AEBek aire eraso bat egin dute Somalian, Al-Shabab taldearen aurka

Erredakzioa -

2014ko irailak 3
AEBek zuzenean esku hartu dute Somalian, Al-Shabab milizia islamistaren aurka aire eraso bat eginda, herenegun. John Kirby Defentsa Departamentuko bozeramaileak erasoa egin zutela berretsi zuen atzo, baina ez zuen argibide askorik eman. CNNk zerbitzu sekretuetako iturriak aipatuta argitaratu zuen erasoaren helburua Ahmed Abdi Godane miliziako burua zela, eta Etxe Zuriak oraindik ezin izan zuela baieztatu buruzagi islamista hilda edo bizirik dagoen. Al-Shababek iaz Nairobiko merkataritza gune bati eraso zionetik —67 lagun hil zituen—, AEBek hainbat bonbardaketa egin ditu Somalian, eta lurrez erasotzeko saialdi bat ere egin zuen iazko urrian.

Nairobin, hain zuzen, Afrikako hainbat estatuburu eta gobernuburu elkartu dira Afrikako Batasunak segurtasunaren inguruan egindako bilkura batean. Al-Shabab, Nigeriako Boko Haram talde islamista eta ideologia bertsukoek Sahelen egindako erasoak izan dituzte mintzagai nagusiak, Idriss Deby Txadeko presidentearen arabera. Somaliako tropek eta Afrikako Batasuneko misiokoek Al-Shababen aurka erasoaldi bat hasi zuten iragan astean, hegoaldeko portuak hartzeko xedez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna