre egiteko era gizartearen kalterako izaten ari da.

Atxilotuetako zenbait ez dira bandakideak, edo bandakide ohiak dira. Atzerapauso bat da?

Bai, gobernuaren neurri berri honekin jende asko sartu dute ziegara marako kide izan barik, baita marek utzitakoak ere; errugabeak dira asko. Ustez, mara ohiek indarkeria uzteko asmoa zuten, baina kartzelan lehengo kideekin elkartzen dira, eta horrek berriz hastea dakar.

Bandakideek ez dituzte bandakide izandakoak nahi, uste dutelako banda sakratua dela eta ezin dela alde egin. Baina bandakide izandakoentzat ere, ziurrenik, lehengo traumak berriz bizitzea eragingo du, edo mendeku gosea piztea, gobernuaren, Poliziaren edo gizarte zibilaren aurka.

Salbuespen egoera aitzakia da gobernuaren indarkeria areagotzeko?

Zapalkuntza eta errepresioa dakartza neurri honek, hori argi dago. Gobernuak errepresio programak baino ez ditu jartzen; ez du prebentzioan lan egiten, indarkeria areagotu ez dadin. Indarkeria ez da sortzen gazteei bururatzen zaielako; egiturazko arazo batzuek eragiten dute: pobreziak, gizarte desberdintasunek, aukera faltak...

Hauteskunde kanpainan, Bukelek gazteentzako espazioak hitzeman zituen, baita lan aukerak ere. Baina, orain, gazteei dei egiten ari da indar armatuetan sar daitezen, militarizaziora deitzen ari da. Kalean utzi ditu soldaduak, eta askatasuna eman die baten bat «susmagarritzat» joz gero kartzelara eramateko. Gainera, salbuespen egoeran ez dute atxiloketaren informaziorako edo defentsarako eskubiderik, eta, orain, hamabost egunez egon daitezke atxilotuta; lehen, 72 orduz.

El Faro agerkari digitalak argitaratu duenez, negoziazioak huts egin duelako ugaritu dira hilketak.

Maskara jausi zaio gobernuari, eta agerian gelditu da haren hipokrisia: mota horretako akordioen aurka egin dute, eta aurreko gobernuak, FMLNrenak [Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearenak], galtzearen arrazoietako bat izan zen kritika hori. Baina haiek ere egin dituzte, herriak jakin gabe, ziurrenik badakitelako hori barik ezin dela kontrolatu indarkeria. Dena den, ituna apurtzea albiste txarra da, bi aldeek erakutsi nahi izango dutelako nork duen indar handiagoa.

Gobernuak salbuespen egoera luzatuta erakutsi nahi izango du bere indarra, ziurrenik; bandak, era batera edo bestera, hiltzen hasiko dira berriz. Hildakoak zibilak izan dira orain ere.

Erantzun gogorra espero da El Faro kazetaren aurka?

Bai, noski, baliteke gogorra izatea. Lehenik eta behin, kazetarientzako eurentzako. Gobernua ez dago pozik haiekin, eta erregimenak berak mozal legearen antzerakoa abiarazi du. Oso anbiguoa da, esaten baitu bandei buruzko edo haiek sustatzeko mezuren bat argitaratzen duten kazetari edo norbanakoei hamabost urteko kartzela zigorra ezar diezaieketela.

Baina zer da sustapena egitea? Esaterako, El Faro-ko kazetariak ikertzen ari dira jada, telefonoak kontrolatu dizkiete... Haietako zenbaitek herrialdetik alde egin behar izan dute. Erantzun gogor bat etorriko da, bai, ez bakarrik kazetarientzat, baita gizartearentzat ere; Bukelek ez baitu gustuko berari arrazoia kentzea; arrazoia izan nahi du beti.

Bada, nolakoa da kazetarien egoera El Salvadorren?

Salbuespen egoera eta Bukeleren erregimena, oro har, prentsa askatasunaren urraketa argi bat dira. El Salvadorko Kazetarien Elkarteak prentsa eskubideen 300 urraketa inguru bildu ditu Bukele agintean dagoenetik. Salbuespen egoeran errazagoa da, poliziek eta militarrek askatasuna baitute nahi dutena atxilotzeko.

Oraingoz kazetaririk atxilotu ez badute ere, kazetari askok ez dute zabaltzen eskuratutako informazioa, beldur baitira. Gainera, gobernuak debekatu egin die funtzionario askori hedabideekin berba egitea. Izugarri mugatzen ari dira kazetarien jarduna.

Elkartzeko eskubidea ere mugatu du. Nola bizi da hori gizarte mugimenduetan?

Bukeleren diskurtsoa zera da: «Ez bazara bandakidea, ez duzu zertan beldur izan». Hark dio badagoela askatasuna biltzeko, baina herrialdean beldurra nabaritzen da, batez ere tatuajeak badituzte. Giza eskubideen alde lan egiten duten elkarteetako kideak, esaterako, preso eraman ditzakete, Bukelek diskurtso bat sortu baitu esaten duena erregimenarekin bat ez datorren oro banden alde dagoela, eta hogei urtera arteko zigorra ezar diezaiekete. Beraz, giza eskubideen alde lanean dabiltzan horiek ez daude seguru, arriskuan daude.

Muturreko egoeretan baino ezin da jarri salbuespen egoera; hala ere, Bukelek eskatuta, parlamentuak ezarri egin du. Kontrol osoa hark daukala erakusten du horrek?

Bai, argi dago. Presidenteak agindua eman bezain pronto onartu zuten lehen hilabetea, eta baita lehen luzapena ere; bigarrena ere onartu diote. Argi dago: estatuaren botere guztien kontrola du. Ez du botere exekutiboa bakarrik; legegilea ere badu, gehiengoa baitu Asanblean, eta judiziala ere bai, epaile mordoa eta fiskala kendu zituelako eta konfiantzako jendea jarri. Hark esaten duen oro egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.