Rock Haocas. USTKEko idazkari konfederala

«Independentzia erreferenduma jada galdua dago»

Kaledonia Berriko sindikatuaren ordezkariaren iritziz, azaroaren 4ko galdeketaren errolda «iruzur elektorala» da, eta, ondorioz, ez parte hartzea erabaki dute, «ez duelako zerikusirik» haiekin.

ander perez zala
Hendaia
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Matignongo Akordioak sinatu eta 30 urtera, independentzia erreferendum bat egitear dira Ozeaniako Kaledonia Berrian. Deskolonizazio prozesuko ekitaldirik garrantzitsuenak, ordea, zeresan handia eman du, indigena anitz erroldatik kanpo utzi baitituzte. Horren ondorioz, USTKE Langile Kanaken eta Zapalduen Batasun Sindikalak ez parte hartzera deitu du. Rock Haocas sindikatuko idazkari konfederala Euskal Herrian izan da asteon, LAB sindikatuak gonbidatuta.

USTKE eragile garrantzitsua da. Zer girotan sortu zen?

USTKE 1981ean sortu zen. 68ko Maiatza ezagutu zuten kanakek erabaki zuten mugimendu nazionala bideratzea independentziarantz; beste sindikatu batzuetan zeuden militante batzuek sortu zuten USTKE, konturatu baitziren sindikatu horien aldarrikapenek ez zutela kontuan hartzen Kanakyren [Kaledonia Berriaren] errealitate soziala: kanakek zailtasunak zituztela lana lortzeko. Segidan, izenean jarri zuten zapalduen hitza. Zergatik? Kanakak esplotatzen dituen sistema delako langile guztiak esplotatzen dituen sistema.

Ezagunak zarete politikan engaiatuak izateagatik.

Beharrezkoa da. Askapen soziala askapen nazionalaren bidez lortzea da helburua; gure artean ez daude kanakak soilik.

Gizartea berriz orekatzea da akordioen helburua, baina 30 urteotan ez duzue lortu desberdintasunei aurre egitea. Akordioek huts egin dute?

Bai. Ordezkariek martxan jarritako neurri publikoek huts egin dute, boterean dagoen eskuinarenek. Ez dugu lortu gure aldarrikapenak behar bezala defendatzea erakundeetan. Orain erakundeetan gaude, baina mugak ditugu. Adibide bat aipatuko dut: Noumeako Akordioak aurreikusten du estatuaren eskumenak eskualdatzea; hori gertatzean, guri dagokigu horiek kudeatzea. Ordea, eskumenak eskualdatzean, hango jendea ere ekarri dute eskumen horiek kudeatzeko.

Aldaketarik ez, beraz.

Hori da. Are gehiago desorekatzen dute errealitatea. Eta, nahi badute, beste sektoreetan ere egin dezakete lan, kanakek baino askoz errazago. Horren atzean dagoena da urtero gero eta gehiago iristen direla Frantziatik, eta desoreka sakondu egingo dela. Beraz, hori kanakak hezteko eta ardura postuetan izateko akordioaren helburuaren aurka doa. Immigrazio koloniala da, nahita sustatua. Pentsa, iragan urtean izan genuen lehenengoz abokatu kanak bat. Ez dugu epaile kanakik, eta mediku kanakak bost dira. Orekatik urrun gaude.

Beraz, zaila izaten da lanpostu bat lortzea kanakentzat.

Nire kasuan, ingeniari diploma lortu nuen Caenen [Frantzian]. Hori lortzean, etxera itzuli nintzen. Inork ez zidan lan eskariei erantzun. Frantziara itzultzea erabaki nuen, eta han bost urtez egin nuen lan France Ô telebista katean. Kanakyn antena bat duenez, etxera itzuli nintzen hor lan egiteko, baina lanpostu hori ukatu zidaten. Greba egin nuenUSTKErekin, baina kaleratu egin ninduten. Berriz itzuli nintzen Frantziara, 2006an, eta, sei urteren ostean, berriz itzuli nintzen Kanakyra. Urtebetez ez nuen lanik izan, eta USTKE eta Alderdi Langileari esker dut lana egun, guk sorturiko alderdiari esker.

Enpresen jabeen artean ba al da kanakik?

Jabe kanak bakarra dago herrialdean; besteak frantsesak dira.

Esana duzue irtenbide iraunkorra independentzia dela, baina galdeketan ez parte hartzea erabaki duzue. Zergatik?

Batetik, hautesle errolda ez da egiazkoa, kanak herria gutxietsi baitute; 15.000 eta 20.000 kanak artean falta dira. Autodeterminazio erreferendum batez ari gara, eta herri kolonizatuak bozkatu beharko luke, herri kanakak, autodeterminazio galdeketa batek herri kolonizatutik hasi behar baitu. Erroldan, ordea, etorri direnak ere sartu dituzte; errolda iruzur elektorala da.

Ez parte hartzea diozue; abstenitzea, beraz.

Abstentzio gisa ikusiko da, baina ez joatea da xedea. Bai, emaitza bera da, baina nahiago dugu ez partea hartzea esan, galdeketak ez duelako zerikusirik gurekin. Errolda faltsua da. Abstentzioa da galderarekin ados ez egotea, baina guk ez dugu galdeketa aitortzen.

Galdeketa jada galdua dago?

Bai. Ezezkoak irabaziko du, eta bozkatzera joateak ezezkoaren sektoreari egingo dio mesede. Kanakak bozkatzera joaten bagara, ezezkoa justifikatuko dugu.

Beste bi galdeketa egiteko aukera duzue. Erroldaz gain, zer aldatu beharko duzue irabazteko?

Kontrakoen iritzia aldatzen saia gaitezke, baina zaila da. Kanpainak egin ditzakegu, baina gure etxean errealitateak daude: kanak gehienak independentistak dira, eta kanakak ez diren gehienak, independentziaren kontrakoak. Jarrerak oso finkatuta daude, eta, Kanakyn, biztanleak ez dira nahasten: kanakak alde batean, frantziarrak bestean...

Hor dago gakoa.

Bai, gure jarrera besteei azaltzea. Independenteak bagara, nahi ez dutenekin ere izango da; konbentzitzea hitz indartsuegia da, nahiago dut azaltzea hitza erabili. Lehen baino gehiago komunikatzen gara, gutxienez; irabaziko bagenu, ez genuke kanporatuko independentista ez den kanaka, gure artean badirelako ezezkoaren aldekoak ere. Eta berdin gertatuko da egiazko errolda batekin: irabazten badugu, denak herrialde berean geratuko gara.

Nikela eta sektore publikoa dituzue oinarri. Ez al zarete menpekoegiak bilakatzen ari? Arazo bat izan daiteke independente bilakatuz gero.

Urtero 1.200 milioi euro jasotzen ditugu estatuarengandik, eta horietatik mila milioi estatuaren zerbitzuek erabiltzen dituzte. Beraz, gure gobernuak 200 milioi inguru erabiltzen ditu. Herrialdea, finantza aldetik, nahiko independentea da, zergen bidez eta nikela esportatzen duten enpresen bidez. Horrekin, gutxi gorabehera gure beharren bi herenak asetzen ditugu. Independente izaten garenean, heren hori lortzea faltako zaigu, baina, egun, sistema ekonomiko frantses batean gaude, eta horren arabera funtzionatzen dugu. Independenteak izatean, beste sistema bat izango dugu, etaaukera bat izan daiteke aberastasuna hobeto banatzeko. Behar adina baliabide ditugu aberastasuna sortzeko, nikela oinarri izanda. Hiru fabrika ditugu, baina bik ekoizten dutena zorra ordaintzera bideratzen dugu.

Herrialde garrantzitsuak dituzue inguruan. Balizko aliatuak izan litezke?

Bai. Zergatik ez landu armadaren gaia Australiarekin, adibidez? Guk herrialdearen beharren arabera egiten dugu lan, eta horren arabera negoziatuko ditugu harremanak. Orain, baditugu harremanak haiekin; badugu fabrika bat Txinan, eta beste bat Hego Korean. Vanuatun, adibidez, gure iparraldean dagoen herrialdean, badira txinatar anitz, japoniarrak, eta inbertsioak egiten dituzte. Frantziarekin ditugun harremanei ere eutsiko genieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.