Luz Mary Osorio. Antioquiako Erakunde Indigenako kidea

«Gauak egunak bezala dira; ez duzu atsedenik, ez zara lasai bizi»

Kolonbiatik ihes egin behar izan zuen Luz Mary Osoriok 2019an, eta Euskal Herrian bizi da orain. «Betirako arrastoa» utziko dio bigarren desplazamendu horrek, mehatxu egin baitzioten hil egingo zutela.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Hitzordura nekatuta iritsi da Luz Mary Osorio OIA Antioquiako Erakunde Indigenako kide eta giza eskubideen defendatzailea (Unguia, Kolonbia, 1979). Egun luzea izan du, baina irribarrea ez du galdu. Bizitza gogorra egokitu zaio, eta naturaltasunez bizi du. Behartutako bi lekualdaketa egin behar izan ditu: 2012an lehena, eta 2019an bigarrena. Lehena bere herrialdeko gatazkaren ondorioz izan zen, eta bigarrena, giza eskubideen defentsan egindako lanagatik.

Senu indigena da Osorio, eta Caceres udalerriko (Kolonbia) Puerto Belgica las Palmas babeslekutik etorri da Euskal Herrira. Han, etxean, Ama Lurraren Pedagogiako lizentzia ikasten ari zen Antioquiako Unibertsitatean, eta bere eskualdeko hamar komunitate indigena ere ordezkatzen ditu Egiaren Batzordean. Orain, baina, sei hilabetez egongo da hemen Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak kudeatutako eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programan.

Hiru hilabete daramatzazu Euskal Herrian. Kolonbian baino hobeto zaude hemen?

Bizitzeko modua aldatu dut; lasaiago eta erlaxatuago nago orain. Nahiz eta hasieran pixka bat gogorra izan. Han tentsio betean bizi zara: jazarriko dizuten beldur, zure bila ariko ote diren, edo norbaitek zure sorbalda noiz ukituko duen zain, eta ez da erraza hori aldatzen.

Zergatik egin zenuen ihes?

Nire eskualdetik eta komunitatetik ihes egin behar nuela jakinarazi zidatenean bertatik joan nintzen [Kolonbiako beste leku batera]. Hona etortzean ez dut sentitzen Kolonbiatik ihes egin dudanik; Euskal Herriak eman didan nolabaiteko aterpe baten gisan ikusten dut. Kolonbian nuen egoera hobetzeko aukera moduan. Herrialdean jazarria sentitzen nintzen bizitzen ari garen gatazka armatua dela eta. Fisikoki eta emozionalki ere gaixo nengoen.

Nola egin aurrera arriskuan zaudela jakinda?

Ohera joaten zara eta ez duzu lo hartzen. Gauak egunak bezala dira; ez duzu atsedenik, ez zara lasai bizi. Izan ere, uste duzu aurkitu egingo zaituztela. Edozein erakunderen aurka ahotsa altxatzen baduzu, beldur zara zure bila joango ote diren. Aldi berean, egunero zure bizia arriskuan jartzen duzu. Izan ere, etxetik atera behar duzu, eta sentitzen duzu komunitateari, bertako pertsonei, erakundeei eta indigenei lagundu behar diezula. Mesfidantzaz bizi naiz, jakinda edozein momentutan aurkitzen banaute hil egingo nautela.

Nolakoa zen egun bat han?

Ikasi, komunitate indigenari babesa eman, eta Egiaren Batzordeko bileretara joaten nintzen. Orain, atzera begira, ikusten dut bizitza zaila zela. Denbora gutxi pasatzen nuen etxean, eta orain hemen nagoela familia alde batera utzi nuela sentitzen dut, momentu horretan komunitateari laguntza eman niolako. Hori zen egunero nire egitekoa: eskualdeko komunitate indigenen alde gogor lan egitea.

Gatazkak gogorrago jo ditu komunitate indigenak?

Oso zaurgarriak izan gara. Komunitate indigenen gehiengoak ez du bizitzeko lurrik. Besterik ezean, herrietan bizi dira. Eta horietan, legez kanpoko talde armatuak daude, eta, modu batera edo bestera, indigenen ohiturak eta bizitzeko moduak oztopatzen dituzte. Egoera zailagoa da eskualde batean bizi garen indigenen kasuan. Inork ez du baimenik han sartzeko; ez legezko ezta legez kanpoko taldeek ere. Egoera hori baliatuz, legez kanpoko taldeek eskualde horietan sartu eta beren burua babestu nahi dute badakitelako gobernuko taldeek ezin dutela hor sartu. Eta horrek indigenei eragiten die.

Zertan egiten diete kalte legez kanpoko taldeek indigenei?

Komunitate indigenari kalte egiten diote gazteen derrigorrezko errekrutatzeek eta umeek legez kanpoko taldeak eredutzat jotzeak. Izan ere, talde horiek indigenei eskatzen diete gerran kolaboratzeko, eta ez dira konturatzen haiei kalte egiten dietela. Alde horretatik, indigenok, gure bizitza salbatzearren, talde horiei laguntzera derrigortuta gaude, eta gehiengoa isilik geratzen da horren aurrean. Gainera, kolaborazio hori Poliziari salatzen badiozu ez dakizu gerora zer gertatuko zaizun, arriskuan jartzen duzulako zeure burua. Beldur horrengatik, jendeak ez du salaketarik jartzen.

Zer sentitzen duzu leku batetik bestera alde egin behar duzunean nahitaez?

Ezintasuna, tristura eta atsekabea sentitzen duzu. Begiak kliskatzearekin galdu egiten duzu urtetan lortu duzuna. Lehen desplazamendua errazagoa izan zen borroka batengatik izan zelako, eta hori bukatzean bueltatu nintzelako. Baina bigarrenak betirako arrastoa utziko dit. Lekualdaketa honetan eskualdetik ihes egin behar izan nuen soilik 80.000 peso kolonbiar [ia hogei euro] nituela poltsikoan. Umeak eta aita bakarrik utzi behar izan nituen, eta gogorra izan zen ihes egitea motxila soil batekin, nora joan jakin gabe, eta bidean aurkituko ninduten beldurrez. Horren ondotik, gogorra izan zen komunitatetik aldentzea eskualdera bueltatuko nintzen esperantzarik gabe. Ezin nuen bertako inorekin hitz egin. Haiei zerbait egingo zieten beldur nintzen.

Ni hiltzeko agindua eman zutenean, beste pertsona baten bitartez izan nuen horren berri, eta momentu horretan zeure buruari galdetzen diozu ea zergatik hilko zaituzten. Hori jakinda, gobernuak erabakitzen du lekualdatu behar ote duzun edo ez. Gerora, desplazatu ondotik, bilera batzuetara joan behar nuen, eta eskualde horretatik pasatu behar nuen. Une horretan gorputza gogortu egin zitzaidan, eta dardarka hasi. Hiru urte pasatu dira, eta oraindik ere horretaz mintzatzean beldurra sentitzen dut.

Azken lekualdaketa izango den esperantza duzu?

Presidente berriarekin [Gustavo Petro] espero dugu harmonia lortzea eskualdeen artean, eta bake elkarrizketa bat osatzea. Petro ELN Nazioa Askatzeko Armada taldearekin hitz egiten ari da. Egoera horietan okerrena da talde horiek armak uzteko elkarrizketa prozesuak hasten direnean beste talde armatu batzuk sortzen direla. Eta hori iraultzeko, legearen kontrako meatzaritza eta narkotrafikoa amaitu behar da.

Bestalde, komunitate indigenen arteko akordio bat erdietsi dugu Gustavo Petrorekin: landa eremuan lanpostu gehiago sortzea. Horrela, jendeak denbora gutxiago edukiko du kalean egoteko, eta gehiago lanerako. Aldi berean, ez dute astirik izango gauza txarretan pentsatzeko, eta egoera ekonomikoak ez ditu behartuko talde armatu bateko kide izatera.

Eta bueltatzean, zer?

Kolonbiara bueltatuko naiz komunitate indigenekin lan egiten jarraitzeko, baina distantziatik. Ziurrenik ez dugu gatazka konponduko, baina jendeari erakutsiko diogu nork bere burua babesten. Askotan besteak zaintzen jartzen ditugu indarrak, eta ez diogu jaramonik egiten geure buruari. Egoera larria da eskualdean; jendea hiltzen eta desagertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.