Juan Carlos Monedero. Politologoa

«Podemosen lidergo berria horizontala eta femeninoa izango da»

Eskuin muturrari aurre egiteko diskurtso alternatibo bat eratzea izan behar da ezkerraren helburua, Monederoren ustez, eta horretarako formula, alderdi mugimenduak eratzea eta kaleak berreskuratzea.

J. DANAE / @FOKU.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Juan Carlos Monederok (Madril, 1963) utzia du politikaren lehen lerroa, baina ez da Podemosetik aldendu, eta hari lotutako Maiatzak 25 Institutuko zuzendaria da egun. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak «bere marfilezko dorrean bizi ez den politologotzat» du bere burua: «Beti izan dut hanka bat akademian eta bestea eraldaketa sozialean». Espainiako egoera politikoaz, Podemosen jardunaz eta Kataluniaz hitz egin du BERRIArekin.

Espainian bi bloke politiko handi nabarmentzen dira. Nola definituko zenuke egungo egoera?

Herrialdearen aldaketa sakon bat martxan dagoela uste dut. Estatu zuzendaritza bloke berri bat eratzeak botereen erreakzio bat eragin du. Norantz aterako da hori guztia? Lehia horretan gaude, eta edozein norabidetan atera daiteke. Herritarrek baldintzatuko dute. Pandemiaren ostean, jendeak nahi zuena egin ahal izateko baimena nahi zuen, eta horrek garaipenera eraman zuen [Madrilgo Erkidegoko presidente Isabel Diaz] Ayuso. Horrek, baina, hanka oso motzak ditu. Bi urte daude politika sozialak egin eta eskuin muturrari hegoak moztuko dizkion diskurtso bat eratzeko.

Eskuinaren zati batek diskurtso populista baten alde egin du, eta badirudi asmatu duela.

Krisi ekonomiko bat dagoen bakoitzean, kapitalismoaren eskasiak agerian geratzen dira. Irabaziak mantentzeko beharrezkoa du jende kopuru bat sakrifikatzea, eta horrek haserre sozial bat eragiten du. Beti ditu espresioak ezkerrean, eta, erreakzio gisa, eliteek protesta bat artikulatzen dute eskuinetik.

Eskuin muturraren diskurtsoak egiatik eta gezurretik du. Egia da nahigabe sozial baten ondorioz artikulatzen dela. Eskuin muturraren eskaintza ez da ezkutuko agenda, ikusgai dagoena baizik. Horregatik da arriskutsua. Loturen berreskurapen bat agintzen du: familia integrista eta patriarkala; nazio baztertzaile eta identitarioa, zigortzailea eta mendekaria. Hori guztia —Gu bat— eraikitzeko moduak oinarrizko agenda bat ezkutatzen du: statu quo-a eta pribilegioak mantentzea.

Uler dezakegu [Madrilgo] Salamanca auzoan Ayusoren alde bozkatzea, baina zailagoa egiten zaigu langile auzoetan ere haren alde egitea. Horren arrazoia da dena agindu zietenen baina halakorik jaso ez dutenen frustrazioa erakartzen dutela. Errelatoa eraikitzeko gaitasuna dute.

Horri aurre egiteko planteamendurik ba al dago ezkerrean?

Lotura horien bihurketa alternatibo bat eskaini behar du ezkerrak: familiaren irudi ez patriarkal bat, elkartasuna oinarri duen nazio kontzeptu bat, jabetza termino sozialetan birpentsatzea, zaintzen duen Gu bat sortzea...

Ziurtzat dut, baina, eraldaketak estatu aparatuekin egin behar direla; hau da, beharrezkoa dela instituzioak okupatzea. Horrek kaleetatik urruntzen gaitu. Bateraezinak dira, estatuak joera handiagoa baitu eliteen eskaerak asetzeko. Horregatik, kontziente gara estatu aparatua eraldatzeko modu bakarra herriak presioa egitea dela.

Ezkerraren jokoa alderdi mugimenduak sortzea izan behar da. Hau da, hanka bat instituzioetan izateko gaitasuna izatea, baina bestea kaleetan dagoela, artikulatuta, benetan instantzia antolatuak egotea alderdien barruan, hura mugimenduaren aldera eramango dutenak. Bestela, estatu aparatuak jan egiten zaitu.

Erkidegoetako bozetako emaitzek eta inkestek ez dute Unidas Podemos leku onean uzten. Beheranzko joeran dago?

Beste esperientzia batzuei begiratuz gero, ikusiko dugu ibilbideak ez direla linealak; sigi-saga gorakor baten modukoak dira. Podemosek porrot txiki bat behar zuen bide egokia aurkitzeko. Podemos ezustean iritsi zen, baina zazpi urte igaro dira, eta sistemak erreakzionatu egin du: dozenaka salaketa, hedabideen erasoak...

Horrez gain, bat-batean sartzeko faktore izan ohi da lidergo indartsu bat; era berean, baina, tranpa bilakatzen da. Lidergo indartsu bat izan gabe oso zaila da hauteskundeetan arrakasta izatea, baina horrek goia jotzen duenean aurrera egitea ere zaila da. [Podemoseko buru ohi Pablo] Iglesiasek ondorioztatu zuen goia jo zuela, eta martxa egin du. Baina Podemos gobernuan laga du, eta finkatuta utzi zuen militanteek berretsi zuten lidergo berria; baita Yolanda Diazen hautagaitza posiblea ere. Beraz, uste dut Iglesiasen agurrak adierazten duen porrotak alderdi mugimendu hori berregituratzeko aukera ematen duela Podemosen helburua lortzera bidean: PSOE gainditzea.

Nola bizi izan zen Iglesiasen agurra alderdiaren barruan?

Hasieran, zure komandantea tiroz bota balute bezala. Ez da Pablo Iglesias bezain gaizki tratatu den politikaririk egon, politika soilik hartzen badugu kontuan. Beste kasu batzuetan, beste faktore batzuk ere egon dira tartean. Zazpi urtetako erasoek eragin egiten dute. Halere, irteera adimentsu bat topatu zuen. Iglesiasen lidergoa bertikala eta maskulinoa bazen, lidergo berria horizontalagoa eta femeninoa izango da. Alderdiak indar handiagoa izango duen lidergo bat hasiko da.

Ione Belarra alderdiko buru gisa, eta Yolanda Diaz hautagai posible gisa. Euskal Herrian ohikoagoak dira bi buruko lidergoak, baina estatuan ez dira asko ikusi.

Ezberdintasuna da euskal gizartea oso komunitarista dela. Agintzen duena alderdia izatearen eta instituzioek hari men egitearen ideia posible da euskal gizartean errotutako komunitarismo horren ondorioz. Espainian, baina, zailagoa da, hori baimentzen duten instantzia sozialek ez dutelako berdin funtzionatzen.

Nire ustez, jarraitu beharreko eredua EAJrena da. Uste dut kide anitzeko organoek abantaila dutela pertsona bakarreko organoen aurrean. Zuk pertsona baten aldeko botoa ematen duzunean, zer-nolako ardurak eskatu behar dizkiozu? Alderdi bat dagoenean, berriz, memoria bat dago, estatutu bat, bitartekaritza organoak, programa bat...

Eta zer eman dezake lidergo mota berri horrek?

Podemos begi onez begiratzeko arrazoietako bat zuzendaritza berriaren izaera femeninoa da. Eskuin muturrak feminismoari eginiko eraso amorratu horiek zerikusi handia dute feminismoak haiek planteatzen dutenarekiko alternatiba progresista bat aurkeztearekin. Zuzendaritza feminista bat izateak esperantza ematen digu.

Espainiako Gobernuak begi aurrean duen arazo nagusia Kataluniako gatazka politikoa da. Asko hitz egin da Iglesiasek egungo egoerara iristeko jokatu zuen rolaz. Zenbaterainoko parte hartzea izan zuen?

Iglesiasi eta [Comukoen koordinatzaile nagusi ohi] Xavier Domenechi izan zuten adorea aitortu behar zaie. 2017an, Zaragozan bilera bat antolatu zuten. Indar nazionalistekin izan ginen han. Hura gabe ez zatekeen zentsura moziorik egingo, ezta estatua zuzentzeko bloke berria eratuko ere. Haren oinarria gure demokrazia eraldatzeko konpromisoa da, eta Konstituzioak lurralde markoaren inguruan dituen eskasiak ulertzeko modu bat.

Estatua zuzentzeko gehiengo berri horretarako, oso garrantzitsua zen konfiantza eskuratzea. Hori Iglesiasek lortu zuen. EAJk, ERCk eta EH Bilduk konfiantza zuten Iglesiasen hitzetan, eta horrek bide eman zuen hainbat erabaki hartzeko. Oraindik asko dago egiteko, lurralde marko berri bat eratzea zaila baita. Elkarrizketa asko behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.