Ekialde Hurbila. Palestina

Gerraren osteko miseriatik ihesi

Lanik eta esperantzarik gabe, milaka gazte palestinarrek Gazatik Egiptora alde egin dute Rafaheko tuneletatik. Poliziak atxikiko dituzten beldur, ezkutuan bizi dira; Europara iristea da guztien helburua.

Ane Irazabal, Berriemaile berezia -

2014ko urriak 31
Yasser ezin da etxetik atera. Alexandriara iritsi zenetik, Egiptoko kostaldeko hirian malekoiko apartamentu batean dago ezkutaturik, eta han jarraitu beharko du abisu berri bat jaso arte. «Trafikatzaileen aginduei kasu egin behar diegu. Egiptoarrek ezin gaituzte ikusi, eta, beraz, ezinezkoa zaigu kalera irtetea».

Hilabete bat darama Yasserek Alexandrian. Urrian Gazatik alde egin zuen, beste hainbat lagunekin, Rafaheko mugan irekita jarraitzen duten tuneletako batetik. Edo irekita jarraitzen zutenetatik; aste honetan bertan, 500 metroko segurtasun eremu bat sortzeko herritarrak kanporatu eta etxe guztiak suntsitzen hasi baita Egiptoko armada.

Gazatik Egiptora alde egindakoak mutil gazteak dira denak, Israelen bonbetatik bizirik ateratakoak, baina erasoaldiaren ondorioz esperantza eta ilusioa galdu dutenak. «Gazak ez du etorkizunik. Ez dago lanik. Ez daukat ezkontzeko dirurik. Amesgaizto bat da egunerokoa», salatu du gazteak. Datuek arrazoia ematen diote. Gazako langabezia tasa %45eraino iritsi da, eta pobrezia tasak %60 gainditu du.

Hala, hainbeste desiratutako etorkizun hori Europak islatzen du Yasserrentzat. Eta ez du beldurrik bizitza berriz ere arriskatzeko eta ontzi batean Mediterraneoa zeharkatzeko. «Israelen erasoaldi militarra hasi zenean, Egiptoko hainbat trafikatzailek esan ziguten gure ihesaldia antolatuko zutela. 2.000 euroren truke Gazatik Italiarako ibilaldia lotu digute», azaldu du Adham izeneko beste errefuxiatu batek.

Gazatik alde egindako gazte gehienek etxean utzi dute familia. Yasserren ustez, gazatar gehienek ez dute ihes egin nahi, miseria gorrian bizi diren arren: «Batzuk etorkizun hobeago baten bila joan gara. Beste asko etxean geratu dira gure herriaren alde borrokatzeko. Gehienek, ordea, amore eman dute».

Izan ere, iragan udako erasoaldiak biziki okertu du Gazako egoera larria. Israelen bonbardaketek 2.500 palestinar hil zituzten, eta 11.000 baino gehiago zauritu. Erasoaldiaren amaierak, ordea, ez du ekarri Israelen blokeoaren amaiera. Gazatarrek itota daudela salatzen dute. «Tel Avivek eta Hamasek hitz egiten jarraitzen duten bitartean, mugak itxita daude, berreraikitzeko material gehienak ez dira sartu, mugako auzo guztiak suntsituta daude, fabrika gehienak itxi egin dituzte eta 100.000 herritar baino gehiago etxerik gabe geratu dira», adierazi du Akram Satarri izeneko enpresariak.

Gaza berreraikitzeko nazioarteko diru-emaileen Kairoko konferentziak ere ez du hobetu 1,8 milioi gazatarren gogo aldartea. Diru-emaileek 4.000 milioi euro hitzeman dizkiote PAN Palestinako Aginte Nazionalari, eta horren erdia Gaza berregiten erabiliko du gobernuak.

«Italiara iristea»

Yasserrek eta haren lagunek Israelen erasoaldia amaitu arte itxaron zuten Gazatik ihes egiteko, baina Egipto zeharkatzeko bidaia ez da batere erraza izan. Rafaheko muga ezkutuan zeharkatzeko baliatu zituzten tunelak estuak eta arriskutsuak dira. Pasabide sofistikatuenak iragan udako erasoaldian suntsitu zituzten Israelgo eta Egiptoko armadek. «Badakigu tunelak erabiltzea legez kanpokoa dela, baina ez dugu beste irtenbiderik. Muga ofiziala zeharkatzeko beharrezkoa da beste naziotasun bat izatea. Gainera, Rafaheko pasabide ofiziala zeharkatzen dutenek 3.500 dolar ordaindu behar dituzte. Gure aukera merkeagoa da», nabarmendu dute errefuxiatu gazteek.

Gazatik Egiptora zeharkatu ondotik, autobus batean sartu eta Ismailia hirira eraman zituzten trafikatzaileek. «Ez zen zaila izan Egiptoko armadaren kontrolguneak pasatzea. Kontrabandistek militarren isiltasuna erosten dute», azaldu du Yasserrek. Alta, Alexandriara heldu ostean blokeatuta sentitzen dira errefuxiatuak. «Hurrengo urratsa da ontzi batean sartu eta Maltara edo Italiara iristea, baina ez dakigu noiz emango diguten abisua. Poliziak biziki kontrolatzen ditu kostak», nabarmendu du.

Ezbeharrez ezbehar

Aurten, 3.000 pertsona baino gehiago ito ditu Mediterraneoak, IOM Migraziorako Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera. Iaz baino lau aldiz gehiago. Ontzi gehienak Libiako kostetatik ateratzen dira, baina Egiptoko Damietta hiria ere trafikatzaileen paradisu berria bilakatu da azkenaldian. Ezbeharrik handiena iragan irailean gertatu zen. Maltako kostaldetik gertu ontzi bat irauli eta ehunka errefuxiatu hil zirenean. Ontziaren barruan 450 pertsona zeuden, gehienak palestinarrak, egiptoarrak, siriarrak eta sudandarrak. PANek Grezian daukan enbaxadaren arabera, trafikatzaile batzuek gidaturiko beste ontzi bat oldartu zitzaien.

Hain zuzen, Palestinako giza eskubideen aldeko erakundeek uste dute biktima horien artean daudela Gazan «desagertutzat» jo dituzten laurehun bat gazte. Nour Harach kazetari palestinarraren iritziz, Gazan ia denek elkar ezagutzen dute, eta egun batetik bestera gazte asko desagertu egin dira: «Argi dago hemen ez daudela; beraz, Egiptora alde egin dute. Baina familia gehienek ez dute haien berririk». Harachen ustean, itsasoan izandako ezbeharren ostean gazte askok iritzia aldatu dute. Yasserrek, ordea, itsasoari begira jarraitzen du Alexandrian, bere txanda noiz iritsiko den zain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna