Borrokarako tropek Irak uztea onartu du Bidenek, AEBetako iturrien arabera

Etxe Zuriak urte amaierarako aterako ditu soldaduak, eta bestelakoekin ordezkatuko, 'The Wall Street Journal' eta 'Politico' hedabideek diotenez

AEBetako tropen kanporatzea eskatzeko protesta xiita bat, Bagdaden, 2019an. MED JALIL / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Irakeko eta AEBetako goi funtzionarioak komunikatu bateratu bat prestatzen ari dira, AEBek Iraken dituzten borrokarako tropen erretiratzea iragartzeko. Hala jakinarazi zuten atzo The Wall Street Journal eta Politico hedabideek, AEBetako bi funtzionario eta beste bi pertsona iturri gisa aipatuta. Zabaldu zuten informazioaren arabera, Etxe Zuriak urte amaierarako erretiratuko ditu tropa horiek, eta Iraken egiten ari den «misio militarra» aldatu egingo du. «Aholkulari» izango da aurrerantzean.

Bi hedabideek iragarri dutenez, datorren astelehenean emango da aldaketaren berri, Mustafa al-Kadhimi Irakeko lehen ministroa Joe Biden AEBetako presidentearekin Washingtonen bildu ondoren. Bi herrialdeetako ordezkariak Pentagonoan bildu dira egunotan, haien arabera.

«Misio» berriak aurreikusten du AEBetako armadako hainbat kide herrialdean gelditzea —ez dute zehaztu noiz arte—, eta horiek aholkularitza eta babes logistikoa ematea Bagdadi EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan; baita aireko babesean, zerbitzu sekretuetan eta zaintzan ere. Zabaldutako informazioaren arabera, baliteke AEBek Iraken duten soldadu kopurua askorik ez aldatzea —2.500 inguru ditu egun—, eta, aldiz, borrokarako soldaduak bestelakoekin ordezkatzea, ezarritako helburuetarako ezaugarri egokiagoak dituztenekin.

Zabaldutako informazioaren inguruko aurrerapen moduko bat egina zuen, lehenago, Irakeko lehen ministroak, The Washington Post egunkariari emandako elkarrizketa batean: «Irakiarrak prest daude zutik jartzeko eta babesteko. Jada ez ditugu behar borrokarako tropa estatubatuarrak». Hala ere, beste era bateko babesa beharko dutela aitortu zuen: «Zerbitzu sekretuak, gaitasunen garapena eta aholkularitza».

John Kirby Pentagonoko bozeramaileak, berriz, Irakeko goi kargudunekin bilerak egiten ari direla aitortu zion Politico-ri. Kirbyren esanetan, elkarrizketa horiek erakusten dute Bidenen administrazioak «Ekialde Hurbileko euste puntu moduan» ikusten duela Irak.

Politico-k dio Kadhimik geroz eta presio handiagoa duela bere gobernu barruan; «fakzio xiitenaren» aldetik, batez ere.AEBetako tropa guztiak erretiratzearen aldekoak lirateke horiek, agerkariaren arabera, eta atzo iragarritako akordioaren bidez presio hori txikitzea nahi du Kadhimik.

2003an Irak inbaditu eta gero, Washingtonek ia tropa guztiak erretiratu zituen 2011rako. Barack Obama presidente ohiak berriz ere esku hartzea erabaki zuen, ordea, eta tropak berriz ere bidaltzea, EIren aurkako borrokaren aitzakian. EI 2017an garaitu arren, nazioarteko soldaduak han daude oraindik, lehen baino gutxiago badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.